Lau ekoizpen propioren emanaldiak, entsegu irekiak, eskoletako ikasleentzako zein familientzako kontzertuak eta beste hainbat jarduera bildu ditu Euskadiko Orkestrak Musika Gela zikloaren denboraldi berrian. 70 jarduera baino gehiagorekin osatu dute programa; zikloa martxan da dagoeneko, eta heldu den urteko maiatzera bitarte gauzatuko dute.Â
Euskadiko Orkestrak duela hiru hamarkada jarri zuen martxan hezkuntzari lotutako zikloa, herritarrei oro har eta gazteei bereziki musika gerturatzeko helburuarekin. Azken urteotan, baina, egitasmoa zabaldu egin da, eta arreta berezia eskaini die gizarteko hainbat sektore zaurgarriri; hala, horien «inklusioa eta kulturarako irisgarritasuna» sustatzeko xedea duten jarduera ugari txertatu dituzte programazioan. Antolatzaileek azaldu dutenez, desberdintasunari eta bazterketari proposamen «berritzaile, aitzindari eta ausarten bidez» aurre egitea da zikloaren asmoa.
Horretarako, ekoizpen propioak sortzea da ildoetako bat, eta denboraldi honetan lau proposamen bildu dituzte. Horietariko bi, Musika tantak eta Logelan logale, egitasmoaren aurreko edizioan aurkeztu zituzten, eta Eskola kontzertuak nahiz Musika familian programen barruan emango dituzte orain. Hain zuzen ere, asteon ari dira egiten Musika tantak ikuskizunaren emanaldiak, orkestrak Donostian duen egoitzan, Miramonen, eta «saio lasaia» deitu duten formatuan egingo dute bihar, leku berean. Logelan logale-ren emanaldiak, berriz, heldu den urteko apirilerako programatu dituzte, Donostian eta Gasteizen, Eskola kontzertuen barruan.
Beste bi ekoizpen propioak denboraldi berriaren barruan estreinatuko dituzte. Nire ama antzara datorren urteko otsailean emango dute Miramongo egoitzan, bai Eskola kontzertuetan bai Musika familian programan. Eta Arriaga bizi da ikuskizuna, berriz, maiatzerako programatu dute; Donostiako Kursaalean eta Gasteizko Felix Petite antzokian izango dira emanaldiak.
Musikazaleak eta entseguak
Horiez gain, joan den urtean abiatu zuten Musikazaleak egitasmoari segida emango diote denboraldi berrian. Proiektuaren barruan, adimen edo garapen desgaitasunen bat duten hamabost bat pertsonako hiru talde egonkor osatuko dituzte —bat Bilbon, beste bat Donostian eta beste bat Gasteizen—. Talde horietako kideek zortzi musika tailerretan parte hartuko dute, eta, horiek amaitzean, ekainean, kontzertu bat egingo dute, ikasturte osoko lana erakusteko.Â
Halaber, entsegu irekien programari ere eutsiko dio Musika Gelak. Denboraldi berrian hiru entsegu ireki egingo dituzte; bi urtarrilean izango dira, eta hirugarrena maiatzean.
Egitarau osoa Euskadiko Orkestraren webgunean dago xehatuta, eta sarrerak ere salgai daude dagoeneko, webgunean bertan.