Zinema

ETSren arrakastak eta tormentuak

Musika taldearen azken bi urteetako gorabehera artistiko eta emozionalak bildu ditu Fermin Aio zinemagileak 'ETS. Itzal argitan' dokumentalean. Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu du lana, Bertoko begiradak atalean.

Iñigo Etxezarreta musikaria eta Fermin Aio zinemagilea, 'ETS. Itzal argitan' dokumentala aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iñigo Etxezarreta musikaria eta Fermin Aio zinemagilea, 'ETS. Itzal argitan' dokumentala aurkezten. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko azaroaren 25a
16:19
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dokumentalaren hasiera aldera dator sekuentzia. Hiru egunez BEC jendez goraino bete, eta emanaldien euforiaren osteko muturreko bakardadearen bihotzeraino jarraitu zion Fermin Aio zinema zuzendariaren kamerak Iñigo Etxezarreta ETS taldeko abeslariari iazko martxoan. Oihalezko karpa moduko baten aterpean, plastikozko aulki tolesgarri batean eserita, minutu betez-edo eusten dio irudiak musikariaren etsipen hutsezko negarraldiari. Malko solteren bat da hasieran, baina berehala egiten du gainezka, eta, azkenean, zotin artean entzuten da haren ahotsa. «Lo egin nahi dut, deskantsatu egin nahi dut». Eta eten baten ostean: «Bakea nahi dut».

Berez, taldearen ibilbidearen gailurraren lekukotasuna biltzea zen Aioren hasierako asmoa. Poza. Arrakasta. Esfortzuaren ordainari buruzko kontu horiek guztiak. Grabatzen hasi, ordea, eta erabat lur jota eta animoak zeharo galduta zituen musikari bat topatu zuen aurrez aurre. Aldatu egin behar izan zuen plana, eta, hainbat hilabetez galduta egon ondoren, BECeko kontzertuaren osteko sekuentzia horretan harrapatutako Etxezarretaren argi-itzal horiexek erakustea erabaki zuen zuzendariak. Erabaki horren emaitza da ETS. Itzal argitan dokumentala. Barakaldoko (Bizkaia) BECeko kontzertuen atarikoekin hasi eta Konkista diskoa kaleratu arterainokoak biltzen ditu lanak, eta Etxezarretaren erretratu emozional eta artistiko bat da funtsean. 500 ordu inguru grabatu eta 77 minutura errenditu du filma zinemagileak. Gaur estreinatu du lana Zinebi Bilboko Dokumentalaren eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian, Bertako begiradak atalean.

«Normalean halako mailako taldeekin lan egiten duzunean, emango duten irudia kontrolatu nahi izaten dute taldeek, baina hau izan da justu kontrakoa»

FERMIN AIOZinemagilea

Zuzendariak gogora ekarri duenez, hain zuzen ere, Zinebin bertan estreinatu zuen bere ibilbideko lehen dokumental luzea, eta pozgarria zaio berriz ere bertara itzuli izana. Kasu honetan, Etxezarretak erakutsi dion «eskuzabaltasuna» nabarmendu du. «Normalean halako mailako taldeekin lan egiten duzunean, emango duten irudia kontrolatu nahi izaten dute taldeek, baina hau izan da justu kontrakoa».

BECeko hiru kontzertuen sasoian taldea aldaketa baten atarian igartzen zutela onartu du Etxezarretak, eta horregatik pentsatu zutela dokumental bat egitea; transformazio une hori irudikatzeko. Musikariak onartu duenez, ordea, lanak gainditu egin du hasierako asmo hura, eta onartu du ez zaiola erosoa egin dokumentalean bere burua ikustea. «Orain arte erakutsi nahi izan dudan irudia baino harago doa hau», esan du. «Hau baino gehiago jada ez dago ezer».

«Orain arte erakutsi nahi izan dudan irudia baino harago doa dokumental hau»

IÑIGO ETXEZARRETAMusikaria

Musikarekiko sentitzen duen «maitasun eta gorroto» harremana erakusten du filmak, Etxezarretaren hitzetan. Eta, horrez gainera, kantariak musika ulertzeko duen moduaren berri ere ematen du lanak. «Niri gehien gustatzen zaidana hit-ak dira», aitortzen du pelikulako une batean, adibidez. Eta, era berean, filmak argi azaltzen du musikariak kantak konposatzeko sentitzen duen pasioa, bai eta horretan dabilenean izan ohi duen obsesio puntua ere. Halakoetan, estasitik gertu irudikatzen du filmak musikaria tarteka, baina obsesio horrek maizenik tormentura daramala ezkutatu gabe. Hainbeste, ezen ofizioari berari buruz ere zalantza egitera iristen baita filmeko elkarrizketetako batean. «Ez dut argi ikusten musikari izango naizenik».

Haren taldekideak eta familia ere erakusten ditu filmak. Eta pisu handia hartzen du musikariaren anaiaren aipamenak ere. Gazterik hil zen, eta heriotza horrek arrasto sakona utzi zion Etxezarretari. «Karga handi bat eraman dut bizitzan», onartzen dio kamerari.

Ametsa, amesgaizto

BECeko emanaldien ostean ikuspegia aldatzeko beharra sentitu zuela ere kontatzen du musikariak dokumentalean. «Nire ametsa amesgaizto bihurtu zen, eta beste pertsona bat bihurtu behar nintzela erabaki nuen». Bere buruari hitz egiteko zuen modua aldatu behar zuela ikusi zuen, besteak beste, eta, nolabait ere, onarpen eta garapen prozesu horren lekukotza ere ematen du filmak.

«BECekoa ezin zela errepikatu ikusi nuen», onartu du dokumentalaren aurkezpenean. Hala antolatu zituzten Madrilen eta Bartzelonan eskainitako kontzertu erraldoiak, esaterako, eta hala erabaki zuten dokumentala egitea ere. Aitortu duenez, une honetan, Gasteizen hurrengo urteko martxoan eskaintzekoak diren emanaldia du buruan. Publikoaren harrera beroa jaso izan dutela ikusirik, «zortekoak» direla ere onartu du. Baina, hori esan eta berehala azaleratu du bueltaka darabilen arantza ere. Dioenez, kantak sortzea baita berak bene-benetan maite duena, eta beti izaten baitu buruan bestelako egitasmoek esparru horri kentzen dioten tartea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA