Hamar urtez Donostiako Santa Teresa komentua izan da Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitza nagusia. Hamarkada bete ostean, komentua atzean utzi, eta Tabakalerara egingo dute salto: urritik aurrera institutuaren egoitza berria izango da. Eraikinaren hirugarren solairuko 597 metro karratutan kokatuko dituzte hainbat eta hainbat erakusketa eta jarduera. Une honetan, hain justu, espazioaren egokitzapen proiektuan murgilduta dabiltza, zeina AMA arkitektura estudioaren esku dagoen —Euskal Arkitektura Gaztearen Peña Gantxegi saria irabazi zuen iaz—. Gaur Tabakaleran bertan azaldu dituzte gune berriaren nondik norakoak, bai eta garatutako programa aurkeztu ere. Bertan izan dira Denis Itxaso Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburua, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia eta Jose Angel Medina Euskadiko Arkitektura Institutuko zuzendaria.
Etxebizitzaren gaur egungo egoera «herritarrei hurbiltzea» du xede jauziak, Denis Itxaso Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak adierazi duenez, eta aurrerapauso «adierazgarria eta garrantzitsua» dela uste du. Izan ere, egoitza berria Tabakaleran jartzeak institutuari «ikusgaitasuna» ematen diola azaldu du: «Publikoa indartzeko, audientzia zabaltzeko eta urteetan zehar garatu duen lana indar handiagoz proiektatzeko aukera emango dio». Era berean, beste diziplina artistiko eta sortzaile batzuekin «elkarrizketan aritzeko» modu bat ere badela gehitu du: «Tabakalerak lankidetza aukera berriak irekiko ditu, eta arkitektura etengabe elkarrizketan jarriko du sorkuntza garaikideko beste modu batzuekin».
2028ra bitarteko erakusketak
Artista donostiar batekin inauguratuko dute gune berria. Zehazki, Martin Dominguez arkitektoaren erakusketa batekin: Martin Dominguez. San Sebastian, Madrid, La Habana, New York. Dominguez (Donostia, 1897 - New York, 1970) arkitektoaren irudia berreskuratzea du helburu erakusketak, eta Pablo Rabasco izan da komisarioa. Artistak hainbat herrialdetan bizi behar izan zuen, besteak beste Kuban eta Estatu Batuetan, eta bertan egindako jarduna biltzen du Donostian aurkeztuko duten lanak. Urrian jarriko dute ikusgai, eta 2027ko otsailera arte egongo da.
Beste erakusketa bat ere batuko zaio hari urrian: Peña Gantxegi ilustratua. Erakusketa hori Luis Peña Gantxegi arkitektoaren mendeurrena dela-eta egingo dituzten hainbat jardueren artean dago, eta Euskal Herriko hamabi ilustratzailek arkitektoaren obrari buruz duten ikuspegia azaleratuko dute hartan. Artxiboko materialekin osatu dute lana, eta Peña Gantxegi Artxiboak erakundearen laguntza izan dute; hain justu, hark komisariatu du erakusketa. Abendura bitarte bisitatu ahal izango da.
2027ko udaberrian, berriz, Etxebizitza Kolektiboaren Europako Sariko bigarren aldiari eskainitako erakusketa bat inauguratuko dute: proiektu finalistak eta irabazleak aurkeztuko dituzte. Bordelen (Frantzia) aurkeztuko dituzte lehendabizi, eta horren ostean eramango dute erakusketa Tabakalerara, egokituta. Hurrengo urteko udazkenean, berriz, Mugak / Nazioarteko Arkitektura Bienalaren seigarren aldia abiaraziko dute, Egokia, ederra, eskuragarria lelopean. Eraikineko lehen solairuan jarriko dute Bienalaren erakusketa nagusia. Eta 2028ko apirilean Oasis helduko da: Europako estalki gaineko lorategien hemeretzi kasu aztertu dituzte, Antzinarotik gaur egun artekoak. Horien artean daude Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hainbat adibide.
Tailerrak eta beste
Bestelako jarduerak eta tailerrak ere antolatuko ditu institutuak urrian. Luis Peña Gantxegiren mendeurrenaren harira, esaterako, erakusketaz gain, haren ondareari buruzko hitzaldi sorta bat ere egingo dute. Bestalde, 2027ko urtarriletik martxora bitarte, zinema eta arkitektura ziklo bat bultzatuko dute, eta hizlari gonbidatuak ere izango dira. Udazkenean, berriz, institutuak Ondarearen Europako Jardunaldietan Autonautak programan parte hartuko du, hainbat artistarekin lankidetzan. Horietaz gain, 2028ko udan, arkitekturako komunikazioari buruzko ikastaro bat aurkeztuko du, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroekin lankidetzan. Besteak beste, arkitektoak, kazetariak, komisarioak, argazkilariak eta dibulgatzaile digitalak bilduko dituzte, eta arkitektura nola kontatzen eta transmititzen den aztertuko dute.