Kultur azpiegiturak

Europako museorik onenak hautatzeko sariketa hartuko du Bilbok bihartik igandera bitarte

Iaz Europako Kontseiluaren Museoaren Saria jaso zuen Bilboko Euskararen Etxeak, eta aurten bera izango da EMYA sariketaren anfitrioia. Sari banaketaz gainera, museoek gaur egun dituzten erronkei buruzko hitzaldi eta mahai inguruak ere antolatu dituzte.

EMYA Europako Urteko Museorik Onenaren Sari banaketaren iragarki bat Bilboko tranbian. EUSKARAREN ETXEAK UTZIA
EMYA Europako Urteko Museorik Onenaren Sari banaketaren iragarki bat Bilboko tranbian. EUSKARAREN ETXEAK UTZIA
Inigo Astiz
2026ko ekainaren 9a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskarak hartuko ditu Europako museoak aurten. Europako Museoen Foroak urtero antolatzen du kontinenteko urteko museorik onenak hautatzeko European Museum of the Year Awards (EMYA) sariketa, eta Bilboko Euskararen Etxeak eta haren Interpretazio Zentroak egingo dituzte anfitrioi lanak oraingoan. Europako Kontseiluaren Museoaren Saria jaso zuen Euskararen Etxea museoak iazko sariketan, eta hura gidatzen duen Azkue fundazioari eta Bizkaiko Foru Aldundiari egokitu zaie egunotan Bilbon egingo den sari banaketa antolatzea. Bihartik igandera iraungo duen programa osatu dute, eta Europa osotik heldutako 300 parte hartzaile inguru espero dituzte. Euskalduna jauregia izango da jardunaldien egoitza nagusia, eta bertan banatuko dituzte sariak larunbat arratsaldean. Guztira, hamazazpi herrialdetako baino gehiagoko 34 museo daude hautagaien artean, baina museoek gaur egun dituzten erronkei buruzko hitzaldi eta mahai inguru sorta bat ere eskainiko du egitarauak.

«Europako panoraman kokatu gintuen iazko sariak, eta bultzada handia izan da proiektuarekin aurrera jarraitzeko»

IURDANA AKASUSOBilboko Euskararen Etxeko zuzendaria

Euskararen Etxeak 2004an ireki zituen ateak, eta Iurdana Akasuso da haren zuzendaria. Iazko sariak «sekulako poza» eman ziela onartu du. «Europako panoraman kokatu gintuen sariak, eta bultzada handia izan da proiektuarekin aurrera jarraitzeko». Sariketa hartara euren burua aurkeztean hasitako «abentura» orain sariketa horren anfitrioi izaten amaituko dute, esan duenez. «Ez dago esperientzia hau borobiltzeko modu hoberik». 

European Museum Forum izeneko erakundeak antolatzen du sariketa, eta, 1977az geroztik, urtero banatzen ditu Europako museorik onenak nabarmentzen dituzten sariok. 49 urteko ibilbide luze horretan, gainera, euskal museo baten baino gehiagoren lana ere aitortu dute jadanik. 2000n, esaterako, Bilboko Guggenheim museoari eman zioten Europako museo onenaren sari nagusia, eta sarituen zerrendan badira bestelako sariak jaso dituzten euskal museo gehiago ere.

Esate baterako, 2012an Siletto izeneko saria eman zioten Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroari (Gipuzkoa). Iruñeko Katedraleko Occidens museoaren lana aitortu zuten 2014an; Nafarroako Unibertsitateko Museoari ere aitortza berezia egin zioten 2018an, eta Txillida Leku (Hernani, Gipuzkoa) ere nabarmendu zuten 2023an, Harrera, Inklusio eta Tokikotasun Onenaren Sariarekin. Eta, azkenik, Bilboko Euskararen Etxea ere saritu zuten iaz Europako Kontseiluaren Museoaren Sariarekin, eta, hain zuzen ere, iazko sari banaketaren egunean bertan hasi ziren aurtengo sari banaketa antolatzeko hartu-emanak.

Lehen euskara eskola

Ingelesa izango da jardunaldi eta sari banaketako hizkuntza nagusia, baina, Akasusok azaldu duenez, Euskararen Etxekoek keinu bat baino gehiago egin nahi izan diote euskarari. Bihar, esaterako, gonbidatu guztientzako euskarazko lehen eskola bat antolatu dute museoan bertan. Baina, horrez gainera, gonbidatu bakoitzari bere hizkuntza propioa ikusarazteko aukera ere eskaini nahi izan diote. Parte-hartzaile txartelarekin batera, eranskailu batzuk ere emango dizkiete gonbidatuei horretarako, eta haien bidez adierazi ahalko dute zer hizkuntza hitz egiten dituzten.

«Askotan, handienak diren museoekin lotzen dugu Bizkaia, baina beste hamaika proposamen txiki eta ertain ere bagaude, eta guztion artean lan handia egiten dugu ondarea zaindu, ikertu eta gizarteratzeko»

IURDANA AKASUSOBilboko Euskararen Etxeko zuzendaria

Sari banaketak ez ezik, hitzaldi eta mahai inguru profesionalak ere hartuko ditu Euskaldunak egunotan. Etzi goizean, esaterako, eskubideekin, erresistentziarekin eta indarkeriazko istorioekin konprometitutako museoetako ordezkariek hartuko dute hitza, eta, egitarauan zehazten denez, kalteari, zapalkuntzari eta borrokari neutraltasunik eta isiltasunik gabe aurre nola egiten dioten azalduko dute. Larunbatean, berriz, gizartearen polarizazioari aurre egiteko museoek dituzten tresnei buruz arituko dira goizez. Eta horrez gainera, hitzaldi solteak ere izango dira.

Bizkaiko «ekosistema»

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak idatzi du sari banaketako aurkezpen testua, eta, bertan gogorarazi duenez, guztira, 40 museo baino gehiago hartzen ditu lurraldeak. Guztien artean «ekosistema» bat osatzen dutela gehitu du, bai eta aurtengoa urte berezia izango dela ere. Izan ere, aurten dira bukatzekoak Bilboko Arte Ederren Museoko bai eta Bilboko Euskal Museoko eraberritze eta handitze lanak, eta, ahaldun nagusiaren hitzetan, «funtsezkoak» dira bi erakunde horiek. «Mundu globalizatu honetan, gure nortasunari eustea funtsezko erronka da», azaldu du Etxanobek, «eta museoak ezinbesteko aliatuak dira zeregin horretan, oroimenerako, ikerketarako eta zabalkunderako gune diren aldetik».

Hain zuzen ere, Etxanobek aipatutako ekosistema hori izan du gogoan Akasusok ere. Haren hitzetan, lurraldeak duen ugaritasun hori guztia bistaratzeko ere balio izan duelako iaz jasotako sariak. «Askotan, handienak diren museoekin lotzen dugu Bizkaia, Guggenheim museoarekin, Bilboko Arte Ederren Museoarekin edo Euskal Museoarekin, baina beste hamaika proposamen txiki eta ertain ere bagaude, eta guztion artean lan handia egiten dugu ondarea zaindu, ikertu eta gizarteratzeko».

Bizkaiko museo sare hori bistaratzeko erakusmahai bat ere antolatu dute horregatik Euskalduna jauregian. Akasusok esan duenez, zuhaitz itxura izango du stand horrek, eta jardunaldietara bertaratuko diren gonbidatuei euren proposamena aurkezteko aukera izango dute horretarako izena eman duten Bizkaiko museoek. Guztira, 30 bat museok hartuko dute parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE