Bereterretxen khantoria herri kantatik gaur egungo musika ekoizpenaren ikur bihurtu den autotunera. Ibilbide horren lekuko da Kanthoria eta Auto-tunea erakusketa. Euskaraz egindako musikaren historia biltzen du, besteak beste jaialdien, kontzertuen eta antzezlanen kartelen bitartez. Xabier Erkizia ikerlari eta musikagileak egin ditu komisario lanak, eta Musika Bulegoaren, Bilboko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Orona fundazioaren babesa izan du. Erakusketa abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai Bilbon, Abandoko Udaltegian.
Erkiziaren esanetan, materiala biltzeko prozesua «lan arkeologiko» baten antzekoa izan da; izan ere, milaka dokumenturen arteko hautaketa egin behar izan dute. Ondorioz, gauza asko kanpoan geratu dira. Hala ere, helburua euskal musika kontakizun zabal baten barruan kokatzea dela azaldu du. Hortaz, erakusketa antolatzeko orduan, ikuspuntu historiografikoa alboratu dute: «Erakusketa hamarkaden arabera antolatu beharrean, musikaren mugarrietan oinarritzen da».
Musikak gizartean duen rola ere aztertu dute erakusketan. Komisarioak nabarmendu du eliz munduak «lan handia» egin zuela euskal kantagintza gordetzen eta transmititzen. «Bereterretxen khantoria gaur egun ezagutzen badugu, norbaitek idatzi zuelako ezagutzen dugu, ez bakarrik ahoz aho zabaldu zelako», adierazi du.

Erkiziak azaldu duenez, musikaren zeresan politikoa are ageriagoa izan da XX. mendetik aurrera, bereziki 60ko hamarkadaz geroztik. «Hamarkada horren osteko euskal musikaren eztanda ezin da azaldu 68ko Maiatzak ekarri zuen agenda berriaren testuingurutik kanpo». Haren ustez, musikak beti izan du «ideiak katalizatzeko eta zabaltzeko gaitasun berezia, politikariek baino errazago eta liburuek baino azkarrago». Erkiziaren iritziz, gaur egun indar hori ez da galdu. Euskararen normalizazioan musikak egindako lan «ikaragarria» ere azpimarratu du.
Proiektua Habemus estudioak diseinatu du. Gela bakarrean dauden bederatzi metalezko hesik osatzen dute erakusketa. Halaber, bideoklipak ikusteko eta musika entzuteko telebistak ere badaude; baita partiturak, biniloak eta diskoen azalak dituzten erakusmahaiak ere.
«Erakusketak markatzen dituen musikaren historiaren mugarriak, guk gureak direla sentitzen dugun arren, ez dira zehazki gureak; musikak badu berezko gauza bat: nonahi entzuten den arren, entzuleak bere egiten duela»
XABIER ERKIZIAKomisarioa
Ane Sanchez Habemus estudioko langileak azaldu du ikusleari kalean egotearen sentsazioa helarazi nahi diotela. Helburua «museoaren ideiatik urruntzea» da. Horretarako, kontzertuen edo jaialdien berri ematen duten kartelak metalezko hesietan eskegitzea erabaki dute, jatorrian kartel horiek zuten lekua «berreskuratzeko». Kolore gorria, harria eta metala dira erakusketaren euskarri nagusiak. Sanchezen esanetan, elementu horiek «kalea eta musikarekin oso lotuta dauden gazteak gogorarazten dituzte».
«Balio sinbolikoa»
Ruth Manzano Musika Bulegoaren komunikazio arduradunak eta Erkiziak erakusketaren izenburua izan dute hizpide. Manzanok izenaren «balio sinbolikoa» goretsi du: «Euskaldunon ahozko tradizioa du oinarri eta abiapuntu, eta gaur egungo musikari eta musika talde askok erabiltzen duten autotunearekin amaitzen da». Erkiziak, berriz, izenburuaren esanahi «ezkutuari» egin dio erreferentzia: «Erakusketak markatzen dituen musikaren historiaren mugarriak, guk gureak direla sentitzen dugun arren, ez dira zehazki gureak, kanpoko eraginen eta lekuko moldaketen ondorio dira; musikak badu berezko gauza bat: nonahi entzuten den arren, entzuleak bere egiten duela». Hala ere, komisarioak argitu du horrek ez duela esan nahi Euskal Herriaren kantagintzak balio gutxiago duenik: «Nazioarteko kontakizun batean eta musika ulertzeko eta transmititzeko modu batean sartzea ez da, inondik ere, lotsatzeko zerbait».
Musika Bulegoaren 10. urteurrenaren harira sortu dute erakusketa. Manzanoren hitzetan, erakundea «sektore profesionala indartzeko eta euskal musika ikusgarri egiteko» sortu zen 2015ean, eta orduz geroztik egindako lana herritarrei hurbiltzea da erakusketaren helburua. Bilbon, erakusketaz gain, erakundeak beste jarduera batzuk antolatu ditu. Bihar, Kantagintzaren joan-etorriak mahai ingurua egingo da; Erkizia ibiliko da moderatzaile lanetan eta Iban Urizar eta Sara Zozaya musikariek parte hartuko dute solasaldian. Azaroaren 27an, Jon Bagues musikologoak bisita gidatua egingo du, erakusketaren Bilboko egonaldia borobiltzeko. Horren ostean, beste hainbat herritara ere eramango dute erakusketa, baina oraindik ez dituzte ibilbidearen geralekuak eta datak zehaztu.