Euskararen eta musikaren arteko harremanaz arituko dira Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroaren hamaseigarren edizioan

Etxepare Euskal Institutuak antolatu du jardunaldia, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Maren Berzosa, Jurgi Ekiza eta euskal musikaren sektoreko beste hainbat kide bilduko dituzte saioan, eta uztailaren 8an egingo dute, Donostian.

Jurgi Ekiza musikaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jurgi Ekiza musikaria. ANDONI CANELLADA / FOKU
2026ko uztailaren 3a
13:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zer leku du euskarak gaur egungo musikagintzan? Zer eragin dute hizkuntza hautuek sormen prozesuan eta publikoekin eraikitzen den harremanean? Euskaraz sortzea oztopoa ala aukera da nazioartekotzeko?». Galdera horien inguruan hausnartuko dute Etxepare Euskal Institutuak hamaseigarrenez antolatu duen Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroan. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan antolatu dute jardunaldia, aurten lehen aldiz Musika Bulegoarekin elkarlanean. Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea izenburuak iragartzen duen moduan, euskararen eta musikaren arteko harremana izango du ardatz ikastaroak. Uztailaren 8an egingo dute, Donostiako Miramar jauregian.

Egunari hasiera emango diote Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak, Monika Madinabeitia Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendariak eta Maddi Arana Musika Bulegoko lehendakariak. Jarraian, sektoreko bost kide bilduko ditu ikastaroak, «euskal musikaren egungo errealitatea eta nazioarteko proiekzioaren erronkak abiapuntu hartuta»: Arkaitz Villar Musika Bulegoko proiektu arduraduna, Maren Berzosa eta Jurgi Ekiza musikariak, Amaia Ispizua Get In agentziako sustatzailea eta Jon Maia bertsolari, idazle eta kantaria. Bakoitzak hitzaldi bat eman ondotik, eta saioari amaiera emateko, guztiek hartuko dute parte Musika euskaraz, nazioartekotzerakoan zer? mahai inguruan.

Ikastaroak, antolatzaileek nabarmendu dutenez, aukera eskainiko du «euskarazko musikaren panorama garaikidearen» berri izateko, baita euskarak «sorkuntzan, estiloetan eta nazioarteko ibilbideetan» duen eragina aztertzeko ere. Iragarri dute, bestalde, ikastaroan parte hartzeak puntuak eskuratzeko balioko duela nazioarteko unibertsitateetako euskal ikasketen irakasleak hautatzeko Etxeparek urtero antolatzen dituen deialdietan. Hala, gaian interesa duen ororentzat irekia izango den arren, antolatzaileek zehaztu dute ikastaroak interes berezia izan dezakeela gaur egun nazioarteko unibertsitate sare horretan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurleentzat.

Ikastaroa aurrez aurre nahiz online jarraitzeko aukera egongo da, eta matrikulazioa EHUren Udako Ikastaroen webgunean egin daiteke.

egitaraua:

  • 09:00. Erregistroa. 
  • 09:15. Ikastaroaren zuzendarien aurkezpena.
  • 09:30. Euskal musikaren sektorea gaur egun. Arkaitz Villar, Musika Bulegoko proiektu arduraduna.
  • 10:15. Hizkuntza hautuak I. Maren Berzosa, musikaria.
  • 10:30. Hizkuntza hautuak II. Jurgi Ekiza, musikaria.
  • 10:50. Hizkuntza hautuen eragina. Amaia Ispizua, Get In agentziako sustatzailea.
  • 11:20. Letraren garrantzia jendartera iristeko. Jon Maia, bertsolari, idazle eta kantaria.
  • 11:45. Atsedena.
  • 12:15. Musika euskaraz, nazioartekotzerakoan zer? mahai ingurua. Arkaitz Villar, Maren Berzosa, Jurgi Ekiza, Amaia Ispizua eta Jon Maia.
  • 13:45. Itxiera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA