Euskaltasuna birpentsatzeko dantzak eta kantuak

Etorkizuneko Euskal Herriari buruzko gogoeta sustatzen du Kukai dantza taldeak eta Eusko Ikaskuntzak sortutako EzBerdin Berdinak proiektuak. Hainbat diziplinatako hamaika sortzaile biltzen ditu proiektuak, eta zazpi emanaldiko bira egingo dute.

Eusko Ikaskuntzak eta Kukai dantza taldeak sortutako EzBerdin Berdinak emanaldiaren aurkezpena, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Eusko Ikaskuntzak eta Kukai dantza taldeak sortutako EzBerdin Berdinak emanaldiaren aurkezpena, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko urriaren 8a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iazko urriaren 2tik 6ra egin zuen Eusko Ikaskuntzak bere ibilbideko XIX. kongresua, Gasteizen. Orduko hartan gogoeta izan zen aurrena, eta ondoren heldu zen kultur emanaldia. Euskal gizartearen erronkak, pluraltasuna eta etorkizuneko ikuspegiak jorratu zituzten hausnarketa saioetan, eta Kukai dantza taldeak gai horiei guztiei buruzko pieza bat aurkeztu zuen, kongresuari itxiera emateko. Kantuan, dantzan eta beste hainbat diziplinatan aritzen diren hamaika sortzaile gonbidatu zituzten saio hura osatzeko. Ikus-entzulea emanaldian erabat murgiltzen zuen ordubete inguruko proposamena izan zen emaitza, eta ezin aseago geratu ziren antolatzaileak. Are gehiago: igarri zuten emanaldiaren ostean jendeak elkarrekin hizketan eta gogoetan jarraitzen zuela, saio hark hauspoturik, eta orduko hartan sortutako hausnarketa giro hori proiektuan txertatu dute orain. Zazpi emanaldiko bira antolatu dute, eta, oraingoan, gogoeta saioak ere antolatuko dituzte kultur saioaren ondoren, bertaratzen diren guztien artean «euskal identitate garaikidea birpentsatzeko». EzBerdin Berdinak deitu diote proiektuari.

Proiektua proposamen artistikoa eta soziala dela zehaztu du Iñaki Zabaleta Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak, eta erakundearen XIX. kongresuan sortutako gogoetei jarraipena emango diola ere esan du. Egungo euskaltasunari buruz gogoeta egiteko baliatu izan dituzten hainbat galdera ere aipatu ditu aurkezpenean: «Zer esan nahi du euskaldun izateak gaur?»; «Nola bizi dugu aniztasuna?»; «Zer rol du euskarak sormenaren eta gizarte kohesioaren arloan?». Hain zuzen ere, Zabaletaren hitzetan, «adituen foroetatik atera» eta «bizipenaren eta herritarren arteko topaketaren eredura» eraman nahi izan dituzte gogoeta horiek. «Konbentzituta gaude artea gizarte eraldaketarako eragilea dela; ez politikaren edo hezkuntzaren ordez, baizik eta eztabaida arrazionalaren bidez bakarrik zabaltzen ez diren ateak ireki ditzakeelako».

Bilbon hasiko dute bira, urriaren 24an eta 25ean EITBren egoitzan saio batzuk eginda, eta Iruñean (azaroaren 8an), Donibane Garazin (azaroaren 28an), Gasteizen (abenduaren 12an), eta Donostian ere taularatuko dute gero. Abenduaren 19an eta 20an izango dira azken emanaldi horiek.

«EzBerdin Berdinak ez da ikuskizun soil bat izango, etorkizun posibleak elkarrekin irudikatzeko eta komunitatea ehuntzeko aukera bat baizik»

IÑAKI ZABALETA Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia

Kukai dantza taldeko kideek ez ezik, beste hainbat sortzailek ere hartuko dute parte emanaldietan. Besteak beste, bertan izango dira Odei Barroso eta La Furia rap abeslariak, Mixel Etxekopar musikaria, Leire Vargas idazlea, Xabin Bikandi dantzaria, bai eta La Pulga eta Jesus Herrera flamenko dantzariak ere. Baina, gainera, hainbat sorpresa ere izango direla aurreratu dute; emanaldiz emanaldi iragarriko dituzte.

Gasteizko emanaldiaren lekukotza biltzen duen bideo labur bat ere jarri dute aurkezpenean. Emanaldiak publikoa inguratu egingo duela ikus daiteke bertan, eta batzuetan gauza bat baino gehiago aldi berean gertatuko dela ere. Leire Gazeo Eusko Ikaskuntzako komunikazio arduradunak azaldu duenez, «performance kutsua» izango dute saioek. «Ez da ohiko ikuskizun bat, eta ez gara ikusle hutsak izango. Hainbat arretagune izango ditu ikus-entzuleak, eta horren arabera erabakiko du haietako zeini segitu». Eta irizpide horien arabera aukeratu dituzte emanaldiak egiteko guneak ere, ohiko antzoki zurrunagoak baztertuta.

Komunitatea ehuntzeko

Proiektua aurkezteko argazki ofiziala ere izan da aurkezpenekoa. Izan ere, Euskal Herri osoko hainbat erakunderen babesa izan du Eusko Ikaskuntzak bira antolatzeko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalek sustatu dute emanaldi bira, eta instituzio horietako hainbat ordezkarirekin batera egin dute prentsaurrekoa; horregatik aukeratu dute EITBren Bilboko egoitza.

«Gure helburua pentsamendu kritikoa, enpatia eta parte hartze kulturala aktibatzea da», laburbildu du Zabaletak. Horretarako baliatuko dituzte emanaldietako gogoetarako tarteak, esaterako, eta, iragarri dutenez, 2026rako txosten batean bilduko dute esperientzia horrek emandako guztia. «EzBerdin Berdinak ez da ikuskizun soil bat izango, etorkizun posibleak elkarrekin irudikatzeko eta komunitatea ehuntzeko aukera bat baizik. Sentitzeko eta ezberdinen artean berdintasunez aritzeko gune bat».

Sarrerak salgai daude jada www.eusko-ikaskuntza.eus webgunean. 18 eurokoa izango da sarrera orokorra, baina 15 euroan eskuratu ahalko dira urriaren 17a baino lehen eskuratuz gero. Eusko Ikaskuntzako bazkideek merkeago izango dituzte sarrerak: bost euroren truke erosi ahalko dituzte urriaren 17ra arte, eta bederatzi euroan gero.

EMANALDIAK

Xabier Bikandi: «Garaiz gaude gure berba bako hizkuntzaren alde zer edo zer egiteko»

Leire Vargas idazleak eta Xabier Bikandi dantzariak ere hartuko dute parte EzBerdinak Berdinak proiektuan, eta biak izan dira biraren aurkezpenean. Txistu eta danbolinarekin dantza pieza bat jo ostean, euskal dantzek arreta handiagoa merezi dutela adierazteko baliatu du aukera Bikandik. «Euskaldunok baditugu hizkuntza bi, bata da berbaduna, euskara, eta bestea da berba bakoa, gure musika eta gure dantza. Euskaragaz bide luzea egin dugu eta asko falta zaigu, baina lantzen ari gara. Eta garaiz gaude oraindino gure berba bako hizkuntzaren alde zer edo zer egiteko, eta egin dezagun. Pentsa dezagun euskararen alde zenbat gauza ditugun martxan, eta, aldiz, dantzan, zero patatero».

 

Bikandiren hitzetan, interes falta horren adibide da, esaterako, Dantzerti Euskadiko arte dramatikoaren eta dantzaren goi mailako eskolan ez dela euskal dantzarik irakasten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.