«Jarraitu nahi dugu zuek harritzen/ ikusiko gara Miarritzen». Hain segur, kontent eginen du etxerako bidea Julio Soto Ezkurdiak, bizkar gainean 683 puntuko zama hartuta. Hark irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako gaurko saioa, Tolosakoa (Gipuzkoa), eta, hortaz, jada segurua da nor izanen diren azaroaren 14an Miarritzen arituko diren bertsolarietako hiru: Soto bera, Sustrai Colina eta Oier Etxeberria. Gaur, baina, irabazleak bertze kide batzuk izan ditu aldean, eta hurrenkera honetan sailkatu ditu epaimahaiak: Amaia Iturriotz Etxaniz (651 puntu), Eli Pagola Apezetxea (639 puntu), Aitor Servier Etxexuri (638 puntu), Unai Mendiburu Valor (633 puntu) eta Oihana Bartra Arenas (632,5 puntu). Eder-eder zegoen Usabal kiroldegia: nahi adina irri, txalo eta berotasun. Eta hori dena bertso forman. Hasieran, Jone Uria zen Tolosan kantatzekoa, baina Mendiburuk kantatu du haren ordez, Uriak ezezkoa eman eta gero hura baitzen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hurrengo sailkatua.Â
Imanol Artola Felix izan da gai emailea, eta goxo-goxo hartu ditu bertsolariak. Bai eta berehala lanean jarri ere. Zortziko handian bereziki ongi erantzun dute Servierrek eta Sotok, eta txalo anitz jaso dituzte bueltan. Bi anaia izan dira, ongi zekitenak zein zen etxeko egoera: ama torturatua izan zela gaztetan. «Amesgaiztoak dira amaren/ eguneroko ogia/ familiatik erein dezagun/ gure herri memoria». Alegia, amak inoiz deus erran ez duen arren, Servierrek amaren bizipenak aditu nahi ditu. Bertzela pentsatzen du Sotok: «Zu gogoz zaude gertatu zena/ datuz datu aletzeko/ ta gu nor gara hitz egin nahi ez/ duenari galdetzeko». Eta arrazoitu du bere iritzia: «Bakean bada baina zergatik/ intxaurrondoa eragin/ nik ez nuke nahi zauri itxi bat/ odoletan hasi dadin». Ez du kobentzitzu anaia: «Gure zaurien sendabidea/ anaia, hor dago agian/ igual zauriak orbain litezke/ hurrengo belaunlaidan».
Iturriotz eta Bartra ere etxe bereko kideak izan dira, baina senideak izan beharrean, bikotea. Seme bat dute, nerabea, eta hari buruz aritu dira hausnarrean, geroz eta beranduago ari baita asteburuetan etxera bueltatzen. Harekin hitz egin nahi luke Iturriotzek: «Eta zuk duzu poli onaren/ pertsonai hori piztua/ nik esplikatu egin nahi diot/ non dagoen arriskua». Bartrak uste du semeak bere kabuz ikasiko duela, eta ez du elkarrizketan aritzera behartu nahi: «Zertako esan: ‘Ez erre asko/ ta ez probatu pilula’/ ze momentutan pentsatzen duzu/ kasu egingo dizula?». Piztu da eztabaida: «Eta zu kontran irteten zera/ joder, Oihana, arraio/ nahiz ta kasurik asko ez egin/ zerbait geratuko zaio». Umorez eta arin erantzun dio Bartrak, eta baita ederki egin ere: «Hartu ezazu eta parranda/ latza egiteko esan/ amari kontra egitearren/ kontrakoa egin dezan».

Ez du zertan hala gertatu, eta beti ez da pasatzen, baina ale barregarriak eta gozagarriak utzi dituzte gaurko zortziko txikiek. Iturriotz eta Pagola bizilagunak izan dira, bizilagun elkartu berriak, eta Iturriotz etengabe ari zaio tinbrea joka, postreak oparitzeko. Bartra eta Servier, berriz, bezeroa eta masajista izan dira, eta elkarri zirikan aritu dira nagusiki. Sotorena eta Mendibururena izan da, zalantza izpirik gabe, oholtza azpiko jendeari gehien gustatu zaiona. Irriak eta txaloak bertzerik ez zen aditzen ariketa bukatu denean. Elkarrekin ligatu eta Sotoren etxera joatea erabaki zuten bart, eta hara non, sorpresa batekin egin zuten topo gelara sartzean. «Izara altxa diot/ etor zaitez, lagun/ ikusiko duzu ze/ mingain azkarra dun». Hori zen panorama: txakurra sartu zuela ohera, elkarren artera. Zer egin ez zekiela geratu zen Mendiburu: «Nahiz ta tipo ausarta/ naizen, Julio, berez/ fantasiak nahi ditut/ baina hainbeste ez». Bertze txakur bat ere baduela egin dio mehatxu, eta han aritu dira eztabaidan, Sotok amaierako puntua jarri dion arte: «Hainbat zoofiliaz/ haitz berotzen naiz, haitz/ txakurrakin moldatu/ ni ja korritu naiz».Â
Hamarreko txikiak ere utzi du ale politik. Iturriotz eta Mendiburu, adibidez, kuadrilla bereko kideak izan dira, eta gaur, aspaldiko partez, lagunarte horretara joan dira. Mendiburu: «Ta batzutan aparte/ egoteagatik/ gaizki sentitu naiz/ ez dakit zergatik». Lagunak sentitzen duenari hitzak jarri dizkio Iturriotzek: «Nik kontzientzia trankil/ zuk ez duzu gozo/ bazkarietan zaude/ ta urduri oso/ beharbada zu ere/ ez zaude eroso».Â
Jarraian, fin-fin, Servier eta Pagola. Lankideak izan dira, eta, elkar erakartzen duten arren, biek daukate etxean harreman monogamo bat. Ederki hasi da Servier egoera deskribatzen: «Kafe makinan gaude/ begia urtsua/ ez laztan, ez intziri/ eta ez musua/ zure eskutik dator/ egur bat sutsua/ eta gero harekin/ piztu ohi dut sua». Nahi eta ezin, horixe gertatzen zaio Pagolari: «Gurea ezkutatuz/ disimulo handiz/ baina etxean pentsatu/ ohi dut mila aldiz/ zugana gerturatu/ nahiko nukeen berriz/ paktuz kanpoko zerbait/ izango ez balitz». Eta goxo agurtu du Servierrek: «Etorri zaitez ez in/ dudarik sekula/ ni ere sentitzen banaiz/ beldurrez, ahula/ Eli, ederki dakit/ zainduko nauzula».Â
Transmisioarenak
Horrela zioen ganbarako gaiak: «Duzun jakintza guztia transmititu diozu. Gaur zure lekua hartu du». Nahiko irekia zuten bakarka aritzeko gaia, helduleku zehatzik gabea eta, hortaz, bertsoak zehaztasun anitzez jostea exijitzen zuena. Teknikoki zailagoa, baina emaitza are ederragoa bilaka lezakeena. Gai irekia jartzearen ondorietako bat gertatu da: inortxok ere ez du albokoaren ipuin bera kontatu.Â
Mendiburu izan da aurrena kantatzen, eta aita baten lekuan jarri da lehen bertsotik. Hala kontatu du bere istoriaren abiaburua: «Amak goiz utzi gintuen/ ta pentsatu ze galera/ terapia ume batek/ egiteko zein aukera/ urteak pasatu dira/ eta hau da egoera/ semeak gaur atera du/ psikologia karrera». Esplikatu du semea arratsetan lo hartu ezinik ibiltzen zela, eta terapia egiten zutela etxean, aitaren eta bien artean. Orain egoerak bertze aldean jarri du, eta hura izanen da aurrerantzean terapia emanen duena. Buru osasunaren aldeko aldarriarekin bukatu du lan puntuagarria: «Beti biziko baikara/ galduta noraezean/ gure buru osasuna/ aurretik landu ezean».
Erabat bertzelakoa izan da Pagolaren istorioa; oinarri-oinarrian, eolikoen kontrako mezu garatu bat. Plan energetiko horien kontra egitea zuen lana; hau da, lurrak haize errotaz bete ditzaten galaraztea. Orain, baina, utzi eginen du postua, eta bertze norbaitek hartuko du bere tokia. Legearen eta hitzarmenen aurka egitea zen kontua, eta, beraz, premiazkoa zen ezkutuan ibiltzea. Honela aritu da josten: «Ez inoirekin hitz egin/ ez zazu pakturik hautsi/ gorde zure txokoan ta/ ahal bezain isilen eutsi/ inguru hontan txakurrak/ izan baitira nagusi/ demostratu formakuntzan/ zer ziguten erakutsi/ animo ez daukazu ta/ ni ordezkatzen lan gutxi/ ez zazu gertatu dena/ besteen eskutan utzi/ eta garrantzitsuena/ ez zaitzatela ikusi».

Iturriotz bikain aritu da: ongi hasi, halaxe eutsi, eta ganbaran goia jo. Ezin abilago josi du bakarkako istorioa: familia medikua izan da urte luzez, eta erretiroa hartzekoa da orain. «Maria, jada prest zaude/ ta eman diot musu/ dena ikasi baituzu/ ze ohore, ze luxu/ begitara begiratzen/ ere ikasi duzu». Hain goxo kantatu du, ezen entzulea hunkitzea ere lortu baitu: «Kontsulta hau zurea da/ ta zeu zara nagusi/ egin beharko dituzu/ mila kontu itsusi/ Maria, hartu itzazu/ ardura ta zuhurtzi/ nik dakidan guzti hau ttak/ hor dizut erakutsi/ osasungintza ez dizut/ une onean utzi». Txalo zaparrada luzea egin dio entzuleriak: asmatu eta arrastoa utzi duen seinale.Â
Jarraian, Bartrak argi eta garbi eman ditu azalpenak, hamabiko txikian eta gaian anitzik korapilatu gabe. Alabari euskaraz egin izan dio beti, eta hark ederki ikasi zuen hura zela etxeko hizkuntza bakarra. Alta, soilik etxean gertatzen zen hori, kalean espainolez aritzen baitzen lagunekin. «Azkenean alaba/ egin zaigu handi/ ta ama bihurtu da/ argi eta garbi/ zelako egoera/ ta erabaki nagi/ ta euskara pasa dio/ bere alabari». Bazekien zerbaitetarako balioko zuela bere ahaleginak, eta harro dago egin izanaz. «Behin zenean nerabe/ txula eta prenda/ zelako gertakari/ ta txapa zerrenda/ esaten zuen ama/ benga, benga, benga/ baina barru-barruan/ zerbait geratzen da».Â
Barrenak atera
Servierri ez zaio gauza handirik geratu erran gabe, barruan zeukan dena atera baitu ganbaran. Eta txukun-txukun atera, gainera. Lehen bertsoan kontatu ditu bi gauzak: nor zen bera eta nor jarri duten bere lekuan. «Nola alderdi/ hortxe zebiltzan/ errelebo baten galdez/ ni Urkullu naiz erretiroa/ hartu dut orain tamalez/ Ajurianean nere lekuan/ ezarri dute Pradales». Bertsotik bertsora denboran salto egin, eta esplikatu du orain nola ikusten duen Pradales lanean, bera irakasle izan eta gero: «PP eta Vox bihurtu dira/ orain bere kezka goren/ eta Pradales ikasle finak/ ba al daki zer datorren?/ gure alderdian nola ba ate/ birakari bat dagoen/ lekua uztean edukiko du/ postutxo bat Petronorren».Â
Alabaina, inork asmatu badu ganbaran, Sotok asmatu du. Dena ez baita istorio bat sortzea, baizik eta oholtzan egotea, nola gorputzez hala edukiz. Eta Sotok keinu andana bat egin dio Tolosari. Alegiako amatxi bat irudikatu du: «Katiuskak kaka belztuez/ aritzen garen langintzan/ lehenago zen: ‘Egin zak’/ gaur izan leike: ‘Egin zan’/ baserritar izan naiz ni/ aita-amek nahi zuten gisan/ alabak bai, nik ez nuen/ aukeratzerikan izan». Lehen bertsotik hunkitu dira entzuleak, baina Soto haratago joan da: kontatu du alaba Fraisorora joan zela ikastera, etxea izan arren bere benetako eskola: «Orain garoa ebaki/ gero erein banabarra/ nire hitz amaiezinak/ ta pasiozko tabarra/ begi zoliz jaso ditu/ kontua eta abarra/ ta tximeleta bihurtu/ denean gure beldarra/ hari re etorri zitzaion/ zerbait ikasi beharra». Orain Tolosan izaten da astero, Berdura plazan. «Ortu handi bat jarri du/ badu pipar ta artorik/ nik pixkat laguntzen diot/ oaindik ez nago gaixorik/ eta larunbat goizero/ ematen baitu pausorik/ Berdura plazan jartzen da / saski eder bat jasorik/ zuetako inork balu/ bat erosteko gogorik/ ez duzue aurkituko/ letxua goxoagorik».
SAILKAPEN OROKORRA
Miren Artetxe:Â 709 puntu.
Maddi Ane Txoperena: 691 puntu.
Saioa Alkaiza: 683 puntu.
Julio Soto: 683 puntu.Â
Ane Labaka:Â 681 puntu.
Aner Peritz: 679 puntu.
Maddalen Arzallus: 677,5 puntu.
Aitor Bizkarra: 676 puntu.
Oihana Iguaran: 672,5 puntu.
Oier Etxeberria: 672,5 puntu.
Xabat Galletebeitia: 672 puntu.
Eneko Araiztegi: 659,5 puntu.
Maider Arregi: 659 puntu.
Amaia Iturriotz: 651 puntu.
Txaber Altube: 648,5 puntu.
Imanol Uria: 647,5 puntu.
Eneritz Artetxe: 646 puntu.