Iaz inoizko daturik onenak lortu zituen euskarazko zinemak, 22 film estreinatu baitziren. Datuak ona dirudien arren, badu B alderik ere: Pantailak Euskaraz taldeak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ohartarazi dute zinema aretoetan estreinatutako filmen %2 direla euskarazkoak. Bi erakundeek, Euskal Herriko zinema areto komertzialetako 2025eko datuak aztertu, eta ikerketa batean bildu dituzte. Horren emaitzak azaldu dituzte gaur Pantailak Euskaraz-eko Alex Aginagaldek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.
Faisaien irla, Karmele, Maspalomas, Aro berria, Gaua eta Jone, batzuetan lanak dira estreinatu diren fikziozko lanak. Dokumentalak bi izan dira: Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako eta Popel / Errautsak. Gainerakoak bikoiztutako filmak izan dira —hamalau guztira—, horietako batzuk Eusko Jaurlaritzaren Zinema Euskaraz programaren bitartez (11).
Hego Euskal Herrian 750 bat estreinaldi egon ziren: sei ziren jatorriz euskarazkoak, bi elebidunak, eta hamalau bikoiztutakoak. Guztira 22; honenbestez, %2,9 inguru. Ipar Euskal Herrian, berriz, hiru izan dira aretoetan ibilbide komertziala izan duten filmak; hain zuzen, Faisaien irla, Jone, batzuetan eta Karmele. Eskainitako 450 pelikuletatik, %0,6 pasatxo izan dira euskaraz. Beste lan batzuk ere proiektatu dituzte, baina emanaldi gutxiago izan dituzte, eta horregatik ez dituzte azterlanean kontatu: Basatiak —bikoizketa, hiru emanaldi—, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako —emanaldi bat—, eta Maspalomas —emanaldi bat—.
Bestalde, Euskal Herrian 2025ean gehien ikusi ziren filmen artean euskarazko lan bat dagoela jakinarazi dute: Maspalomas. Hamargarren postuan dago. Gaua eta Karmele ere gehien ikusien artean daude, 33. postuan Gaua eta 37.ean Karmele.
Proportzioa eta zerga pizgarriak
Proportzioa da kezkagarriena Pantailak Euskaraz-eko bozeramailearentzat: «Euskarazko kopurua, urtero zinemetan estreinatzen diren film guztiekiko proportzioan, oso txikia da». Haren ustez, horrek herritar asko ikus-entzunezkoak erdaraz kontsumitzera bultzatzen ditu. Euskarazko filmentzako eta atzerrikoen bikoizketarako baliabide ekonomiko gehiago eskatu ditu, eta hizkuntza politika «aurrerakoiak».
«Euskarazko kopurua, urtero zinemetan estreinatzen diren film guztiekiko proportzioan, oso txikia da»
ALEX AGINAGALDE Pantailak Euskaraz-eko bozeramailea
Bikoizketari dagokionez, Pantailak Euskaraz-ek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ontzat jo dute Adi! Filmak euskaraz egitasmoa. Horri esker, urtero 24 film ekarriko dira euskarara —lehen hamabi ziren—, eta horietako batzuk nazioarteko ekoizpen ezagunak izango dira. Esaterako, iaz Hego Euskal Herrian gehien ikusi zirenen zerrendan dago Minecraft: film bat pelikula. «Argi dago nazioarteko superprodukzioak euskarara bikoizteak eragina duela euskarazko zinemaren kontsumoan», gaineratu du Aginagaldek. Gainera, kontraste gisa-edo, Kataluniako egoera azaldu du. Haren esanetan, Generalitateak herrialdean gehien ikusten diren filmetatik 50 bikoizteko laguntzak ematen ditu, eta hala, urtero, gehien ikusten diren hamar filmen artean bospasei katalanez ikusi ahal izatea bermatzen dute.
Azken urteetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zerga pizgarriak ematen dituzte zinema ekoizpenetan inbertitzeagatik, eta asko dira Espainiatik eta beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira filmatzera etortzen diren ekoizpenak. Datu esanguratsu bat eman dute: 2024an Gipuzkoa, Bizkai eta Araban filmatzeko jarri ziren 83 milioi euroetatik 70 milioi euskara ez den beste hizkuntza batean sortutakoentzat izan ziren. Hori dela eta, euskarazko ekoizpenak berariaz bermatzeko neurriak eskatu ditu Aginagaldek.
Plataformak euskaraz
Gaubekak azaldu ditu ikerlanaren ondorioak. Hain zuzen, erakundeei egin die deia: «Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak garatzea, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean horretarako eskumenak baitituzte». Zinema komertzialari dagokionez neurri «zehatzak» behar direla gaineratu du.
Gaur egun, ikus-entzunezkoek pisu handia dute gizartean; gainera, streaming plataformak gero eta garrantzitsuagoak dira. Sarritan, aretoetan egondako filmak plataformetara iristen dira gero. «Horietan filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko», azaldu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak. Bestalde, jendea euskarazko edukiak kontsumitzera animatu du; plataformetako euskarazko ikus-entzunezkoak Zernonikusi.eus webgunean eta aplikazioan daude eskuragarri.
datuak
%2
Euskal Herrian estreinatu ziren euskarazko filmak. 1.200 film inguru estreinatu ziren iaz, eta horietatik %2 izan ziren euskarazkoak.
%2,9
Hego Euskal Herriko euskarazko estreinaldiak. 750 bat lan estreinatu ziren orotara, eta 22 dira euskaraz.
%0,6
Ipar Euskal Herriko euskarazko estreinaldiak. 450 filmetatik hiru bakarrik izan ziren euskaraz; honako hauek: Faisaien irla, Jone, batzuetan eta Karmele.