Etxe bat datorrenari

'Etxe bat norberarena' liburuaren azala.
'Etxe bat norberarena' liburuaren azala.
Irati Majuelo.
2024ko maiatzaren 26a
05:10
Entzun

'etxe bat norberarena'

Idazlea: Yolanda Arrieta. Argitaletxea: Alberdania.

Etxe bat norberarena, etxe bat amesteko, ezinegonentzako, sosegurako, etxe bat etorkizuna bizitzeko. Halaxe irudikatu du Yolanda Arrietak argitaratu berri duen saiakera laburrean: poesiaz, gogoetaz eta kontakizunez betetako espazio bat norberaren dimentsio orok lur har dezan.

Saiakera arina da, jostaria, molde itxietatik ihes egiten duena. Txatal laburrez osatua, esaten denak bezainbeste pisu hartzen du esan gabekoak, eta, beraz, irakurlearen esku geratzen da puzzlea nahierara eratzea, iradoki den horretatik nork bere hausnarketetarako bidea egitea. Alde horretatik, lan honek oihartzun egiten du Arrietak berak 2009an idatzitako On-off liburuarekin, bai etxea (orduko hartan eraikin osoa) idazketarako aitzakiatzat hartzeagatik, bai testu laburrak tartekatzeko egindako hautuagatik. Hala ere, honako honetan zahartzaroak hartzen du idazketaren erdigunea, eta emakume eta sortzaile gisa bizi-etapa horrek sortzen dizkion zalantzak eta desirak azaltzen dira. Ildo horretan, interesgarria da Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua-rekin eta Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea-rekin batera irakurtzea, baten eta bestearen gogoetek eta narrazioek elikatzen baitute Arrietaren testua.

Bost ataletan bereizi du liburua, eta horien bidez antolatu ditu norberarentzat espazio bat hartzeari buruzko pentsamenduak, bere bizialdiari egindako errepasoa, zahartzaroaren atariak sortzen dituen sentimenduak, amaren heriotzak irekitako eremu arrotza eta etorkizuna irudikatzeko aukerak. Saiakera osatzen duen gogoeta sortaren artean, interes berezia pizten dute sormena lantzat hartzeak idazleari eragiten dizkion poz eta ezinei buruzkoak, baita familian egin beharreko zaintza lanei, eta bereziki amaren azken egunei buruzko kontakizunak ere. Horietan lortzen du Arrietak pertsonaletik kezka kolektiboekin konektatzea eta bere idazketari dimentsio zabalago bat ematea.

Izan ere, eta testua hirugarren pertsonan idatzita egon arren, Arrietaren munduari erabat atxikitako saiakera da, aitorpen eta bizipen intimoetan ardaztua, zeinak askotan bere horretan geratzeko arriskua duen. Hots, idazleak bere buruari idatzitako testu batean. Hala, kontakizun autobiografikoak zein idazketa intimoak literaturarako eta saiakerarako duten potentziala gutxietsi gabe, idazleak asmotzat duen ni-tik gu-rako jauzian hutsune nabarmenak sumatzen dira. Annie Ernaux-ek ongi azaltzen duen gisan, Ā«auzia ez baita ni-a esatea edo berraurkitzea, baizik eta errealitate zabalago batean galtzea, kultura, kondizio, min, eta abar bateanĀ».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.