LITERATURA

Euskadi Saria jaso du Marije Sarrionandiak, Joseba anaiaren izenean

Gutun baten bidez, Joseba Sarrionandiak eskerrak eman dizkie "satanizatu" nahi izan dutenen aurrean, Espainiako prentsan haren defentsa egin dutenei.

Berria.info
2011ko azaroaren 23a
22:47
Entzun

Joseba Sarrionandiak Moroak gara behelaino artean? liburuarengatik irabazitako Literaturako Euskadi saria haren arreba Marijek jaso d,u gaur arratsaldean, Gasteizen eginiko ekitaldian. Saioan idazlearen gutun bat irakurri du Marije Sarrionandiak, eta haren bitartez eskerrak eman dizkie azken hilabetean idazlea "satanizatu nahi izan dutenen aurrean", haren defentsa egin dutenei.Marije Sarrionandiak gaineratu du euren amak "barkatzen erakutsi" ziela, eta horretara joan dela ekitaldira. 

Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak gaur goizeann adierazi du ondo jokatu dutela Joseba Sarrionandia idazle eta iheslariaren Literaturako Euskadi sariko diru sariaren kasuan. Jaurlaritzak esaten zuen ez ziola hari emango dirua —18.000 euro— auzitegiek egun Justiziarekin auzirik zabalik duen ala ez argitu arte. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak jakinarazi duenez, Sarrionandiak ez dauka auzirik zabalik Justiziarekin, zigortu zuten auzi denak preskrituta daudelako, eta Jaurlaritzak atzo arratsaldean azaldu zuen emango dizkiola 18.000 euroak idazleari.

Sendiak orain arte izandako jarreragatik Jaurlaritzari barkamena eskatzeko galdegin zion atzo, baina Urgellek ez du egin halakorik gaur. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkidearen ekimenez agertu da Kultura sailburua Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematera.

Euskadi  literatura sarien banaketa gaur arratsaldean egin da, eta honako hauek jaso dute saria, Sarrionandiaz gain: Ur Apalategi (euskarazko literatura), Jon Bilbao (gaztelaniazko literatura), Iñaki Uriarte (gaztelaniazko saiakera), Miren Agur Meabe (euskarazko haur eta gazte literatura), Karlos Zabala (euskarazko literatura itzulpena) eta Iban Barrenetxea (ilustrazioa)

Joseba Sarrionandiak Euskadi Literatura Sarien banaketara igorritako testua:

"Eskerrik asko, lehenengo, euskaraz bezala beste hizkuntza guztietan hain ederra den esaera, eta baztertuek laguntza eskertzeko erabiltzen dutenean are ederrago egiten dena. Eskerrik asko, beraz, epaimahaikoei, ausardiagatik, hartutako erabakiak erreakzioak izango zituela jakin arren aurrera egin zutelako. Eskerrik asko, baita ere, satanizatuaren defentsa egin dutenei, espainiar prentsan batez ere, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun.


"Eskerronez gogoratu nahi ditut, bestalde, aurten irakurri ditudan saiakera lau liburu eder: Autopsiarako frogak Koldo Izagirrerena, Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik Ignazio Aiestaranena, Goizuetan bada gizon bat Patziku Perurenarena eta Darwin gurean Kepa Altonagarena. Irakurriala ikusi dut nire kezka eta larritasunak haienak ere badirela, eta ez dutela sari hau nik baino gutxiago merezi.


"Baina ez naiz etorri eskerrak ematera bakarrik. Gauza eskergabe batzuk ere aipatu nahi ditut. Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten,neure defentsan bezala. Baina  Moroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guziak politikari buruzkoak dira. Ez kaleko edo prentsako ohiko eztabaiden terminoetan beharbada, baina, sarrera historikoaren ondoren, batez ere azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira.


"Nire ume denboretako Don Celesen periodikua izan da sariaren iskanbilari buruz paperean heldu zaidan bakarra. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri dut. Esaten du, gutxi gora-behera, edozein gobernuk bere sokako literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera daitekeen ondorioa da literaturak berak egiten duela sasoian sasoiko gobernuaren promozio lana, eta ez alderantziz.

"Literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galdekizunak, nik uste, egia zuzenetsiak eta instituzioak promozionatzea besterik da…".
 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.