Gaurko saioan garaile atera ondotik, Saioa Alkaizari puska batez, behintzat, luzatuko zaio Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bidea. Hasierako agurrean azaldu du kultura zekarrela plazara, bai eta ekarri ere: «Kaixo entzule kultura dakart/ ta ez hitzetik ultzera/ herri zahar hau kanta dagigun/ bertsoz hitzetik hortzera».
683 puntu eskuratuta nagusitu da Alkaiza beste bost bertsolarien aurretik. 10 puntu eta erdirengatik gailendu zaio bigarrenari, Oihana Iguarani (672,5); Maider Arregik egin du hirugarren, 653 punturekin; eta Eneko Lazkozek laugarren (624,5). Iñaki Viñaspre izan da azken-aurren, 613,5 puntu eskuratuta; eta Sarai Robles azken, 600,5 punturekin. Oraindik hiru saio falta badira ere, Alkaizak dagoeneko bermatuta dauka eserleku bat hurrengo fasean. Lekunberrin (Nafarroa) kantatuko du, urriaren 24an.
Zortziko handiko ariketarekin ekin diote sei bertsolariek saio puntuagarriari. Arregi eta Robles izan dira altxatzen lehenak, eta borobil osatu dute ariketa. Xalbat Alzugarai gai emaileak jarritako gaiaren arabera, adinekoen egoitza batean bizi dira biak, eta haien egoitzako publizitate kanpainako irudia izatea proposatu diete. Arregiri ez zaio askorik axola, baina Roblesek ez du nahi. Arregik eman du lehen kolpea: «Orain artean ez dute egin/ hemen hainbeste marketin/ ea baldintzak hobetzen diren/ gure irudiarekin». Roblesen irudiko, proposamena onartzeak ez ditu gauzak horrenbeste aldatuko: «Nahiz ta egia erakusteak/ dituen mila bertute/ nire kasuan gezurra ere/ dela pentsatuko nuke/ geltokitako kartelean ez/ etxean egon nahi nuke».
Zortziko txikian aritu dira gero, eta jendeak gogotik jo du txalo Iguaranen eta Viñaspreren bertsoaldiarekin. Gaiaren arabera, elkarrekin joaten dira egunero lanera, autoz, irratia aditzen. Berri interesgarri bat dagoen bakoitzean, Viñaspre hizketan hasten da. Hala abiatu da Iguaran: «Bidai partekatzeko/ gure kontzientziak/ kontraesan bihurtu/ ja koherentziak/ agortzeko kapaz da/ nere pazientziak/ albistegiak dauzkan/ interferentziak». Viñasprek, zera erantzun dio, Euskadi Irratia aditu baino, nahiago duela musika eta diskoteka. «Mozten dizut berria/ ez hartu kasketa/ nik baino gezur gehio/ esaten dute ta».
Plaza bero dago; publikoak ozen abestu ditu bertsoen errepikak, barre egin du, bai eta txaloak gogoz jo ere. Halakoa izan da giroa, eta giro horretan iritsi da hurrengo ariketa: hamarreko txikia. Gai emaileak Baxenabarreko bi guraso direla jarri die gaitzat Arregiri eta Lazkozi. Gaiak dio eurek Baionan egin behar izan zituztela ikasketak, eta, orain Donapaleun Lizeo berria irekiko dutenez, euren seme-alabek han ikasi ahal izango dutela. «Orain hemen daukate/ eskola kidea/ burura etortzen zait/ Eneko, idea/ ez dugula alferrik/ zabaldu bidea», kantatu du aurrena Arregik. Hala uste du Lazkozek ere, ez zirela borrokan alferrik aritu: «Baina gu Baionan ez/ ginen gaizki jardun/ nahiz hemen geratzea/ ederra daukagun/ han mundutxo berri bat/ zabaldu zitzaigun».
Ganbarara joan dira segidan sei bertsolariak. Entzule batzuek aldamenekoarekin hitz egiteko probestu dute tartea, bai eta bide batez komunera sartu-irtena egiteko ere. Konturatzerako hasi da sintonia hoska, eta harekin Arregi. «Geltokira eraman duzu. Joan ez dadin konbentzitzen ahalegindu zara, baina badoa. Nola abiatzen den ikusten gelditu zara». Horixe gaia. Berlinera Erasmusera joatear den baten despedidaz aritu da kantari: «Agur xumea izan da/ ez bertso ta ez aurresku/ gaur egungo gaztearen/ bizitzak loturaik eztu».
Roblesek, berriz, Bilbora ikastera doan semearen agurra irudikatu du kantuz: «Nik irribarrez egina/ diot diosala nahita/ bueltatzen den egunean/ hementxe egongo naiz ta».
Lazkozek bikotekidea engainatu duen pertsona baten larrutik kantatu ditu hiru bertsoak: «zuk argi esan didazu/ dena apurtu zaizula/ uzteko alde egiten/ ta ez deitzeko sekula/ itzulerarik gabeko/ txartela hartu duzula».
Iguaranek Gora señora jendea doinua erabili du ganbarako lanean, Señora sariketako finalean kantatu zuen bera. Gerrara kazetari doan alabaren agurra esplikatu du doinu horretan: «Baina ni bere ama naiz/ ta nahiko nuke babestu/ trena abian, parrez da/ eta nik sabela estu/ nola utziko dut alaba/ mundu krudel honen esku».
Viñasprek bikotekidearekin Madrilera bizitzera doan semea agurtu du hiru bertsotan: «Beti berdina gertatzen zaigu/ guztioi maitasunean/ alde egiten dutela urrun/ zuk behar dituzunean».
Alkaiza izan da ariketari erantzuten azkena, eta bertsoaldi ederra osatu du, hasi eta buka. Bost hilabete iraundako harreman baten amaiera antzeztu du. Hala eman dio bukaera bertsoaldiari: «‘Aio’ esan dit, nik espero nun/ filmetako despedida/ izkina baten gelditu naiz ta/ benga, akabo intriga/ bazter batean hor gelditu naiz/ nere penei begira».
GAURKO sailkapena
Saioa Alkaiza: 683 puntu
Oihana Iguaran: 672,5 puntu
Maider Arregi: 659 puntu
Eneko Lazkoz: 624,5 puntu
Iñaki Viñaspre: 613,5 puntu
Sarai Robles: 600,5 puntu
sailkapen orokorra
Miren Artetxe: 709 puntu.
Maddi Ane Txoperena: 691 puntu.
Saioa Alkaiza: 683 puntu.
Ane Labaka: 681 puntu.
Aner Peritz: 679 puntu.
Maddalen Arzallus: 677,5 puntu.
Aitor Bizkarra: 676 puntu.
Oihana Iguaran: 672,5 puntu.
Oier Etxeberria: 672,5 puntu.
Xabat Galletebeitia: 762 puntu.
Eneko Araiztegi: 659,5 puntu.
Maider Arregi: 659 puntu.
Txaber Altube: 648,5 puntu.
Imanol Uria: 647,5 puntu.
Eneritz Artetxe: 646 puntu.
Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’: 638 puntu.
Eñaut Martikorena: 637,5 puntu.