Literatura

Lehertzea eragiten duen giroa azaltzeko hamar kontu

'Etxe arrotz hau' ipuin liburua eman du argitara Olatz Mitxelenak. Hartan bildutako narrazio bakoitza «ezezagun baten etxeari begira jarri eta bizi puska bat ikustearen pareko zerbait» dela dio.

Olatz Mitxelena, 'Etxe arrotz hau' ipuin liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Olatz Mitxelena, 'Etxe arrotz hau' ipuin liburua eskuetan duela, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2026ko maiatzaren 27a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Su txikian (1545 argitaletxea, 2025) album ilustratuaren egileetako bat da Olatz Mitxelena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1989), eta Marina Garces pentsalariaren bi liburu ere euskaratu ditu: Filosofia amaitu gabea (Jakin, 2022) eta Denbora bizigarri baterako (Jakin, 2025). Baina Arrain hezur bat eztarrian (Elkar, 2023) ipuin liburuarekin erakutsi zuen literaturarako grina hobekien. Hari segida emanda heldu da Etxe arrotz hau, hamar ipuin laburrez osaturiko bilduma. Susa argitaletxearekin plazaratu du.

Etxea eta arroztasuna. Itxuraz talkan diruditen bi kontzeptu horiek izan ditu idazleak abiapuntu, eta modu berezi batean heldu die hamar ipuinetan: «Interesatzen zitzaidan etxeak hizketan jartzea eta protagonismoa ematea, ez daitezen espazio hutsak izan». Etxea ez baita edozein leku, ezpada artifiziorik gabe eta natural agertzeko tokia; ezpada norberaren gotorlekua. Hari arroztasuna lotzeak «deserosotasuna» seinalatzen du, Mitxelenaren aburuz, eta hori bera izan du akuilua ipuinak sortzeko orduan.

Etxe fisikoak ez ezik sinbolikoak ere hartu ditu aintzat: «Bada herentzian jasotako etxe bat, edota errepide bazterreko bat. Eta izan daiteke umetoki bat, edo harreman bat bere horretan. Baina arroztasuna sortzen duen etxea geure burua dela esango nuke. Etxea norberaren luzapena izan daiteke». Nolanahi dela, etxe horien bueltan gertatzen da beti protagonistak «erbestean» sentiaraziko dituen hori.

«Arroztasuna sortzen duen etxea geure burua dela esango nuke. Etxea norberaren luzapena izan daiteke»

OLATZ MITXELENA Idazlea

Arroztasunarekin batera, «arrarotasuna» nabarmendu du Mitxelenak: «Silvina Ocampok esaten zuen arrarotasuna beti dela benetakoagoa. Uste dut gehienok sentitu izan garela inoiz arraro, ezberdin, bazterreko. Horri begira jarri nahi nuen». Irrazionala eta arraroa parekatzeko ohiturari ere ipini dio arreta: «Hizkuntzak eta pentsamenduak dena kontzeptuetan biltzera eramaten gaituzte, baina dena ez da horren araberakoa. Irrazionala, ulertzen ez dena eta esaten zaila den hori mila modutara agertzen zaigu; esate baterako, ametsetan, manietan eta obsesioetan».

Tonuaren garrantzia

Narrazioaren tonuari eta ahotsaren formari garrantzi handia ematen die Mitxelenak, bai bere idatzietan, bai eta literaturan orokorrean ere: «Zer kontatzen den, baina nola kontatzen den. Inportantea da hori. Otea erre ipuinean nahi nuen narratzaileak haserre kontatzea. Sehaska kantua-n, berriz, dolua kontatzen da, baina narratzaileak amorruz hitz egin zezan nahi nuen».

Ipuin laburrak dira denak, trama handirik gabeak. Mitxelena: «Bakoitza sartu-irten bat da, ezezagun baten etxeari begira jartzearen pareko zerbait. Eta hor bizitza puska bat ageri da, argi eta ilun». Batzuetan, kontatutakoaren ostean letorke istorioa, ipuinetik at hain justu, eta apropos eginda dago. «Gertaera baino gehiago, etenera, hausturara edo leherketara iristeko sortu den giroa kontatzea interesatzen zait; eta horrekin batera, sentipen multzo bat agertzea, anbibalentzia bat, zerbait irekia». Alde horretatik, idazleari zail egiten zaio bere ipuinei kontzeptu bat edo gai zehatz bat jartzea: «Gizakiez eta harremanez hitz egiten dute».

Bide jarraitu baten gisan azaldu du bere literatura. «Sormen lan bakoitzak bide bat egiten du, eta, lan hori bukatuta, bestelako asmo eta obsesio batzuk uzten ditu. Nire lehen ipuin liburuak puntu batean utzi ninduen, eta hortik jarraitu dut». Hortaz, Arrain hezur bat eztarrian ipuin liburuaren segida da Etxe arrotz hau, eta ez soilik kronologikoki haren atzetik plazaratu delako. «Orain  beste gauza batzuk ikasi ditut, beste leku batzuetan ibili naiz, eta esango nuke bidearen beste puntu batean nagoela, eta horrek eragingo diola hurrengoari».

Bereziki pozik agertu da liburuaren azalarekin, liburuaren mamia ongi laburbiltzen duelakoan: «Itzalari ateratako argazki bat da. Ni ere itzalei argazkiak ateratzen aritzen naizela uste dut. Baina badago argia eta jolasa, eta badago geruzarik ere». Nagore Legarretak egina da irudia.

HAMAR IPUINen gakoak

  1. Otea erre

    Bikotekidearekin Zuberoara asteburu-pasa joan den emakume bat du protagonista. Hara iritsi orduko bien arteko ezin ulertua nagusituko da.

  2. Itzultzea. Emakume bat literatura itzulpen bat bukatu nahian dabil, bikotekidearekin erosi berri duen etxean. Hainbeste urtez bizikide izandakoa arraro sumatzen du azkenaldian.

     

  3. Piztiak. Errepide ondoan bizi den emakume batek joan-etorrian dabiltzan pertsonak zenbatzen ditu.

     

  4. Kumulolinboak. Neska gazte bat familiarekin dago oporretan.Tartean, lehengusu gogaikarri bat dago.

     

  5. Sehaska kanta. Ama bat, bere haurrari hizketan, amorru bizian.

     

  6. Termitak. Protagonistak etxe bat jaso du oinordetzan. Bertan dela, ezin du lo egin, ondoko etxetik datozen soinu arraroak direla eta.

     

  7. Haragi gisatua. Etxekoandre baten ahotsetik, haragi gisatua nola egiten den ikasiko du irakurleak, besteak beste.

     

  8. Norvegia. Parke publikoak eta aldrebesten diren harremanak txirikordatzen dira.

  9. Hau dugu etxean. Bikote bat eta haien haurrak Bartzelonara doaz oporretan. Ezusteko bat gertatuko da atzean utzi duten etxean.

     

  10. Landare bizitza. Protagonistak, meditatzeko asmoz, arau zorrotzak dituen leku batera joko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE