Musika

ETS etxera itzuliko da: kontzertu bat emango du Gasteizen, 2027ko martxoan

'Etxean' izena jarri diote ikuskizunari; martxoaren 20an izango da, Buesa Arenan. 360 graduko emanaldia izango dela iragarri dute. Aurretiko salmenta bihar hasiko da, eta salmenta orokorra, berriz, asteartean, 11:00etan.

Iñigo Etxezarreta ETSko abeslaria, iazko martxoan BECen emandako kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iñigo Etxezarreta ETSko abeslaria, iazko martxoan BECen emandako kontzertuan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko apirilaren 26a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Madrilgo Movistar Arenan eta  apirilaren 11n Bartzelonako Palau Sant Jordin jo ostean, etxera itzultzeko garaia iritsi zaio ETS talde arabarrari. Itzulera fisikoa ez ezik, itzulera sinbolikoa ere izango da bi emanaldi horien ostekoa. Izan ere, Euskal Herrian emango dute hurrengo kontzertu handia: 2027ko martxoaren 20an izango dira, Gasteizko Buesa Arenan. Etxean izena jarri diote ikuskizunari, eta atzoko kontzertuan eman zuten haren berri lehenengoz. Sarreren aldez aurreko salmenta bihar jarriko dute abian; taldearen sare sozialetan topatu daiteke zerrendan sartzeko esteka. Bestalde, asteartean 11:00etan zabalduko da salmenta orokorra.

Kontzertuari jarritako izenari dagokionez, taldeak azaldu du «asmoen adierazpen bat» dela, kontzertua Araban izango baita, «guztia hasi zen tokian». Proposamen berri bat taularatuko du ETSk, emanaldirako propio sortua. «Kulturaren, tradizioaren, transmisioaren eta jaien inguruko ospakizun handi bat» izango dela iragarri dute. Askotariko diziplinak ikusi ahal izango dira oholtzan, eta kolaborazioak eta ezustekoak ere izango dira, taldeak iragarri duenez.

Gainera, ikuskizuna 360 graduko formatuan egingo dute. Eszenatokia Buesa Arenaren erdian jarriko dute, eta publikoa inguruan egongo da. «Proiektuaren muinari erantzuten dion erabakia da hau. Distantziak ezabatu eta kontzertua esperientzia ahaztezin bihurtzearen esentzia». Etxean kontzertu soil bat baino zerbait gehiago izango da ETSrentzat; azaldu dutenez, publikoari musikaren atzean dagoen guztia erakustea baita helburu nagusia. «Bide honek zerbait erakutsi badu, erakutsi du bidaiek itzuleran zentzua hartzen dutela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA