Irudimen ariketa bat egin behar da: pilotaleku handi bat dirudi kanpotik, baina barnean pilotaz bertzeko mundu bat kabitzen da. Mundu bat bertso. Eskaileretan goiti abiatu dira hiru kide, esku artean fitxa batzuk eta buruan lotu beharrekoen zerrenda dutela. Bertsozale elkartekoak dira hirurak: sustapen eragilea bata, eta ekoizpen taldekoak bertze biak. Udane Mugerza (Mutriku, Gipuzkoa, 1995), Ione Narbaiza (Abadiño, Bizkaia, 1979) eta Jone Antsotegi (Aulesti, Bizkaia, 1992). Urriaren lehendabiziko eguna da gaur Gernikan (Bizkaia).
37 egun falta dira Jai Alai pilotalekua bertso plaza bilakatzeko, eta dagoeneko Bertsozale Elkarteak bigarren bisita du gaur, kontu batzuk guztiz lotzeko. Iritsi dira lehendabiziko pisura, eta frontoira begira geratu: «Hor goiko tela beltzak beheraino jaitsi daitezke, ezta?», galdetu diote hango langile bati. Baietz, akaso baten bat zaharkitua egonen dela, baina ez dela arazorik egonen guztia estaltzeko. «Ondo. Akustika aldetik sekulako aldea dago olanak jaitsi edo ez». Oholtza pistaren erdian irudikatu dute, berrehun bat aulkirekin aitzinean. «Eszenatokia aurreraxeago ekarri beharko dugu, bestela berrehun aulkirekin ez dugu pista beteko». Segurtasun planaren arabera, ezin dira eserleku gehiago jarri. «Ba, orduan, zera egin dezakegu: aulkiak aurrean bakarrik jarri beharrean eskuinaldean eta ezkerraldean banatu». Oniritzia eman diote elkarri. «Eta epaileak? Eta komunikazio mahaia?». Bata alde batean eta bertzea bertzean; hala erabaki dute azkenerako.
Buelta erdi eman dute berehala, oholtzara begiratu beharrean, hari bizkarra emanez. «Eta nondik aterako dira bertsolariak eszenatokira?», bota du galdera batek. «Zesta-puntan hortik sartzen dira, publikoaren erdi-erditik». Gehiegitxo iruditu zaie, eta bertsolariak babeste aldera, bazter batetik sartzearen alde egin dute aho batez. «Aldagelek badute irteera bat pistara, eta ziurrenik nahiago izango dute hortik atera». Bata bertzearen gibelean jarri eta simulatu egin dute nola joanen diren sei bertsolariak epailearen atzetik. «Bikain. Apuntatuko dut».Â

Azaroaren 7an eginen da Gernikako saioa, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren faseko hirugarrena, eta sei bertsolari arituko dira kantuan. Entzuleentzat 17:00etan hasiko da, baina lehentxeago bertsolarientzat. Iritsi orduko harrera gelan elkartuko dira kantukideak, elkarteko zenbait langilerekin batera. «Aukera bat baino gehiago dauzkagu harrera gelarentzako; beraz, probatu dezagun». Beheko solairuan egitea da aukera bat, aldagelak dauden tokian. Korridore luze-luze batera heldu dira hiru kideak, eta bakar bat ere ez du asebete lekuak. «Hau ez da pixka bat klaustrofobikoa izango?». Baina komunak dauzka, eta gela andana, bertsolariek bakarrik egon nahiko balute. Mahaitxo bat ere ikusi dute korridorearen hasieran, eta zozketa egiteko eta jan-edana jartzeko balio lezake. «Bueno, badakigu aukera hau badagoela. Goazen gora eta ikusiko dugu zelakoa den hura».Â
Bi aukera daude goiti igotzeko: igogailua erabilita edo oinez, eskailerak igota. Kontua da eskaileretan jendea egonen dela, eta goitiko pisura igo ahal izateko frontoi osoa zeharkatu behar dela ia. «Ezin diegu hori egin». Igogailuaren alde egin dute apustu, pentsatuta nahiago izanen dutela diskrezioz igo, baina hara non, hiruretako batek memoria egin duen: «Esango nuke igogailua gardena dela, eta momentu batean ikusi egiten duela kanpokoak barrua eta barrukoak kanpokoa». Sartu dira probatzera, eta igogailua goiti abiatu ahala arrazoia eman diote kideari: jendearen eserlekuak eta oholtza bera ikusi egiten dira igogailutik. Baina zati txikia da, eta segituan topatu diote irtenbiderik: «Tela beltz txiki bat jartzea besterik ez da izango. Apuntatu hori ere».Â
Ailegatu dira azken solairura; ikusmira ederra da goitik. Ez dago zalantzarik, «hemen egingo dugu, ezta?». Aho batez erabaki dute baietz, anitzez ere lasaiago egonen direla han. «Hona ez da inor etorriko, entzule guztiak behean egongo direlako, eta bertsolariek nahikoa leku dute hemen. Nahi duenak badu bakarrik egoteko lekurik, eta gurago duenak taldean egon, gela oso bat daukate konpartitzeko». Zozketa ere han eginen dute, eta jan-edana jartzeko ere aurkitu dute segidan lekurik.Â
PetodunakÂ
Eguna ailegatzean, elkarteko langileak ez ezik, 15-20 bat boluntario ere ariko dira lanean: petodunak. «Ekoizpen lana egiten dute batzuek, lan fisikoagoa, eta besteek saioari berari lotuta dauden gauzak egiten dituzte: sarreran, tiketak balidatzea eta atea zaintzea; jendeari bere lekua bilatzen laguntzea... Aretoaren arabera, lan gehiago edo gutxiago izango da, baina kopuru horren inguruan ibiltzen gara», azaldu du Narbaizak. Â
Beranduenera ere, egun horretako 08:00etan hasiko da Narbaizaren eta Antsotegiren lana. Izan ere, batzuetan bezperan hasten dute prestaketa: «Areto batzuek eskatzen dute lurra oso-osorik estaltzea, eta hori ezin dugu egunean bertan egin; bestela, 17:00etarako ez ginatekeelako prest egongo». Hala gertatzen ez denean, ekoizpen bilera egiten dute 08:00etan, eta ordu erdi barrurako deitzen dituzte petodunak. Inguruko bertso eskolako kideak izaten dira normalean, edo, bertzela, herrialde horretako Bertsozale Elkarteko langileak. «13:00etarako guztia muntatuta izatea da plana, orduan hasten baitira soinu probetan, eta ezin da halakorik egin oholtza eta azpiegitura dena guztiz prest egon gabe», erantsi du Antsotegik. Kanpoko enpresa bat arduratzen da soinuztapenaz, eta haiek lanean ari diren bitartean, «bestelako kontuak eta beste gauza txikiak» lotzen aritzen dira petodunak eta ekoizpen taldekoak. «Informazio mahaia, publizitatea, leihatila, sarrera...».Â
Bertso saioan entzuleak ikusiko duen guztia bi furgonetatan kabitzen da. «Saioaren astean bertan prestatzen ditugu biak, eta barruan sartzen dugu ekoizpenerako materiala, hedapenerakoa, komunikaziorakoa, bertsogintzarakoa…», hasi da kontatzen Antsotegi. Koloreen arabera antolatzen dituzte kutxak, eta haien ardura da saio guztietara kutxa guztiak joanen direla baieztatzea, baita behin hura bukatutakoan koloretako kutxa guztiak furgoneta barruan direla baieztatzea ere. «Oso ondo antolatuta dago lana, eta guk mekanizatuta daukagu ia, badakigu gauza bakoitza non doan eta zer ordenatan hasi muntatzen zein desmuntatzen. Oholtza gaineko lurra, moketak, burdinak, gai jartzailearen atrila, publizitateko kontuak, epaileen gunerako tresnak, segurtasunerako kontuak —su itzalgailua, kableak…—».Â
Ongi dakite saio bakoitzak zer behar duen, irail hasieran bilera bat egin baitzuten eginbeharrak eta beharrezko materiala zerrendatzeko, eta astero-astero egiten baitute batzarra asteburuko saioak guztiz lotzeko. Ekoizpen taldekoak egoten dira batzarrean, baina ez haiek bakarrik: «Bertso saioa egingo den herrialdeko Bertsozale Elkarteko eragilea ere gurekin izaten da», erran du Narbaizak. Eta aste horretan bertan, asteartean zehazki, informazio guztia bilduko duen dokumentu bat bidaltzen diete boluntario guztiei: planoak, zer ordutarako agertu behar duten, zer lan egin behar duten, segurtasun oharrak… «Aurretik lotu samarrik izaten dugu gehiena, baina astearterako guztiz itxita izan behar ditugu, adibidez, lan txanda guztiak».
Hilabete falta da saiorako oraindik, eta, hargatik, lasai-lasai eta kontu denak itxi gabe egin dute Jai Alai pilotalekuko eskaileretan beheiti. Etorriko dira berriz, berandu baino lehen.