Artea

Euskal paisaiak Erromantizismotik gerraostera

1861etik 1996ra bitarte margotutako 50 artelan bildu dituzte Arabako Arte Ederren Museoan. Paisaia genero gisa hartu, eta euskal margolanetan nola garatu den aztertu dute. 'Hurbileko paisaiak' izena du erakusketak, eta apirilera arte izango da ikusgai.

'Hurbileko paisaiak' erakusketa, Arabako Arte Ederren Museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
'Hurbileko paisaiak' erakusketa, Arabako Arte Ederren Museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorde-gordeak zeuzkaten lanak argitara atera, eta paisaiaz josi dute Arabako Arte Ederren Museoa. Hurbileko paisaiak izeneko erakusketa dago ikusgai urriaren hondarretik. Museoaren bildumatik ateratako ia 50 lan hautatu dituzte, 39 artistarenak, eta bistan jarri: 1861ekoa da zaharrena, eta 1996koa berriena. Hala, artelanek agerian uzten dute epe horretan euskal paisaiek izan zuten bilakabidea, ezinbestean. Museoaren arduradun Sara Gonzalez de Aspuruk azaldu duenez, erakusketaren izenburuko hurbil hitzak geografiari egiten dio erreferentzia, hain justu, baina baita memoriari ere: «Gure bizipenekin oso lotuta dauden paisaiak dira».

Gonzalez de Aspuruk kontatu duenez, paisaia beste gai batzuen atze oihala zen Erromantizismoa iritsi arte, baina,  XIX. mendean, autonomia hartu zuen: genero gisa ere hartu ziren paisaiak aurrerantzean. Orduko artistak paisaiak erabili zituzten euren emozio eta beldurrak adierazteko.

Arduradunaren hitzetan, «helburu didaktikoei so» egituratu dute erakusketa. Kronologia da ardatz nagusia. Lehenengo atalaren izena XIX. mendearen bigarren erdiko pintura: Akademizismotik inpresionismora da, eta bertan aurki daitezke erakusketako obrarik zaharrenak. Atal horretakoa da, esaterako, Jose Angel Saezen Gasteizko kartzela lana (1861), erakusketako zaharrena. Gonzalez de Aspuru: «Bake kalean zegoen kartzelaren errepresentazio oso neoklasikoa da. Autoreak garrantzia eman zien marrazketari eta arkitekturari, eta, figura batzuen bitartez, paisaia humanizatu zuen».

Ez sinetsi dena

Saezen lanetik hurbil dago Albert Joseph Franke artista prusiarrak egindako Gasteizko Plaza Zaharraren ikuspegia (1885-1887) margolana, gela berean. Arduradunak azaldu duenez, garai hartan, hau da, Erromantizismoan, modan zegoen «hegoaldeko herrialdeak» bisitatzea eta exotikotzat jotzen ziren eszena piktorikoak bilatzea. Eta, beraz, joera horren isla eman lezake Frankeren obrak, baina, orobat, bada hipotesi hori zalantzan jartzen duen ñabardurarik ere artelan horretan. Gonzalezek aitortu du «akaso» artista ez zela etorri Arabako hiriburura. Izan ere, margolanaren atzealdean San Miguel eliza eta Andre Maria Zuriaren irudia nabarmentzen dira, baina aurrealdean ageri diren jantziak eta animalien zakutoak Espainiako hegoaldekoen airea dute, azaldu dutenez.

Gerra Zibilera arteko tradizioa eta abangoardia paisaietan izeneko atala, bigarrena, erakusketaren erdiko korridorean ipini dute. Bertan, besteak beste, Gasteizen garrantzitsuak izan diren bi margolariren artelanak jarri dituzte: Fernando Amarikarenak eta Pablo Urangarenak. Lehenengoaren margolanei erreparatuta, Gasteizko eta Arabako beste zenbait tokiri eskainitakoak bildu dituzte. Urangaren lanen artean, berriz, Gipuzkoako herrien irudikapenak nagusitzen dira.

'Gasteizko Plaza Zaharraren ikuspegia' (1885-87), Albert Joseph Franke. ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA
'Gasteizko Plaza Zaharraren ikuspegia' (1885-1887), Albert Joseph Franke. ARABAKO ARTE EDERREN MUSEOA

36ko gerraren eraginei so egiten die erakusketaren azken atalak: Gerra ostean sortutako agertoki berria. Gerraren garaian, artista batzuek erbestera joan behar izan zuten, eta beste batzuk bertan geratu ziren, baina zentsuraren pean, eta, hain zuzen, batzuen eta besteen arteko aldeak ikus daitezke hautaketa horretan. Ordura arteko tradizioa alboratu eta beste bide batzuk urratu zituzten zenbait artistaren lanak jaso dituzte atal horretan: Menchu Galen Oiartzungo lorategia (1960-1969), Jesus Apellanizen Zarauzko paisaia (1947) eta haren seme Andres Apellanizen Larraintzarren paisaia (1996), besteak beste. Azken hori da erakusketan ikusgai dagoen lanik berriena.

Erakusketa apirilaren 12ra arte egongo da ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.