Arte eszenikoak

Abdukzio eszeniko esperimental bat

Antzerkiaren eta performancearen artean dabilen pieza hibridoa osatu dute Miren Gaztañagak, Getari Etxegaraik, Maria Urzelaik eta Garazi Navasek: ‘Etena (exire inertia)’. Gaur estreinatuko dute, Bilboko Azkuna zentroan.

Maria Urzelai eta Getari Etxegarai aktoreak, 'Etena (exire inertia)' pieza jokatzen. PELLO MAUDO
Maria Urzelai eta Getari Etxegarai aktoreak, 'Etena (exire inertia)' pieza jokatzen. PELLO MAUDO
Inigo Astiz
2026ko martxoaren 26a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunerokoaren korronteak duen indar neurrigabearen erakusgarri da detailea. Miren Gaztañagak, Getari Etxegaraik, Maria Urzelaik eta Garazi Navasek Etena (exire inertia) izena jarri diote euren euskarazko pieza eszeniko esperimentalari, eta euren ohiko bizitzari eta euren mamuei buruz gogoetan ari diren bi emakume ditu protagonista. Gogoetarako tarte hori eskaini ahal izateko, ordea, estralurtarren abdukzio bat irudikatu behar izan dute. Eta eten hori da antzezlanaren muina. Antzerkia ez ezik, performancea, musika eta dantza garaikidea ere uztartzen ditu lanak, eta, horregatik «hibridotzat» jo du Gaztañagak. Gaur estreinatuko dute, Bilboko Azkuna zentroan.

Zelako Kultur Ideiak kooperatibak egin zion pieza sortzeko eskaria Gaztañagari. 2022an eratu zuten taldea, eta Itxaso Paiak, Gorka Chamizok eta Maria Riverok osatzen dute. Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzaileari eskainitako Nor da Maurizia? ikuskizuna da ekoiztu dituzten beste lanetako bat, baina, gainera, urteak daramatzate BEST Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketak ere antolatzen. Iaz, proiektu artistiko bat ere jarri zuten abian topaketa horietan. Bizkaian jaio diren edo Bizkaian bizi diren emakumezko sortzaileak saretzea zen haren helburua, eta hala heldu zitzaion Gaztañagari pieza bat sortzeko gonbidapena. «Aske». Eta baietz hark. «Aspalditik neukan berriz ere sorkuntza pertsonalari heltzeko gogoa, eta baietz esan nien berehala».

«Gogoa nuen sorkuntza prozesu bat egiteko oso ondo jakin gabe nora helduko ginen, intuizio puntu batzuekin, baina, era berean, garrantzia emanez bideari»

MIREN GAZTAÑAGAZuzendaria

Aktore ibilbide luzea du Gaztañagak, bai antzerkian bai eta zineman ere, eta badu hasi eta buka bere kasa landu eta taularatutako proiektu bat: Stereo. Baina, oraingo honetan, hasieratik izan zuen argi taldean eta kanporagotik aritzeko gogoz zegoela. «Esperientzia hori bizi nahi nuen, eta argi nuen sorkuntza kolektibo bat bizi nahi nuela, zerotik abiatuko ginela, ez eraikitako testu batetik. Gogoa nuen sorkuntza prozesu bat egiteko oso ondo jakin gabe nora helduko ginen, intuizio puntu batzuekin, baina, era berean, garrantzia emanez bideari».

Gaztañagak dioenez, antzerkia da nagusi azkenean sortu duten piezan, baina, antzerkiarekin batera, performancetik edo dantza garaikidetik gertuago dauden bestelako «lengoaia eszeniko abstraktuagoak» ere txertatu dituzte lanean. «Garazi Navas izan da pieza funtsezkoa horretarako», azaldu du. «Zeren eta Getari Etxegarai eta Maria Urzelai antzerkitik datoz, eta haiek antzerkiaren aldarria daramate gorputzean eta beren egiteko moduetan, eta Garazi izan da antzerkia ez den beste zerbaiti atea ireki eta antzerkiaren formei arrakalak sortu ahal izateko giltza».

Esplorazio profesionala

Eszena lanak sortzeko ohiko bideetan eten bat egiteko gogoa ere bazuen Gaztañagak. «Esplorazio eszenikoa profesionalizatzea izan dut buruan», onartu du. «Askotan ez daukagu denbora askorik esploratzeko eta esperimentatzeko; emaitzetara joaten gara zuzenean. Muntatzen hasterako eszenak lotzen ditugu, eta segituan saiatzen gara pieza altxatzen. Ez dago bilaketarik. Merkatuak berak horretara eramaten gaituelako gertatzen da hori askotan, eta, besteetan, sortzailearen izaera ere horrelakoa delako gerta daiteke. Nik gehiago esploratzearen falta sumatzen dut, gehiago bilatzearena, eta joan garen baino askozaz harago joan daiteke, baina behintzat sartu gara prozesu horretan, egin dugu ikerketa bat, eta ibili gara leku horretan, nahiz eta gogoz geratu naizen apur bat gehiago sakontzeko».

Proyecto Hemen taldekoek sortu dituzte emanaldirako jantziak eta eszenografia, eta Edu Berja arduratu da argiez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!