Zinegin elkarteko kideek argi dute: euskal zinemagintzaz ikasteko eta ezagutzak trukatzeko gunea izan nahi du elkartearen izen bera duen festibalak. Aurten ere euskara hutsezko filmak proiektatuko dituzte azaroaren 20tik 23ra bitarte. Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo egitaraua, Atalante zinema gelan. Estitxu Barbace Zinegineko kideak azpimarratu duenez, euskararen arnasgune bat sortzea da elkartearen helburua, eta, beraz, urte guziz bezala, euskarazko zinemagintzak utzi uzta erakutsiko dute lau egunez. Hamabi film, gaualdi bat eta bi tailer antolatu dituzte aurten.
Zinema festibala euskarazkoa izan dadin, Hegoaldeko ekoizpenak Ipar Euskal Herrira ekarri nahi dituzte antolatzaileek. Barbaceren erranetan, pozgarria da geroz eta euskarazko film gehiago ikustea eta horiek ekarri ahal izatea, oraino Ipar Euskal Herrian eman gabeak edo eman berriak izanen direlarik.
Azkenaldian musikariei eta musika taldeei egin omenaldi franko aurkeztu direla nabarmendu dute antolatzaileek: hain zuzen ere, Hazparnera ekarriko dituzte Akelarre: marearen kontra, Enarak eta Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmak. Azaroaren 20an, lehen egunean, Akelarre: marearen kontra dokumentala eta Asier Altunaren Karmele filma emanen dituzte. Biharamunean ere bi proiekzio antolatu dituzte: Lucia Ezker Rekalderen Uxina eta Beñat Iturriozen Enarak.
Ebiakoitzeko egitaraua «potoloagoa» dela ziurtatu du Barbacek. Goizean, Adur Larreak stop motion teknika irakasteko tailerra emanen du helduendako, eta, ondotik, Olatuak filma emanen dute. Itziar Leemans zuzendaria bertan izanen da publikoarekin mintzatzeko. Arratsalde hasieran, berriz, Faisaien irla emanen dute, baita Erreplika ere. Asier Urbieta eta Pello Gutierrez zuzendariak jaialdira bertaratuko dira filmez solastatzeko.
Lau emazte zuzendariren lanak ikusgarri egiteaz gain, tokiko jendeek sortu filmak ikusgarri egiteaz «harro» dira elkarteko kideak. Hala nola, Pette Etxebarriak Jean Pujo kolegioko ikasleekin egin Baigorri 3046 film laburra proiektatuko dute ebiakoitzean. Horren segidan, Asisko Urmenetaren Sorgina, banaiz dokumentala ere emanen dute.
«Nekez atzematen ditugu euskaraz sortzen diren animazio filmak, denbora anitz eta diru anitz behar dutelako ekoitziak izateko. Azpidatziak dituzten edo doblatuak diren film anitz badira, baina ez zaigu interesatzen: guk euskaraz sortuak direnak nahi ditugu»
ESTITXU BARBACE Zinegin elkarteko kidea
Barbaceren hitzetan, gauean Alba taldeak iaz eman ezin izan zuen zine kontzertu «ezohikoa» emanen du, Ttattola gaztetxean. Jean Rouchen Nagusi eroak dokumentalean oinarritu dira kolonialismoaz hausnartzeko eta obra sortzeko. Segidan, Ke Lepo eta Felix Buff arituko dira, eta ondotik, Panda Valiumek instrumentu tradizionalak eta erritmo organikoak uztartuko ditu «soinu mosaiko bat» presentatzeko.
Usaian bezala, haurrendako zuzendua da igande goizeko egitaraua. Aurten, Marramiau sorkuntza taldeak Argizagi, zubiak adiskidetasunerantz film labur sorta presentatuko du lehen aldikotz Ipar Euskal Herrian. Ondotik, haurrek Argizagi filmaren animazio teknika ezagut dezakete proiekzioaren ostean eskainiko den zine tailerrean. Barbacek deitoratu du urtero bezalaxe zailtasunak izan dituztela haurrentzat egin euskarazko animazio filmak atzemateko. «Nekez atzematen ditugu euskaraz sortzen diren animazio filmak, denbora anitz eta diru anitz behar dutelako ekoitziak izateko. Azpidatziak dituzten edo doblatuak diren film anitz badira, baina ez zaigu interesatzen: guk euskaraz sortuak direnak nahi ditugu».
«Hamabi filmetarik seik izanen dituzte euskara batuzko azpidatziak. Horrela, filmetako dena delako euskalkia ez bada ulergarri egiten, ikusleak azpidatzira jo dezake»
ESTITXU BARBACE Zinegin elkarteko kidea
Festibala finitzeko, igandean, 15:30ean hasirik, Inge Mendiorozen Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako emango dute. Gainera, Lekeitioko (Bizkaia) Zine Bilera festibala «aspaldiko bidelaguna» dutenez, hango film labur sorta pasatuko dute. Bukatzeko, Sara Fantovaren Jone, batzuetan film atera berria proiektatuko dute.
Barbacek azpimarratu du euskara maila ez dela aitzakia izan behar Zinegin festibalari bizkar emateko. Filmetan ahalik eta euskarazko azpidatzi gehien jartzeko ahalegina egin dute, euskara maila «apala» duen jendea ez dadin galdua izan. «Hamabi filmetarik seik izanen dituzte euskara batuzko azpidatziak. Horrela, filmetako dena delako euskalkia ez bada ulergarri egiten, ikusleak azpidatzira jo dezake».
 
     
    