Urduritasun dosi erantsia sumatzen zen gaur Agurainen (Araba), artean bertso saioa hasi gabe zenean ere. Eta bakarra zen arrazoia: gaur erabakiko zela zein bertsolarik eginen zuen aitzinera Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, eta zeinek ez. Eta erabaki da honezkero. 695,5 puntu bilduta eta saio polita eginda, Nerea Elustondo Plazaola gailendu da Agurainen, eta Eibarrerako (Gipuzkoa) sailkatu da zuzenean, urriaren 31n. Irabazteko gogoz agertu da hasmentatik: «Gaztegoekin oholtzaratzeko/ pozik egin dut apustu/ apetitua badut oraindik/ ta ez zait hortzik kamustu». Bortz kantukide izan ditu gaur aldean, eta ordena honetan jaitsi dira oholtzatik: Gorka Pagonabarraga Agorria (663 puntu), Asier Azpiroz Iztueta (661 puntu), Agin Laburu Rezola (660,5 puntu), Aissa Intxausti Aburruza (639,5 puntu) eta Irantzu Idoate Funosas (605,5 puntu).
Horrenbertzez, txapelketa ailegatu da lehen eskailera burura, eta hamazazpi bertsolari hauek kantatuko dute bigarren fasean, dagoeneko han diren zazpi finalistekin batera: Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Maddi Ane Txoperena, Saioa Alkaiza, Julio Soto, Ane Labaka, Aner Peritz, Maddalen Arzallus, Xabat Illarregi, Aitor Bizkarra, Oihana Iguaran, Oier Etxeberria, Xabat Galletebeitia, Gorka Pagonabarraga, Asier Azpiroz, Agin Laburu eta Andoni Rekondo.Â
Baina sailkapen hori eskuratu aitzinetik saio osoa zuten egiteke gaurko sei bertsolariek. Lehen agurren ondotik lanean jarri ditu Irati Martinez Izaga gai emaileak, zortziko handian, eta zozketak agindutako ordenan, Laburu eta Idoate izan dira lehenak neurri horretan kantatzen. Are, haiek aritu dira, hain segur, hiru bikoteetan hobekien. Bi lagun gorpuztu dituzte, gazte-gaztetatik eskaladan aritu direnak elkarrekin. Elite mailara iritsiak dira orain biak, eta halaxe hasi da Laburu: «Humanua da beldurra eta/ bertigua sentitzia». Ez du halakorik uste Idoatek: «Nola nahi duzu soka askatu/ ta amildegira bota/ behin amestu den pareta horren/ azken puntara igota». Eskalada uzteraino nekatu da Laburu, «gorputza ez da ondo aritzen/ burua gaizki badago», eta sobera ez urruntzeko erregutu dio, polit-polit, Idoatek: «Noizbehinka behintzat elkar gaitezen/ denbora pasa bezela/ ez zazun ahantzi behinola hontan/ plazer hartzen zenuela».Â

Izan Aguraingo bestak zirelako edo izan jendea gogotsu zegoelako, berehala hasi da publikoa berotzen. Zortziko txikia ere akaso lagungarri izan da horretan, umorez fin aritu baitira hiru bikoteak. Pagonabarraga eta Laburu, erraterako, enpresa bereko bi kide izan dira, Laburu nagusia eta Pagonabarraga langilea. Telelana egiten ari zen langilea, eta nagusia deika eta deika hasi zaio. «Alaiago bizi naiz/ ez badut ikusten/ jeitxi naiz ogia ta/ lau gauza erosten/ hankak luzatzen ere/ ez didazu uzten», bota dio Pagonabarragak, dendatik telefonoa hartu diola kontatuta. Kideak errandakoa entzun, eta buelta eman dio nagusiak egoerari. «Ikusi gabe hobe/ denbora gutxiko/ behar bada ez nazu/ berriz ikusiko». Langileak uste du kosta eginen zaiola haren modukorik aurkitzen, eta galdera gaiztoarekin eman dio erantzuna nagusiak: «Langile eskubideak/ beti hortan zaude/ zuria garbi dago/ neriak nun daude?».Â
Ederki asmatu dute Azpirozek eta Intxaustik ere, agudo eta umoretsu erantzun baitiote Martinezek botatako gaiari. Baratza bat jarri zuten elkarrekin, baina ardurak ez dituzte berdin banatu: Azpirozek lana egin eta Intxaustik uzta banatu. «Kolektiboa ez al/ dugu helburua?/ zuk lan indarra jarri/ eta nik burua», hasi zaio zirikan Intxausti. Eta bizkor erantzun Azpirozek: «Otarrean tomate/ tipula ta letxu/ baina hatzaparretan/ kallorik ez dezu». Elkarri mokoka aritu ondotik, bikain itxi du elkarrizketa Intxaustik: «Ez da hainbesterako/ ez zabiltza grabe/ hau nahiko ondo dago/ baino berde zaude».Â
Erori eta altxa
Nahiko saio gorabeheratsua izan da, eta ondoko ariketak izan dira horren adierazle. Laburu eta Elustondo bereziki ongi aritu dira puntu erantzunetan, baina erori egin dira segidan, hamarreko txikian, elkarrekin tokatu zaien ofizioan. Gainerako bertsolariek, oro har, behetik gorako saioa egin dute. Ariketa horretan ongi aritu dira, ordea, Azpiroz eta Pagonabarraga. 8 urteko semearen gurasoak izan dira, eta azaldu dute Espainiako futbol selekzioko kamiseta eskatu diela umeak. «Ta orain kamiseta/ pentsatu det: aski/ gorka igual zeozer/ egin degu gaizki», hasi da Azpiroz, eta bertze leku batetik bideratu du elkarrizketa Pagonabarragak: «Ta debekatu ordez/ lehenbizko talkan/ azal diezaiogun/ zer esanahi daukan».Â
Horrela zioen ganbarako gaiak: «Orain arte lagun mintzat zeneukan; badakizu hemendik aurrera ez dela hala izango». Ume txiki baten rola hartu du Laburuk, kantatzen lehenak, eta ikastetxera zuzendu du soa: «Jolas garaian berriro ez da/ atera nere izenik/ futbolerako ez baitute nahi/ halako mutil gizenik/ hemen nagonak ez du esan nahi/ hemengo parte naizenik». Ez zaio gustatu lagunak egindakoa, eta erabaki du bakoitzak bere partida jokatuko duela hemendik aitzinera. «Nahiz ta edozer egingo nukeen/ bueltatziarren lehengora/ inork ez digu esplikatu ta/ agian komeniko da/ itxi gabeko zauriekin zer/ gerta litekeen gerora».Â
Hagitz bertzelako bide batetik gidatu du istorioa Idoatek, futbolean ari den haur baten begietatik beharrean, herritik alde egitera doan nerabe baten begietatik. Entzulearen barne-barneraino ailegatzea lortu du, ipuina ahots eztiz lagunduta: «Batera egina dugu/ nigar, irri ta garrasi/ badakigu nola egin/ bestea denean nahasi/ badakigu gure minak/ nola kontatu ta jantzi/ baina urrundik maitatzen/ nehoiz ez dugu ikasi». Biharko egunez joanen da herritik, eta hitz eder-ederrez agurtu du laguna, azken bertsoa heltzerako: «Harremana aldatuko da/ urte luze hontan zehar/ eta ulertuko dugu/ ez dugula elkar behar/ baina asmatuko dugu/ nola ez ahantzi elkar».Â
Elustondorentzat ere lagun mina zena ez da gehiago hala izanen, baina ez gainerakoen antzerako arrazoiengatik. «Nahiz ta lehenago ez ausartu/ elkarri garbi esaten/ ez dakit lagun minaren/ izena manten dezakeen/ bukatu genuenetik/ elkarri mukiak jaten». Barra baten bueltan ezagutu zuten elkar, eta esplikatu du orain arte lagun min soil zena orain zerbait gehiago bihurtu dela. Ez daki geroak zer ekarriko dion, baina amain ematea erabaki du: «Inortxok ere ez daki/ non bukatu dezakegun/ orain arte ginenak/ bata bestearen lagun/ ez dugu nahi bihurtzerik/ bat bestearen alargun/ ta gaizki irteten dela/ nolabaitean demagun/ bukatzen den bitartean/ elkar gozatu dezagun».Â

Erdi umorez erdi serio jardun da Azpiroz, zenbait animaliarekin hitz jokoak eginda. Ustezko lagunak barregarri utzi du gainerako klasekideen aitzinean: usain txarra duela erran du. Baserritarra dela esplikatu du, eta lagunak gorotz usaia duela erran diola. «Besterentzat naiz arrotza/ neandertala ta motza/ gaztain xigortu bat naiz barrutik/ kanpoan daukat morkotsa/ basurdearen gorputza daukat/ ta arkumaren bihotza». Haserretuta eta minduta dago lagunarekin, eta harengana gehiago ez hurbiltzea erabaki du, hitz jokuak eginez jarraituta: «Ez det izan nahi maitea/ baina eskatzen det pakea/ artalde baten gisakoa da/ gaur egungo gizartea/ ba artalde hortan zilegi bekit/ xaxardia izatea».Â
Jarraian, ongi-ongi esplikatu du Intxaustik nola senti daitekeen lagun min baten dolua: «Esaten zidan: ‘Aissa/ beti egongo naiz hor’/ baina laguntza eskatu/ ta ez neukan inor». Nahi zuenean eta bere intereserako egiten zion soilik bisita, eta egoerarekin nazkatuta, gomendio bat eman die Aguraingo ikus-entzuleei: «Harreman batek ditu/ hamaika kontratu/ ta hautsi dituzula/ gutxienez onartu/ ‘Ai, Aissa, barkatu/ hanka nuen sartu’/ zuen parean nahi dut/ gauza bat kokatu/ lagun onak zuek esku/ batekin kontatu». Zortzi errimako doinua erabili du, eta ederki asmatu du ahotik belarrietaraino sartzen.Â
Ganbaran jo du goia Pagonabarragak, eta hark ere ikasgela batean kokatu du ipuina. Orain arteko lagun mina ikusi du lehenik gelara sartzen: «Atetik kanpo hortxe sartu da/ ta niri susto itzela/ lagun berri bat egina baitu/ lehen ni nintzen bezela/ ta niri buruz ez du esan ba/ pertsona txarra naizela». Piramide baten moduan ikusten du gelako giroa: goitian egon nahi duenak albokoa zanpatzen du. Eta bukaera ederra eman dio bertsoaldiari: «Pentsa dezaket lehen lagun mina/ orain ze kalamidade/ baina ahoa itxi behar dut/ gaudenean parez pare/ ikasgelara iritsi gara/ elkarren ondoan gaude/ harreman batzuk apurtzen dira/ zaratarik egin gabe».Â
Bigarren faserako sailkatu diren bertsolariak, PUNTUAZIOAREN ARABERA
Miren Artetxe: 709 puntu.
- Nerea Elustondo. 696,5 puntu.Â
Maddi Ane Txoperena: 691 puntu.
Â
Saioa Alkaiza: 683 puntu.
Â
Julio Soto: 683 puntu.Â
Ane Labaka: 681 puntu.
Aner Peritz: 679 puntu.
Â
Maddalen Arzallus: 677,5 puntu.
Â
Xabat Illarregi: 676,5 puntu.
Â
Aitor Bizkarra: 676 puntu.
Â
Oihana Iguaran: 672,5 puntu.
Â
Oier Etxeberria: 672,5 puntu.
Â
Xabat Galletebeitia: 672 puntu.
- Gorka Pagonabarraga: 663 puntu.
- Asier Azpiroz: 661 puntu.Â
- Agin Laburu: 660,5 puntu.Â
Andoni Rekondo: 660 puntu.
Atseden hartzeko asteburua izanen da heldu dena, eta urriaren 24an ekinen diote berriz lanari. Lekunberrin (Nafarroa) izanen da saioa, lehendabiziko bueltako lau saioetan lehena. Sei bertsolari arituko dira kantuan: Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illarregi.