Euskal Artisten II. Mintegia egingo dute bihar, Donostian

'Marko bat kultura euskaraz bizitzeko eta egiteko, minorizazioan ez betikotzeko' izenburupean, Ander Lipusek, Unai Iturriagak, Iratxe Retolazak, Maia Iribarnek eta Bernardo Atxagak hartuko dute parte, besteak beste. Lanarteak eta UEUk antolatu dute.

Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe, Ainara Azpiazu 'Axpi' eta Amagoia Gurrutxaga, Lanartearen mahai inguru batean; 2023ko maiatzean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
Koldo Izagirre, Eneritz Artetxe, Ainara Azpiazu 'Axpi' eta Amagoia Gurrutxaga, Lanartearen mahai inguru batean, 2023ko maiatzean, Zarautzen. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2025eko azaroaren 19a
04:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela bi urte sustatu zuen Lanartea euskararen langile profesionalen elkarteak euskal artisten lehen mintegia, gai hau pil-pilean zela: Espainiako Kultura Ministerioak abiarazitako Artistaren Estatutua. Hartan jarri zuten fokua orduan; euskaraz lan egiten duten artistentzako estatutu batek nolakoa izan beharko lukeen pentsatu zuten, Ipar Euskal Herrian indarrean den intermitentzia sistema aztertu zuten, eta euskal artisten «egoera zaurgarriaz» ere aritu ziren. Amagoia Gurrutxaga Lanarteko koordinatzailearen esanetan, «duela bi urteko mintegian agertu zen problematika ez da zuzendu, zoritxarrez». Are, Artisten Estatutuaren inguruko hotsak apaldu egin direla iruditzen zaio, eta bestelako mugimenduak sortzen ari direla: «Nafarroako Gobernuak Kulturaren Profesionalen Legea aurkeztu behar du 2026an; Eusko Jaurlaritzak Euskal Sistemaren Legea iragarria du legealdi honetarako; eta Ipar Euskal Herrian eskuin muturra —geroz eta indar handiagoa du— auzitan jartzen ari da intermitentzia sistema». Egungo testuinguruan lehentasunak non finkatu eta zein kultur eredu eta politika publiko jorratu aztertuko dute orain Euskal Artisten II. Mintegian. Bihar egingo dute, Donostiako Santa Teresa komentuan, eta zabalik da izen ematea.

Lanarteak UEUrekin batera antolatu du mintegia, eta Marko bat kultura euskaraz bizitzeko eta egiteko, minorizazioan ez betikotzeko izenburua jarri diote. Jardunaldia abiatzeko, Ekhi Zubiria soziologoak hartuko du hitza lehenik, eta euskal kultur sistemaren ezaugarriez arituko da, azken aldiko inkesta eta datuetan oinarrituta. Haren ostean, berriz, zazpi hizlarik kultur arloan errepikatzen den kontzeptu bana aletuko dute, labur: euskal hitza Ander Lipus antzerkigileak; kultur eskubideak Oskia Ugarte Huarte Arte Garaikidearen Zentroko zuzendariak; transmisioa (jakintza eta ekintza) Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragileak; prekaritatea Unai Iturriaga bertsolari eta komikigileak; kulturgileak Ihitz Iriart abeslari, dantzari eta ikerlariak; politika publikoak Gurrutxagak berak; eta botere harremanak, azkenik, Iratxe Retolaza kritikari eta kultur eragileak.

Hamaiketakoaren ostean, Legezko jantzi bat, artezko bizitza bat mahai inguruak emango dio segida jardunaldiari. Iñigo Astizen gidaritzapean, Maia Iribarne musikaria, Oihana Iguaran bertsolaria, Joseba Larratxe marrazkilaria eta Bernardo Atxaga idazlea arituko dira solasean, eta ordura arte entzundakoen inguruan hausnartzeko tarte bat hartuko dute gero. Hain justu, horri egin dio azpimarra berezia Gurrutxagak: «Egitarauak tartea eskainiko digu mintegian entzundakoei buruz eztabaidatzeko eta norbere esperientziatik abiatuta lehentasun kolektiboak finkatzeko. Hori da, funtsean, Lanartearen helburu nagusietako bat: arazo kolektiboez jabetzea eta arazooi kolektiboki erantzuten asmatzea».

Jardunaldia ixteko, euskal kultur sisteman «gako bilakatua den lehia, sari eta beka sistemaren errepaso artistiko-kritiko-dramatizatu bat» antolatu dute; Koldo Izagirrek idatzi du testua, eta Mikel Martinez aktoreak interpretatuko du.

Bost neurri, «borondate politikoaren» zain

Lanartearen arabera, euskararen eta euskarazko kulturaren transmisioa ez dago «ziurtatuta», ezta haren aldeko indarrak nagusi diren euskal herrialdeetan ere. «Hegemonizazio globaleko garaiotan profesionalizazioak eta merkatu lege hutsak salbatuko gaituela errepikatzen zaigu, turismoarekin eta propagandarekin beste ezerekin baino zerikusi handiagoa duten makro-proiektuak eta ikuskizunak sustatzen dituzten bitartean. Gu ez gatoz bat horrekin. Inolaz ere», gaitzetsi du Gurrutxagak. Haren esanetan, euskarazko kulturak bere aldeko «politika aktiboak» behar ditu, eta horiek ezin dira diseinatu «oinarrizko egitate bat» ukatuz: hizkuntza hegemonikoak —eta beren kulturak— nagusi direla euskal kultur ekosisteman, eta horrek ondorio zuzenak dituela euskal kulturgintzan.

Badira, Lanartearen irudiko, berandu barik har daitezkeen neurri batzuk, betiere «borondate politikoa» izanez gero. Bost hauek, esaterako: bat, funts publiko bat sortzea, jarduera artistikoa ogibide dutenek lanbide arteko gutxieneko soldata osatu ahalko dutela ziurtatzeko; bi, administrazio publikoek beren eskakizunak doitzea zergei, gizarte segurantzari eta burokraziari dagokienez, kulturgileen betekizunak sinplifikatzeko eta egokitzeko; hiru, kultur arautegian hizkuntza zehar-lerro gisa erabiltzea sistematikoki —generoa, adina, jatorria, diziplina eta beste hala erabiltzen diren bezala—; lau, EITB euskarazko kulturaren hedatzaile eta eragile bilakatzea; eta bost, kultur programazio publikoan ere gutxieneko kuotak ezartzea, egungo egoera soziolinguistikoa —«eta ez duela hiru hamarkadakoa»— kontuan hartuta.

euskal artisten II. mintegiaren egitaraua

  • 09:00-09:30. Harrera eta jardunaldiaren aurkezpena.

  • 09:30-10:15. Hitzaurrea. Ekhi Zubiria Etxeberria soziologoaren hitzaldia.

  • 10:15-11:45. Hitzaldiak. Hizlariak: Ander Lipus, Oskia Ugarte, Gotzon Barandiaran, Unai Iturriaga, Ihitz Iriart, Amagoia Gurrutxaga eta Iratxe Retolaza.

  • 12:15-13:30. Mahai ingurua: Legezko jantzi bat, artezko bizitza bati. Hizlariak: Maia Iribarne, Oihana Iguaran, Joseba Larratxe eta Bernardo Atxaga. Moderatzailea: Iñigo Astiz.

  • 13:30-14:15. Gogoeta saioa.

  • 14:15-14:30. Bakarrizketa. Testugilea: Koldo Izagirre. Irakurle dramatikoa: Mikel Martinez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.