Euskarazko antzerki amateurraren eta profesionalaren erakusleiho izango da Zestoa gaurtik larunbatera

Zestoako Antzerki Astean sei antzezlan taularatuko dituzte, horietako lau Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako ikasleek ekoiztutakoak. Herritarrei «euskarazko arte eszenikoen kalitatezko eskaintza emateko» xedea du egitasmoak. Hamahirugarren aldia du aurten.

'Renata' antzezlana aularatuko dute Zestoako Antzerki Astean. Irudian, entsegu bateko une bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
'Renata' antzezlana aularatuko dute Zestoako Antzerki Astean. Irudian, entsegu bateko une bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
edurne begiristain
2025eko ekainaren 24a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Badira hamahiru urte Zestoako Antzerki Astea lehen aldiz antolatu zela, eta, ordutik, urtero euskarazko arte eszenikoaren erakusleiho bilakatzen da Gipuzkoako herria ekainaren hondarrean. Gaur hasi eta larunbata bitarte izango da aurtengo aldia, eta, denera, sei antzezlan taularatuko dituzte.

Antzerki astearen jatorrizko helburua zen Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako ikasleen ikasturte amaierako lanak bistaratzea, baina, urteen joanarekin, egitasmoa herri osoaren «kultur topagune» bilakatu da. Hala ere, eta sorrerako ideiari helduta, antzerki eskolako taldeen antzezlanak nagusi dira egitarauan. Sei emanaldietatik lau eskolan lanean ari den Eromen Produkzioak elkarteak ekoitziak dira: Highlanderra, Senza un perché, Burugabeak eta Hiru istorio eta makina bat lanak, hain zuzen ere.

Ikasleek eurek sortutakoak dira guztiak, eta denak ere 35 minutukoak. Ikasleek aukeratutako gai bat du ardatz haietako bakoitzak. Arte Eszenikoen Eskolan aritzen diren ikasleek modu «kolektiboan» ondu dituzte antzezlanak, eta ikasturte amaierako lan gisa aurkeztuko. «Ikasketa prozesu oso baten emaitza» izango da egunotan taularatuko dutena, Zuriñe Maguregi Eromen elkarteko kideak azaldu duenez.

Ikasleen antzezlanekin batera, Kamikaz kolektiboak Renata obra oholtzaratuko du, eta Hika Teatroak Atearen beste aldean lana.

Zestoako Antzerki Asteak duen balio «sozial eta pedagogiko sendoa» nabarmendu du Maguregik. Eta ikasleek sortutako antzezlanak dira horren froga. Izan ere, Eromen elkartekoek helduek, gazteek eta haurrek antzeztutako lanak ekoitzi dituzte publiko zabalarentzat: «Belaunaldi artekoa da guztiz: 15 urteko gazte bat eta 70 urteko herritar bat elkarrekin aritzen dira eszenatokian». Urtero, talde amateurren lanek izaten dute arrakastarik handiena, eta aurten ere antzezlan horiek ikusteko sarrerak izan dira agortzen lehenak.

«Belaunaldi artekoa da guztiz: 15 urteko gazte bat eta 70 urteko herritar bat elkarrekin aritzen dira eszenatokian»

ZURIÑE MAGUREGI Eromen Produkzioak-eko kidea

Euskal konpainia profesionalen lanak hautatzerakoan, «kalitatea» ez ezik gizarte gaiak lantzea ere hartzen dute kontuan. Eta horregatik aukeratu dituzte Kamikaz kolektiboaren Renata eta Hika Teatroaren Atearen beste aldean obrak.

Euskara nekez ulertzen duten jatorri atzerritarreko Zestoako bizilagunak ere aintzat hartu dituzte antolatzaileek, eta, horregatik erabaki dute elkarrizketarik gabeko obra bat eskaintzea —Atearen beste aldean—. «Euskaraz egiten ez duten familia migranteak komunitate honen parte senti daitezen nahi dugu», azaldu du Amancay Gaztañaga Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako zuzendari eta Kamikaz Kolektiboko kideak. Haren hitzetan, eskolaren helburuetako bat da jatorri ezberdinetako ikasleek «komunitate euskaldun eta sortzaile baten» parte sentitzea, eta urratsak egin nahi dituzte haien «integraziorako».

Aldarrikapena ere bai

Zestoako Antzerki Astearen helburuen artean aldarrikapen bat ere bada: herrian sortzaileentzako antzoki «duina» nahi dute, eta urte osoan kultur eskaintza programatzea. «Zestoak kultura bizia du, bai musikan, bai antzerkian. Baina aretorik ez izatea oztopo handia da. Gure helburua da herritarrei euskarazko arte eszenikoen kalitatezko eskaintza ematea». Antzerki astearen antolaketa lanetan buru-belarri dabil Gaztañaga, eta, haren ustez, «ez da bidezkoa» Zestoan arte eszenikoek espazio propiorik ez izatea: «Kultura ezin da pribilegio bat izan, eskubidea da eta».

«Zestoak kultura bizia du, bai musikan, bai antzerkian. Baina aretorik ez izatea oztopo handia da»

AMANCAY GAZTAÑAGAZestoako Arte Eszenikoen Eskolako zuzendaria

Arte eszenikoak herrira gerturatzeko asmo horri helduta, Zestoako kanpoaldean dagoen Caravan Park izeneko industrialdeko pabiloi bat atondu, eta antzoki bilakatu dute, eta ehun bat lagunentzako lekua du. Aretoa auzolanaren bitartez eraiki dute, Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako ikasleen, irakasleen eta lagundu nahi izan duen edozeinen laguntzaz. Gaztañaga: «Guztion parte hartzearekin antzoki bat eraiki dugu hutsetik, eta hori herriarentzat esperientzia bat da». Ariketa kolektiboa ez ezik, kulturaren «demokratizazioaren» aldarri ere badela gaineratu du Maguregik.

EGITARAUa

  • Ekainak 24, asteartea.Highlanderra (Eromen Produkzioak), 20:30ean.
  • Ekainak 25, asteazkena.Senza un perché (Eromen Produkzioak), 20:30ean.
  • Ekainak 26, osteguna.Burugabeak (Eromen Produkzioak), 20:30ean.
  • Ekainak 27, ostirala.Renata (Kamikaz kolektiboa), 20:30ean.
  • Ekainak 28, larunbata. Hiru istorio eta makina bat (Eromen Produkzioak), 17:30ean. Ondoren, Atearen beste aldean (Hika Teatroa).
Zestoako Antzerki Astea
Zestoako Caravan Park guneko pabiloi bat antzoki bilakatu dute. ZESTOAKO ANTZERKI ASTEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.