Kritika. Literatura

Eta altxorra bilatzea zen

Arantxa Urretabizkaia
Irati Majuelo.
2025eko azaroaren 9a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ZAHARTZAROAREN MAPAREN BILA'

Idazlea: Arantxa Urretabizkaia. Argitaletxea: Pamiela.

Zahartzaroaren maparen bila abiatu da Arantxa Urretabizkaia Pamiela argitaletxearekin plazaratu duen saiakeran. Ez da gai berria idazlearentzat, badira urte batzuk zahartzaroaren inguruan hausnarrean ibili dela eta bere azken eleberrian eman zuen gogoeta horien lagin bat, bizitzaren akaberarako etxea topatu duen protagonistaren eskutik. Honako honetan, baina, helduaroaren osteko lur ezezagun horretan sartu da bete-betean, esan gabe daudenak deszifratu eta esaten direnak zalantzan jartzeko.

Terra incognita modura aurkezten du hasiera batean zahartzaroa Urretabizkaiak. Hau da, ezer gutxi dakigula, ezer gutxi idatzi eta pentsatzen dela heldutu ondorengo garaiaz, zahartzeko aldiaz, nahiz eta ezinbestean gizakion ehuneko handi batek (gero eta kopuru handiago batek, gainera) bizi duen edo biziko duen esperientzia izan. Orokorkeria eta ideia errepikakorrez harago, interes urria dagoela salatzen du, egiaz, zahartzaroaren tolesetan barneratzeko.

Hori da, hain zuzen ere, idazlea saiakera honetan egiten ahalegintzen dena. Urretabizkaiaren lur ezezagunen metaforaz gain, zahartzaroa ulertu izan da pertsonari une batetik aurrera heltzen zaion harri pisutsu gisara: inposatzen zaio karga bat, gorputzaren nekearena, gizartearen isolamenduarena, berriz ume bilakatzearena. Xehetasunik gabeko zahartzaroaren irudiak sortzen dira hala: zaharra egon behar da geldi, deskantsatu, eta iraganean bizitakoez bizi aurrerantzean. Edo zaharra izan behar da aktibo, zahartzaroak harrapatu ez dezan, denbora ahalik eta gehien bete eta ingurukoak zaintzen segitu.

Estereotipo horiei uko egiten die Urretabizkaiak, eta harri landugabea zizelkatzen du, horren garai zabal eta konplexuari ertzak marraztu nahian. Aurreiritziak desegiten ditu azalpen argi eta galdera zilegiekin, geruzak eransten dizkie uste orokortuei erreferentziazko lagun izan dituen idazle eta zientzialarien testuekin. Testu argigarria eta arina osatu du horrela, ez horregatik sakontasun gutxikoa.

Ondorioz, zahartzaroaren alderdi oro landu ez duen arren, begirada inspiratzailea osatzen du gaiaren inguruan eta bestelako zahartzaroak irudikatzeko bideak irekitzen ditu. Ez da, hala ere, etorkizuneko aukera posibleez ari, bere belaunaldiaren erradiografiaren bidez, zahartzaroaz ditugun iruditeriak desmuntatzen baititu, agerian utziz bestelako zahartzaro horiek existitzen direla jada, jakin-minari, borrokari eta duintasunari lotuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.