Sei urte dira Ane Labaka Maioz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992) Lekeition bizi dela, eta igandean han jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa. Pronto utzi zuen etxea gonbidatuak ailegatzerako: aspaldi garbitu gabeko kristalak garbi, zapoa labean, sorbeteak hozten, karmina ezpainetan eta koloretea masailetan. «Anfitrioi gozoa bezain/ gaiztoa izan ninteke/ sartu lasai barruraino/ nire etxean zaudete». Izan zuen hala sentitzerik, nahiz eta zenbaitetan ez zen eroso sentitu. Zuzenean sailkatu da finalaurrekoen lehen itzulirako, berak eskuratu baitzituen puntu gehien. Gernikan kantatuko du (Bizkaia), azaroaren 7an.
Igandeko saioa irabazita, zer moduz zaude?
Pozik nago, noski, baina gorputza lehertuta daukat, finalen biharamunetan egon izan naizen bezala kasik. Halere, kostatzen ari zait pozera iristea, oso saio gogorra izan baitzen niretzat.
Zergatik?
Denak eragin zuen. Uste dut bazeudela saioaren inguruko espektatiba batzuk, morbo bat, ez zutenak lagundu hasieratik askatu gintezen. Momentu batzuetan ez nintzen batere eroso egon saioan sortu zen giroarekin; zortziko txikian, batez ere. Oilar borroka bat zela iruditu zitzaidan, norgehiagoka bat, eta, gainera, publikoak berak ere hori txalotzen zuela. Uste dut kantatu daitekeela beste modu batera. Neure burua harrapatuta sentitu nuen, eta batzuetan ez nuen gustura kantatu.
Diozun giro hori oholtzan nabaritu zenuen, edo publikoan?
Orokorra izan zen, eta uste dut denon artean sortu genuela. Nik, adibidez, normalean kantatzen dudan baino altuago kantatzen nabaritu nuen neure burua, norgehiagoka horretan. Momentu batean, bertsokide bati esan nion futbol partida batean geundela zirudiela. Bertsoak fintzen aritu baino gehiago, tentsiozko momentu hori kudeatzen aritu nintzela esango nuke. Gero lortu nuen askatzea.
«Saioa oilar borroka bat zela iruditu zitzaidan, norgehiagoka bat, eta, gainera, publikoak berak ere hori txalotzen zuela»
Nola pasatu zenituen saioaren aurreko egunak?
Nahiko ondo. Etxeko lanak eginda nengoen, anbiziotsu, ahal nuen guztia egin izanaren ziurtasun horrekin. Gipuzkoako txapelketan, adibidez, ume txikiago baten zaintzari askoz ere lotuago egon nintzen, eta oraingoan izan dut atsedenerako denbora.
«Anfitrioi gozoa bezain/ gaiztoa izan ninteke/ sartu lasai barruraino/ nire etxean zaudete». Hala kantatu zenuen lehen agurrean. Izan al zenuen etxean sentitzerik?
Zozketa bidez erabakitzen da nork kantatuko duen saio bakoitzean, eta niri Lekeition kantatzea tokatu zitzaidan, orain dela sei urtetik bizi naizen herrian. «Espero dut herria alde izatea», pentsatu nuen. Eta, bai, babestua eta maitatua sentitu nintzen.
Bi urte dira kasik Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zenuela. Nolakoa izan da gaur arteko entrenamendua?
Egiteko modu bat lantzen saiatu naiz, estilo bat. Bertsozaleak nire bertsoekin identifikatzea nahiko nuke, edo zera esatea: «Begira, Ane Labaka ari da bertsotan». Saiatzen naiz forma asko lantzen eta beste modu batera bihurritzen. Ez nau asetzen betiko lau errimekin jarraitzeak, iruditzen baitzait horrek hitz berberekin gauza oso antzekoak esatera eramaten gaituela batzuetan. Beste oin eta errima batzuekin esateko beste modu batzuk bilatzeak motibatzen nau: gustatzen zait ariketa horrek nora eraman gaitzakeen.
Ganbarako ariketan nabaritu zen zure ahalegin hori. Hala zioen gaiak: «Behin eta berriz entzun duzu telefonoan utzi zizun mezua; oraindik ez duzu erabaki erantzun edo ez». Mutil bat etxera eraman duen pertsona baten larruan jarri zinen, eta mutilak izandako jarrerak kontatu zenituen hiru bertsotan. Berehala jakin al zenuen istorioa nola josi?
Bai, segituan etorri zitzaidan ideia. Barkamen eske bidalitako ahots mezua etorri zitzaidan lehenbizi, eta ideia horretatik hasi nintzen istorioa eraikitzen.
Gustura sentitu zinen ariketa horretan?
Oso gustura. Bigarren bertsoan hanka sartze nahiko nabarmen bat eginda hasi nuen saioa, eta eustea izan zen nire gerra saio osoan, amore ez ematea. «Benga, gora, gora, gora», pentsatzen nuen. Eta, uste dut ganbara izan zela goia jo nuen unea. Nik egin nahiko nukeen edo egin dezakedan horretatik gertu ibili nintzela sentitu nuen ariketa horretan, errima bereziagoen bila, esateko moduen bila, ñabarduretan sartuz... Ordura arte, brotxa lodiagoz aritu nintzen.
Ariketaren batean bereziki gustura aritzen zara?
Ganbarakoan eta hamarreko txikian aritu izan naiz beti gusturen. Horregatik, hain justu, saiatu naiz fokua gainerako ariketetan jartzen, eta pozik nago egiten ari naizen lanketarekin. Lehen uste nuen nire bertsokerak ez zuela balio ariketa batzuetarako; puntu erantzunek, adibidez, izugarrizko panikoa ematen zidaten gazteagotan.
Eta orain?
Orain gustura sentitzen naiz. Are, uste dut Lekeitioko saioan ariketa horretan hasi nintzela pixka bat askatzen.
«Beste oin eta errima batzuekin esateko beste modu batzuk bilatzeak motibatzen nau: gustatzen zait ariketa horrek nora eraman gaitzakeen»
«Indarra jarri dugu/ elkarren aitortzan/ ez dezadan sentitu/ horrenbeste hotz han/ kide transfeministak/ nahi ditut oholtzan». Horixe kantatu zenuen azken agurrean. Gorputz eta diskurtso transfeministen falta sumatzen duzu?
Zorionez, uste dut geroz eta gehiago daudela. Ari gara erakusten badirela bertsotan egiteko, oholtzan egoteko eta elkarrekin aritzeko modu batzuk, eta agur hori kantatu nuen nahiko nukeelako txapelketa horren isla izatea. Badakit lehiara bideratuta dagoen marko hertsi bat dela txapelketa, baina iruditzen zait hori ere puskatu dezakegula eta gure esku dagoela.
Zuzenean sailkatu zara finalaurrekoen lehen itzulirako. Gernikan kantatuko duzu, azaroaren 7an.
Irrikaz nago. Lekeition hasi dut txapelketa, etxean, eta Gernika hemendik hurbil dago. Bertsotan egin nahi dudan horretatik gertu egon nahiko nuke Gernikan, eta uste dut oraindik badaukadala marjina.