«Gizartearen iruditeria kolektiboan, euskal eskulturak ezin du gizonen izena bakarrik eduki, emakumezko eskultore pilo bat ere ari garelako lanean, orain, hemen». E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteko presidentea da Amaia Conde Chiralt artista, eta Eskultoreak hemen orain erakusketaren irekieran egin ditu adierazpenok. Elkartea osatzen duten hemeretzi emakumezko artisten lanak bildu dituzte bertan, eta, erakusteaz gainera, ikusaraztea da haren helburua. Bizkaiko Batzar Nagusietako aretoan jarri dute erakusketa, eta bertan dira, besteak beste, Eider Baile, Barbara Camhi, Idoia Grijalbo, Idoia Elosegi, Arantza Munita eta Conderen beraren lanak. Apirilaren 24ra arte egongo da erakusketa zabalik.
Duela lau urte sortu zuten elkartea, eta erakusketan parte hartu duten hemeretzi artistek osatzen dute egun. Euskal Herrian jaiotakoak edo Euskal Herrian bizi diren artistak dira denak, eta guztiak emakumezkoak. 30 urteren bueltan dabil kiderik gazteena, eta 70 betetzekoa da zaharrena. Aurrez ere, Bilbon egon aurretik, beste hainbat herritan ere jarri dituzte euren lanak ikusgai: besteak beste, Barakaldon (Bizkaian), Tolosan (Gipuzkoa), Zumaian (Gipuzkoa) eta Donostiako San Telmo museoan ere egon dira aurrez, eta, zehaztu dutenez, Burgosen (Espainia) egingo dute hurrengo erakusketa, Medina de Pomar herrian.
«Oso ikusgarriak izan dira gizonak, artean orokorrean, eta euskal eskulturan ere bai, baina gu ere hemen gaude»
OLATZ PEREDA Artista
«Oso ikusgarriak izan dira gizonak, artean orokorrean, eta euskal eskulturan ere bai, baina gu ere hemen gaude». Olatz Pereda da elkarteko kiderik gazteena. Alonsotegin (Bizkaia) jaio zen, 1993an, eta hasieratik izan da elkarteko kidea. Elkarri lotutako moduluz osatutako pieza bat jarri du erakusketan, eta, azaldu duenez, elkarteko kideen arteko harremana da bereziki inspiragarri egiten zaiona; elkarrekin duten hartu-emana.
Elena Scarati Brescia herrian jaio zen, Italian, 1972an, baina urteak daramatza Euskal Herrian bizitzen, eta Donostiako La Inversa elkartearen eta galeriaren sortzailea da. E3 Euskal Emakume Eskultoreak elkarteko kidea ere bada, eta hari gorriz sortutako eskultura bat jarri du Bilboko erakusketan. Aretoaren ertz bat hartzen du piezak, eta, artistak zehaztu duenez, kilometro bete hari baliatu du hura sortzeko. Egitura organiko baten itxura du lanak, eta, hain zuzen ere, haren hitzetan, «bizitzaren prozesuak imitatuz» osatzen du bere lana. «Natura ez da minimalista», azaldu du, «maximalista da, eta, horregatik, nik neuk ere, mugarik izan ez banu, fra, fra, fra, eraikin osora zabalduko nukeen eskultura hau ere».
Eguzki lorea, babes eske
Helena Elbustok (Paris, 1966) Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen Arte Ederren Ikasketak, eta dantza garaikidea eta pintura landuz hasi zuen ibilbidea. Eskultura ere lantzen du egun, eta, hain zuzen, lan horietan ere igar daiteke mugimenduarekiko duen kezka. Paperez egindako eskultura bat jarri du Bilbon ikusgai, esaterako, eta, azaldu duenez, material horren moldakortasuna da gehien interesatzen zaizkion ezaugarrietako bat.
Ate bati itsatsitako eguzki lore bat eraman du erakusketara Susana Bart artistak (Bilbo, 1977). Azaldu duenez, ekologia da bere jardun artistikoaren kezka nagusietako bat, eta hori dago Bilbon erakutsi duen piezaren muinean ere. Material birziklatuak erabiltzen ditu maiz, eta, kasu honetan, plastikoa baliatu du eskultura sortzeko. Eguzki loreak babesa irudikatzen duela gogoratu du sortzaileak, baina, kasu horretan, eguzki lorea da babes eskean dabilena. Natura.

Eta erakusketaren askotarikotasunaren erakusgarri dira Maite Canto artistak horman zintzilikatutako beira zuntzezko aurpegi erraldoia, Mari Jose Lacadenak alanbrez inguratutako eskultura delikatua, eta Arantza Munitaren eskultura geometrikoagoak.
Aurrekoetan egin bezala, Bilboko erakusketan ere bisita gidatuekin, tailerrekin eta hitzaldiekin osatu dute proposamena. Martxoaren 20an, esaterako, mahai ingurua antolatu dute Dora Salazar, Elena Mendizabal eta Mabi Revuelta artistekin, eta martxoaren 27an hitzaldia emango du Lourdes Mendez artearen antropologo feministak. Katalogo bat ere prestatu dute erakusketaren harira, eta Maria Jose Aranzasti arte historialari eta komisarioaren hitzaurre bat ere badarama.
ARTISTAK