2026ko abenduaren 20a da. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean saio itzela egin du Lena Urbistondo bertsolari gazteak, eta, buruz burukoan ariketa apurtzaile bat taularatu ostean, txapela du. Hilabeteren buruan, ordea, erabat desagertuko da txapelduna, inolako arrastorik utzi gabe, eta inork ez du jakingo zer gertatu den. Ertzaintzak eta haren familiak ikerketa abiatuko dute, jakiteko ea desagerpen hori bahiketa bat, hilketa bat, suizidio bat edo istripu bat izan ote den, eta, justu, ikerketa ez atzera ez aurrera gelditzekotan dagoenean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartera bidalitako bi bertsok emango dituzte, azkenik, Urbistondo topatu ahal izateko pistak. Txapelduna onik topatu ahal izateko erlojupeko lasterketa bat abiaraziko du horrek. Aurtengo abenduan benetan jokatuko den bertso saio horren erreferentziatik abiatuta osatu dute Joateko ere aske izeneko nobelak biltzen duen fikziozko misterio kontakizuna. Xabier Euzkitze bertsolari ohi eta telebista aurkezleak eta Koldo Anasagasti ikus-entzunezkoen ekoizle ohiak idatzi dute lana, lau eskutara, eta Betagarri Liburuak argitaletxeak eman du argitara.
«Egoera guztiz posible baten berri ematen dugu hasieran, baina Maialen Lujanbiorekin batera buruz burukora heldu den bertsolaria fikziozkoa da»
XABIER EUZKITZE Kazetaria
«Egoera erreal batean oinarrituta dago hasiera», azaldu du Euzkitzek. Liburuak ia-ia lehen lerrotik nahasiko ditu errealitatea eta fikzioa. Finalaren aipamenarekin hasiko da kontakizuna, eta, bertan, Maialen Lujanbio egungo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako benetako txapeldunarekin batera arituko da buruz burukoan Lena Urbistondo izeneko fikziozko bertsolaria. Bizkaiko txapelketa bitan irabazia du Urbistondok, eta bigarren txapelketa du oraingoa. Gaia jarri diote orduan: «Urrats bakarrera zaude». Bitan, badaezpada. «Urrats bakarrera zaude». Iratxe hartu du gogoan orduan, lagun izandakoa, eta kantatu ez ezik, eszenaratu ere egin du bertsoaldia, mikrofonoa heldulekutik askatu, eta bertso bakoitzarekin oholtzaren ertzerantz hurbilduz joango da, harik eta, azkenean, justu hondarreko oina kantatu gabe utzita, azken urrats hori egin, eta bere burua erortzen utziko duen arte. Orkatila bihurritu baino ez du egin, eta, hori ikustean, orduan bai, isiltasuna behingoz zartatu, eta txalo zaparrada batek bete du aretoa. Baina arrakastaren aparraren ostean, hilabete eskasen buruan, benetan desagertuko da Urbistondo. Eta orduan abiatuko da haren bilaketa.
«Egiantza eman nahi genion», aitortu du Euzkitzek. Horregatik jarri dute abiapuntua abenduaren 20an eta Nafarroa Arenan, eta horregatik beragatik egin dute Lujanbioren aipamena ere. «Egungo txapelduna izaki, finalean sartuta dago jadanik Maialen [Lujanbio], eta ez litzateke oso arraroa izango berriz ere buruz burukora heltzea. Egoera guztiz posible baten berri ematen dugu hasieran, baina fikziozkoa da Maialenekin batera buruz burukora heldu den bertsolaria». Eta puntu horretatik aurrera hasiko da thrillerra, genero horri lotutako misterioa, intriga eta artegatasuna tartean direla.
«Protagonistaren lagun mina da Ane Salterain; umetan, elkarri mezu ezkutuak uzten aritzen ziren bertso bidez, eta hori izan da liburua martxan jarri duen ideia ere»
KOLDO ANASAGASTI Idazlea
«Ertzaintzak ikerketa hasiko du, eta Ane Salterain izeneko pertsonaiaren lana izango da gakoa», azaldu du Anasagastik. «Lenaren lagun mina da Ane, eta, umetan, elkarri mezu ezkutuak uzten aritzen ziren bertso bidez, eta hori izan da liburua martxan jarri duen ideia ere». Izan ere, txapelduna desagertu ondoren, bertso bidez helduko dira kasua argitu ahal izateko pistak. Eta liburuak, gainera, aukera ematen du bertsoak irakurtzeko ez ezik, haiek entzuteko ere. On Time estudioan egin dituzte grabazio horiek, eta QR kode bidez entzun ahalko ditu irakurleak. June Diaz bertsolariak jarri die ahotsa, eta Nafarroa Arenatik bertatik kantatuak balira bezala entzungo ditu irakurleak, horretarako baliatutako efektuei esker.
Bertsoek traman «ezinbesteko» funtzioa betetzen dutela esan du Euzkitzek. «Bertsoen bidez filtratzen du pertsonaia nagusiak korapiloa askatzera eramango duen informazioa».
«Espero dut ez izatea inorentzat inspirazio iturri, liburuan gauza benetan bortitzak agertzen dira eta»
XABIER EUZKITZE Idazlea
Anasagastik ikus-entzunezkoen sektorean egin du lan nagusiki, eta ETBren eta Donostiako Zinemaldiaren zuzendari ere izan zen. Gaur egun erretiroa hartua du, eta hainbat liburu eman ditu argitara 2019az geroztik. Hain zuzen ere, lau eskutara idatzi zuen Zinemaldian girotutako El último fotograma thrillerra, eta, ordu hartan, John Andueza izan zuen kide. Orain artean gazteleraz eman ditu argitara lan guztiak, alabarekin batera euskaraz kaleratu zuen Luken, Mista eta izar txikia haurrentzako liburua salbu. Baina oraingoan euskal munduan murgildutako zerbait idazteko gogoz zegoen, kontatu duenez. «Bertsolaritzaren mundua oso berezia eta polita iruditzen zitzaidan, baina gutxi ezagutzen nuen. Ikertzen hasi, istorioa bururatu, eta gazteleraz idatzi nuen, baina thriller bat denez eta hartan bertso batzuk ere sartu behar nituenez, bertsolaria zen norbait behar nuen».
Gozagarri bai, inspiragarri ez
Aspaldi ezagutzen zuen Euzkitze, eta hark berehala eman zion baiezkoa proposamenari. Baina ez da itzulpen lan soila izan. «Argi zegoen biok sinatzeko moduko liburu bat izan behar bazuen euskaraz izan behar zuela, eta, beraz, itzulpen lan bat egin behar zen, baina ez nuen mugatu nahi itzulpen lan bat egitera eta nobelak eskatzen zituen bertsoak egitera. Hori bakarrik izan balitz nire lana, ez genukeen biok sinatuko liburua. Nik liburua neure senti nezan, beste ekarpen batzuk egin behar nituen. Testua eta liburua neureganatzea izan da ekarpen hori, eta liburuaren lehen zatiko oholtza gaineko performance hori dena ere nire errotakoa da. Hortik aurrera ere, bion artean ondu dugu liburua».
Gertukoa zuen gaia ere. Euzkitzek umetatik ezagutu du bertsolaritzaren mundua, baina 32 urterekin utzi zituen plazak, eta, geroztik, komunikazioaren alorrean aritu da lanean nagusiki. Hak Anasagastirekin batera idatzitako liburua du lehen literatur lana.
Egileek diotenez, istorioa «gozagarria» izan dadin lortzea izan dute erronka. Istorioa «gogorra» dela ere adierazi du Euzkitzek. «Espero dut ez izatea inorentzat inspirazio iturri, hor gauza benetan bortitzak agertzen dira eta, eta oso modu errealean antzeztuta dago, adibidez, liburu hasierako performance hori».
Gaur aurkeztuko dute lana, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian, 19:00etan, eta Durangoko Azokan ere izango dira gero. Abenduaren 8an izango da hori, Talaia gunean, 12:30ean.