Eternauta, Argentinako desagertuak eta heroi kolektiboa

Netflixeko 'El Eternauta' telesailaren arrakastak Hector Oesterheld zenaren komikia du oinarri, eta berriro piztu du diktaduraren biktimei buruzko eztabaida politikoa. Asko ugaritu dira biloba lapurtuen bila dabiltzanak.

'El Eternauta' komikian oinarritutako telesailaren kartela, giza eskubideen aldeko ekintzaileen esku hartzeekin, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORON / EFE
'El Eternauta' komikian oinarritutako telesailaren kartela, giza eskubideen aldeko ekintzaileen esku hartzeekin, Buenos Airesen. JUAN IGNACIO RONCORON / EFE
Cecilia Valdez
2025eko ekainaren 15a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Apirilaren 30ean Netflixek munduko hainbat herrialdetan estreinatuz geroztik, arrakasta handia izan du Argentinako El Eternauta zientzia fikziozko lanak (1957). Hector German Oesterheld gidoilariak —diktaduran desagerrarazi zuten, lau alabekin batera— eta Francisco Solano Lopez marrazkilariak sortu zuten komikia, eta, hura oinarri hartuta, Bruno Stagnarok zuzendu du orain telesaila, eta Ricardo Darinek bete du protagonistaren rola. Istorioan, estralurtarrek Buenos Aires inbaditu dute, eta hiria harrapatuta dago elur toxiko baten azpian. 

Argentinako eta Latinoamerika guztiko komikirik enblematikoenetako bat da El Eternauta. Pertsonaia nagusiak, Juan Salvok (Ricardo Darin), nolabait moldatu beharko du, familiarekin eta lagunekin, elurte hilgarri batetik bizirik ateratzeko, eta halaxe sortuko da Oesterheldek berak «heroi kolektiboa» deitu zuen hori.  

1957an, Hora Cero Semanal aldizkaria saga argitaratzen hasi zenean, berehalaxe izan zuen arrakasta: asteazkenero, ehunka lagun pilatzen ziren ilaretan, argitalpena erosi eta istorioa irakurtzen segitzeko, hiru orriko entrega haietan. Honela aurkezten zuten lana: «Etorkizunetik itzulitako gizonaren istorioa da. Dena ikusita dauka: gure belaunaldiaren heriotza, planetaren akabua». Trama guztiz bat zetorren garai hartako giroarekin eta Argentinako egoera politikoarekin. 

Netflixek eta K&S Films-ek ekoitzi dute telesaila, eta, nahiz eta Argentinako ikus-entzunezkoen sektorea dirurik gabe dagoen Javier Mileiren murrizketak direla kausa, produkzioa ez da nolanahikoa izan: 148 egunez aritu dira grabatzen, eta 150 laguneko lantalde bat behar izan dute; 2.900 lagun aritu dira aktore eta estra lanetan; egiazko 50 kokaleku erabili dituzte, eta 30 kokaleku birtual. 

«Estralurtarren inbasioaren eta egoera apokaliptikoaren gainetik, funtsean maitasun eta adiskidetasun istorio bat da El Eternauta. Azken batean, afektuzko harreman sakonek ematen diete pertsonaiei bizirik segitzeko bidea», adierazi zuen Stagnarok orain dela egun batzuk, Buenos Airesko Liburuaren Azokako solasaldi batean. 

Stagnarok tonu berezia eman dio komikiaren egokitzapenari, eta, beharbada, horixe du meriturik handiena. Istorioa kaosetik abiatzen da: argirik gabe geratu da Buenos Aires, eta, beraz, teknologia modernorik gabe; horren ondorioz, protagonistak batetik bestera mugitzen hasiko dira, eta konturatuko dira gauza zaharrak direla funtzionatzen duten bakarrak. «Gauza zaharrak dira funtzionatzen duten bakarrak»: esaldi hori hitzetik hortzera erabiltzen da ostera, nekatzeraino erabili ere komunikabideetan eta sare sozialetan, eta karga sinboliko handia du teknologiak menderatutako mundu honetan.

Julieta Greco kazetariak Revista Anfibia aldizkarian idatzitako artikulu batean dioenez, Stagnarok —komiki horren zalea den aldetik— bazter batean utzi du komikiaren zaleek ematen zioten beldurra, eta aurrera egin du egokitze lanean. Horretarako, Stagnarok gobernatu behar izan ditu komikiaren inguruan sorturiko iruditeria desberdin guztiak, zeinak, urteen poderioz, bateratuz joan baitira, harik eta irakurketa molde bat nagusitu den arte, heroi kolektiboarena (Juan Salvo), ekaitza hasi bezain pronto heroi agertzen den horrena. Askoren ustez, zuzendariak meritu handia du: ez da aritu mitoak liluraturik, eta protagonistei modua eman die beldurra, mesfidantza eta hasierako izuak sortzen dien zekenkeria borrokatzeko, egoerari aurre egiteko antolabide egokiak aurkitzeko bidean.    

Fikziotik errealitateraino

Baina fikzioaren oihartzuna indar handiz iritsi da errealitateraino, arrunt bizitu baita komikiaren egileari eta haren familiari gertatukoaren gaineko eztabaida. 1976 eta 1978 bitartean, militarrek bahitu eta desagerrarazi egin zituzten Oesterheld, haren lau alabak —haietako bi haurdun zeuden— eta suhiak. Oesterheld Montoneroen gerrillan sartu zen 1973. urtearen bukaera eta 1974.aren hasiera aldera, eta haren lau alabak lehendik ari ziren gerrillan. 

«El Eternauta-k zabaldu beharreko ate guztiak zabaldu zituen. Besteak beste, 70eko urteetan gertatu zitzaiguna, jakina, eta oraindik agertzeko dauden biloba guztien kontua», adierazi du idazlearen biloba Martin Oesterheldek, zeinak 4 urte baitzituen aitona azken aldiz ikusi zuenean, kontzentrazio esparru batean. Idazlearen alargun Elsa Sanchez —2015ean zendua, 90 urte zituela— Maiatzeko Plazako Amonengana bildu zen 80ko urteen hasieran, eta bere bilobetako biren bila ibili zen, eta estatu terrorismoak lapurtutako haur guztien bila. 

Komikia berriz argitaratu zen 1969an, liburuki batean bilduta, eta orduan idatzi zuen Oesterheldek bere esaldirik ospetsuena, hitzaurrean: "El Eternauta-ren egiatako heroia heroi kolektibo bat da, gizatalde bat. Aurrez halakorik egiteko asmorik ez banuen ere, barren-barrenean zer pentsatzen dudan erakutsi dut bertan: baliozko heroi bakarra taldean dabilen heroia dela, ez heroi indibiduala, heroi bakartia». El Eternauta-ren bigarren bertsio hartan, Alberto Breccia uruguaitarrak ondu zituen marrazkiak, estilo politizatuago batez, baina irakurleek hotzago hartu zuten aurreko bertsioa baino.

Adituen arabera, batez ere 1957ko bertsioan dago oinarritua telesaila. Mundu guztian izan duen arrakastaren ondorioz, eztabaida asko piztu dira komikilariari eta Argentinako historiako garairik makurrenetako bati buruz. Esaterako, HIJOS desagertuen seme-alaben elkarteak komikiaren arrakasta aprobetxatu zuen: Oesterhelden eta haren alaba desagertuen argazkiak jarri zituen Buenos Airesko kaleetan telesaila iragartzeko erabilitako karteletan, eta orain dela 50 urte egindako galdera bera egin: non dago Oesterheld?

Netflixen telesailak, eztabaida politikoa berritzeaz gainera, beste galdera batzuk ere ekarri ditu heroi kolektibo horren gainean, zoritxarrei aurre egiteko dugun moduen gainean. Hainbestekoa izan zen komikiaren oihartzuna, segituan saldu ziren formatu guztiak, eta izugarri ugaritu ziren diktaduran lapurtutako haurren gaineko informazio eskaerak. Maiatzeko Plazako Amonek «Eternauta efektua» deitzen diote, eta adierazi dute ezen, azken asteetan, lehen halako sei direla beren identitateaz dudak dituzten argentinarren kontsultak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.