Bilboko BBK Salak euskal dramaturgiari buruzko Dramaturgia Biziak jardunaldiak hartuko ditu ostiraletik igandera bitarte. BBKk, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Dantzerti Euskadiko Arte Dramatikoaren eta Dantzaren Goi Mailako Eskolak elkarlanean antolatu dituzte topaketak, hiru helbururekin: euskal dramaturgia garaikidea sustatzea, Bizkaiko talentua bultzatzea eta antzerkigintzako profesionalen, sortzaileen eta ikusleen arteko topagunea sortzea.
Antolatzaileek esplikatu dutenez, antzerkigintzaren garapenean eta prestakuntzan dagoen behar bati erantzun nahi diete. Koldo Bilbao BBKko Kultura arduradunak adierazi du sektoreko profesionalak eta ikusleak elkartzeko esparrua sortzea dela asmoa. Izan ere, dramaturgia espezialitatea ez dago oraindik txertatuta hezkuntza arautuan, eta, jardunaldien bidez, premia horri erantzun nahi diote.
Sektoreko sortzaileek dramaturgiaren hainbat alderdi aztertuko dituzte, lau mahai ingurutan. Lehen egunean, Agurtzane Intxaurraga, Amancay Gaztañaga eta Ana Garcia Peña arituko dira Emakume eta disidenteen antzerkigintza Euskadin solasaldian. Istorio berriak izenekoan, berriz, Aizpea Goenaga, Iñigo Guardamino, Javier Liñera eta Kepa Errasti izango dira parte hartzaile.
Larunbatean, bi saio egingo dituzte goizean. Edizioa, argitalpena eta antzezpena mahai inguruan Conchita Piña, Itziar Pascual, Paco Gamez eta Denise Despeyroux izango dira. Euskal dramaturgia gaur izenekoan, berriz, Iñaki Cid, Oier Guillan, Olatz Gorrotxategi eta Ainara Gurrutxaga ariko dira. Mahai inguru guztietarako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman beharko da, dramaturgiabiziak@dantzerti.eus helbidera mezua bidalita.
Antzerki testuak ring gainean
Jardunaldietako beste ardatz nagusietako bat dramaturgia txapelketa izango da. Lehiaketa horren bidez, euskarazko eta gaztelaniazko antzerki testu berriak jarriko dituzte lehian, ikusleen aurrean. Aurrez hautatutako lanak BBK Salako agertokian prestatutako ring batean aurkeztuko dituzte.
Larunbatean, finalaurrekoak egingo dituzte. Hizkuntza bakoitzeko lau proposamen aurkeztuko dituzte, zortzi guztira, eta Dantzertiko ikasleek irakurketa dramatizatuen bidez edo bitarteko antzezpenen bidez taularatuko dituzte. Ikusleek lau lan hautatuko dituzte finalerako, bi euskarazkoak eta bi gaztelaniazkoak. Igandean finala egingo dute, eta bertaratutakoek erabakiko dute zeintzuk diren bi testu irabazleak. Irabazten duen lan bakoitzak mila euroko saria jasoko du. Finalaurrekoetarako eta finalerako sarrerak doakoak izango dira.
Bestalde, ostiralean, Alberto Conejeroren Leonora antzezlana taularatuko dute. Natalia Huarte aktorea da obraren protagonista, eta Conejerok berak idatzi eta zuzendu du. Leonora Carrington margolari, eskultore eta idazle surrealistaren unibertsoan oinarrituta dago lana, eta artistaren Mémoires d'en bas liburutik abiatzen da.