Loraldia

Etzanda entzuteko emanaldi bat egingo dute Peru Magdalena idazleak eta Ibon RG musikariak Loraldian: ‘Lotaldia’

Elkar argitaletxeak kaleratutako ‘Lo kantak’ disko-liburua du oinarri zuzeneko saioak, eta poemak, kantak eta kontakizunak harilkatuko ditu. Astelehenean emango dute, Itsasmuseumeko aretoan, eta etzanda egongo da publikoa.

Peru Magdalena eta Ibon RG sortzaileek 'Lotaldia' emanaldia eskainiko dute astelehenean. LORALDIAK UTZITA
Peru Magdalena eta Ibon RG sortzaileek 'Lotaldia' emanaldia eskainiko dute astelehenean. LORALDIAK UTZITA
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Etzun eta entzun». Elkar argitaletxeak 2024an eman zuten argitara Lo-kantak disko-liburua. Peru Magdalenak sortutako berrogei lo kanta biltzen zituen lanak, Ibon RG musikariak haietako batzuekin sortutako kantekin osatutako diskoa entzuteko aukera ere ematen zuen, eta Miren Asiain Lora ilustratzaileak sortutako irudiak ere bazituen. Eta, hain zuzen ere, lan hori du oinarri orain Bilboko Loraldia jaialdian taularatuko duten Lotaldia emanaldiak. Orduko abestiak kantatuko ditu Ibon RG-k, batetik, eta lo kanta guztiak elkarrekin harilkatuko dituen kontakizun bat eskainiko du Magdalenak. Argiak apal, soinua goxo, etzanda entzungo du saioa publikoak. Horregatik esan du Magdalenak ikuskizun bat izan beharrean «entzunaldi bat» izango dela, eta horregatik esan daiteke «etzunaldi» bat ere izango dela. «Lotaldi bat da», laburbildu du egileak. Zehaztu duenez, «adin guztietako gizakientzat» izango da saioa, eta etxetik mantak eta kuxinak eramateko gonbita ere egin die bertaratzeko asmoz direnei. Astelehenean izango da zita, Itsasmuseumean, 19:30ean.

«Lore bat hazten da/ txikitik handira/ txikitik handira eta/ gu biok begira./ Lore bat hazten da/ barrutik kanpora/ barrutik kanpora eta/ behekaldetik gora./ Lore bat hazten da/ lurretik zerura/ lurretik zerura eta/ goraino heldu da./ Lore bat hazten da/ petaloz petalo/ petaloz petalo eta/ egin dezagun lo». Magdalenak liburuko Lurreko lo kantak atalean bildu zuen Lore bat hazten da izeneko poema, eta hori da emanaldia osatuko duten testuetako bat. Eta, idazleak zehaztu duenez, eskainiko dituzten lo kanta horiek bezala, «onirikoa» izango da emanaldirako sortutako hari narratiboa ere. «Ipuin kateatu moduko bat izango da, eta ume baten bidaia edo amets moduko bat kontatuko du, ukitu surrealista batekin».

«Lo kanta eta kontakizunen artean magma oniriko batean goxo egoteko entzukizuna da 'Lotaldia'»

PERU MAGDALENA Idazlea

A cappella kantatzeko hemeretzi kanta sortu zituen Ibon RG musikariak disko-libururako, eta halaxe eskainiko ditu asteleheneko emanaldian ere: ahots hutsez. Magdalenak azaldu duenez, ordea, xuxurlatik hurbil daude konposizioetako batzuk, eta, horregatik, mikrofonoa ere baliatuko dute emanaldian. Gainera, batetik bestera ibiliko dira publiko artean. «Bilduta senti daitezen nahi dugu», azaldu du Magdalenak: «Lo kanta eta kontakizunen artean magma oniriko batean goxo egoteko entzukizuna da».

Lo geratu direnak

Hain zuzen, isiltasunaren muga-mugan dago Gero eta baxuago izeneko poema, bai eta Ibon RG musikariak harekin osatutako kanta ere. «Gero ta baxuago/ gero ta baxuago/ hitz egiten ari gara/ gero ta baxuago./ Ez du inork entzuten/ ez du inork entzuten/ gu biok bakarrik gaude/ ez du inork entzuten./ Non daude beste denak?/ Non daude beste denak?/ Beste denak lotan daude/ non daude beste denak?/ Esan nahi dizut hauxe/ esan nahi dizut hauxe/ pila bat maite zaitut nik/ esan nahi dizut hauxe/ isiltasun ederra/ isiltasun ederra/ orain egin dezagun lo/ isiltasun ederra».

Iurretako liburutegian ere (Bizkaia) egin dute saioa aurrez, iazko urtearen bukaeran, eta liburuaren aurkezpenetan ere egin izan dute saio laburren bat edo beste, eta, Magdalenak ziurtatu duenez, batek baino gehiagok lo ere hartu du emanaldi horietan. «Gure kasuan, arrakasta erabatekoa da hori», onartu du, barrez. «Halako gauzak kolektiboan egiten direnean, kutsatu egiten da giroa, eta oso goxo eta pozik hartu dute emankizuna orain arte. Baina lo ez geratzea ere ez zaigu porrota iruditzen».

Idoiaren eta Verde Pratoren emanaldi berezi bana

Bi kontzertu berezi antolatu ditu Loraldiak astebururako Bilbon: Idoiarena izango da lehena, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Verde Pratorena izango da bigarrena, igandean, Bilboko Guggenheim museoan. Espresuki jaialdirako pentsatutako kantaldi bana eskainiko dute bi artistek.

 

Formatu handiko saioa eskainiko du Idoiak. Biran daraman taldeaz gainera, haize sekzio bat eta soka taldea ere izango ditu oholtzan. Verde Pratok ere errepertorio berezia eskainiko du bihar. Bere azken bi proiektuetako hainbat kantaren aukeraketa berezia egin du horretarako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA