Gorka Azkarate.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Galbahearen estutasunaz

2026ko irailaren 28a
16:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bada zeresanik lehenengo faseko bigarren asteburuaren biharamunean. Geldialdi bikoitza txapelketako trenak, Altsasu eta Lekeitioko geltokietan. Sailkatzeko langa irudikariak begitantzeaz jardun ginen aurrekoan, eta jardun horri buru-belarri emana da bertsozalea gaur-gaurkoz, iragan berri den asteburuak emandako arrastoei segika.

Bi bertso saio elkarren parean jarri eta ondorioak ateratzea jardun oso konplexua dela gauza jakina den arren, asteburu berean saio bi jokatzen direnean saihestu ezinezko ariketa da bigarren saioaren joanean eta batez ere bigarren saio horren amaieran bezperan jazotakoa gogoratu eta alderaketak egitea. Ez bakarrik sailkapenari erreparatuta, baina baita, nola ez, perspektiba horretatik ere. Eta irakurketa garbia da: saio bakoitzeko irabazlea hurrengo fasera zuzenean igaroko ez balitz, Altsasuko irabazle Oier Etxeberriak, adibidez, benetan zaila izango luke aurrera egitea. «Zundaketez ezin da/ besterik espero/ orain broka txikia/ ta tunela gero» bezalakoak kantatu zituen Oier Etxeberriaz ari naiz, bai. Edo saio bereko Eneko Araiztegi, uneotan, inolako aukerarik gabe dago, freskotasun harrigarriz kantuan aritu eta, besteak beste, puntu erantzun gogoangarri batzuk oparitu ostean entzuleei. Mezu egokiak aukeratzeko Txaber Altuberen egonarria, Imanol Uriaren ausardia eta abiadura, Mantxiren bigarren gaztaroaren dirdira eta Eñaut Martikorenak ateraldi eta hitz joko originalenekin entzuleak txunditzeko erakutsi zuen gaitasuna ere ez ziren nahikoa izan «langak» eskatzen duen puntu kopurua lortzeko (Martikorenari dagokionez, gertuko bertso kide batek saioaren amaieran iradoki zidan bezala, «bertso askotan ateraldi bikain horietara bidean luma asko galduta» iritsi izana izan zen penarik handiena).

Hots: Lekeitioko saioa nabarmen izan al zen, sailkapenak iradoki dezakeen moduan, Altsasukoa baino «hobea»? Erantzun zaila duen galdera, ofiziotako ariketetan Lekeition gorabehera handiak izan zirela kontuan hartuz. Ganbarako lanean bakarka ondutako bertsoaldiari esker lortu zuen saio horretan garaipena Ane Labakak. Bertsoaldi horretan goia jo izan ez balu zein eszenatokitan geundekeen hobe ez irudikatu, ordura arte, zertzeladaren bat edo beste salbu, bere benetako maila eman ezinda bezala sumatu baikenuen lasartearra. Aner Peritzek, asmatu zuen bertsoetan, goia jo zuen, eta nola, gainera; galduta ibili zen uneetan bidea atzera berriz aurkitu izana izan zen, edozein moduz, haren meriturik handiena. Hasi eta buka, planari segi. Maddalen Arzallus inurri lanean aritu zen, modu lineal xamarrean (linealegian, zenbaitetan) puntuak bildu eta bildu. Aitor Bizkarra gaurkotasunari erreferentziak egiten saiatu zen etengabe, nahiz eta beti asmatu ez. Eneritz Artetxeri eta Aroa Arrizubietari dagokienez, poto batek kondenatu zuen saio ona osatzen ari zen azkoitiarra (puntu erantzunetan zenbait errimak laprast egiteko bidea ematen dute); bigarrenak ere eman zuen beretik, gai eta testuinguru batzuetan zorte handirik izan ez bazuen ere. Hamar lagun baino ez dira puntuen arabera sailkatuko, eta datozen lau saioetako kartelei begiratu azkar bat emanda… izen handi asko falta dira oraindik oholtzara igotzeko...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA