'Hots & Hitz' jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen, euskal musikarentzako «etorkizun bidezkoago bat» irudikatzeko

Musika Bulegoak antolatzen ditu jardunaldiak, eta laugarren aldia izango dute aurtengoa. Larunbatean izango dira saioak, eta, besteak beste, Lide Hernando, Sara Zozaya, Josune Freire eta Alai Ormazabal daude parte hartzaileen artean.

Lide Hernando musikaria. JON URBE / FOKU
Lide Hernando musikaria. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko otsailaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Egungo erronkak identifikatu, egiturazko desberdintasunak azaleratu eta etorkizun bidezkoago bat irudikatzeko». Antolatzaileen hitzetan, hori da Hots & Hitz jardunaldien helburua. Musika Bulegoak duela lau urte jarri zuen abian, eta, Donostian eta Bilbon egin ostean, Gasteiz izango du aterpe oraingoan, larunbatean. Gai bat hartzen dute ardatz aldiro, eta, aurten, berdintasunaren ikuspuntutik aztertuko dute euskal musikaren sektorea. Hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte horretarako, eta, besteak beste, euskal musikan erreferentziazkoak diren hainbat emakumezko sortzaile batuko dituzte horretarako.

Aurten, egun bakarrean bildu dute egitarau osoa. Lan mahai bat eta bi mahai inguru prestatu dituzte —horietako bakarra da euskaraz—, larunbaterako. Eguneko lehen saioa 10:00etan izango da, Emakumeen Etxean, eta sektoreko emakume profesionalen erronkak aztertuko dituzte bertan. Ibone Iza eta Lara Alcazar arituko dira dinamizatzaile. 12:00etan egingo da hurrengo ekintza, Montehermoso kulturunean. Bertan, musika ekoizpenean gaur egun dauden erronka teknologikoen inguruan arituko dira Sara Zozaya, Nerea Alberdi eta Alai Ormazabal.

Lehen saiorako bakarrik eman beharko da izena, eta sarrera librea izango dute gainerako ekitaldiek.

Aldatu beharrekoak

Azken mahai ingurua Izaskun Arrue kulturgunean izango da, 18:30ean. Euskaraz izango da saioa, eta Euskal Herriko musika eszenatokietan jarriko dute arreta. Hain zuzen, gehien aldatu behar diren esparruak zeintzuk diren identifikatzen saiatuko dira. Josune Freire, Garazi Esnaola eta Lide Hernando izango dira hizlariak, eta Oli Artolak egingo ditu gidari lanak. Jardunaldia amaitzeko, kontzertua izango da, 20:30ean; Saguxar eta Alai arituko dira bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.