KRITIKA. Dantza

Etorkizun dantzatua

Led Silhouette konpainiaren 'Halley' emanaldiaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Led Silhouette konpainiaren 'Halley' emanaldiaren aurkezpena. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Agus Perez.
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

'HALLEY'

Halley izeneko lanarekin eduki dugu Led Silhouette konpainia nafarraren azken sorkuntza ezagutzeko parada. Lehen aukera orain dela urte pare batekoa izan zen Los perros (Txakurrak) lan fin eta aurreratuarekin. Orduko hartan konpainiaren sortzaile biak baino ez ziren Gazteszenako taula gainean, baina oraingo honetan zortzi dantzari batu dira haien zuzendaritzapean eta –aurrekoan bezala– La Veronal konpainiako Marcos Morau katalanaren laguntzarekin dramaturgiaren alorrean.

Seguruenik Halley kometaren iragate ziklikoa hartu dute gogoan etorkizun nahiko hurbil baten irudikapen dantzatua egiteko, eta hasieran erloju digital baten proiekzioan ikusi ditugu denboraren hasieratik orain arte igarotako urteak abiadura handian desfilatzen eta noizbehinkako geldialdi txikiak egiten, kometa gugandik hurbil egon izanaren seinale. Etorkizuneko hurrengo datan gelditu da denbora eta «istis mirant stella» ikusi dugu proiekzioan idatzita.

Argi efektu miresgarriekin bilduta etorri dira aurreneko une horiek, eta argi-diseinu bikaina izan da emankizunaren tanto nagusia, zientzia-fikzioaren ildoko musika teknologiko eta zenbaitetan narritagarriarekin batera. Eremu eszeniko futuristak zementuzko gela gotortu bateko hormak irudikatu ditu, eta izaki zibernetiko batek ate metaliko batetik sartu-irtena egin ondoren –erradioaktibitatea neurtzeko, antza–, formazio erdi militarrean sartu dira beste zazpi pertsonaiak, emakumeak zein gizonak berdin jantzita zinpeko guardien antzeko uniforme urdinekin.

Hasiera batean pauso elastikoekin ibili dira ganbera hartako alde batetik bestera, haien artean tartekatuz norbanakoen keinu segida laburrak eta bat-bateko erorialdiak. Uniformeek, ordea, ez digute dantzarien mugimendu kalitate osoa preziatzen utzi, hain zuzen ere uniformeak horretarako daudelako diseinatuta, hau da, pertsonak despertsonalizatzeko beren ezaugarri fisikoak ahalik eta gehien uniformatuz. Hala ere, amaiera aldera aukera izan dugu dantzarien mugimendu kalitate nabarmena era indibidualagoan ikusteko, baina bitartean talde barruko eboluzio indibidualak izan dira nagusi, halako moldez non une batetik aurrera proposamena erabat figuratiboa suertatu den eta bete-betean sartu garen keinu-antzerkiaren eremuan, dantzaren berezko esparrua ia erabat alboratuta.

Emanaldiaren azken zatian, ihesbide bana zabaldu da bi hormetako paneletan, eta dramaturgiak etekin polita atera die bai pertsonaien sartu-irten onirikoei bai 2001: A Space Odyssey-ko monolitoaren antzeko bloke enigmatikoari. Ezer berririk ez, beraz, lagunok. Ene uste apalean, La Veronalen zigiluak fagozitatu egin du Led Silhouetteren proposamena. Egia ote da honezkero dena ikusita daukagula?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.