Kultur kontsumo handieneko esparrua izanik, ikus-entzunezkoen aisialdian eragiteko eta euskararen presentzia areagotzeko ekinaldi bat jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak. Adi! Filmak euskaraz ipini diote izena egitasmoari, eta zinema aretoekin, nazioarteko banatzaileekin, plataforma digitalekin eta sektoreko eragileekin landu dute. Maracuda filmaren euskarazko estreinaldian aurkeztu dute, gaur, Bilboko Azkuna zentroan. Ibone Bengoetxea lehendakariordeak eta Alfonso Benegas EZAE Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zinema aretoen elkarteko presidenteak eman dute haren berri, 400 ikasle eta familia ingururen aurrean.
Bengoetxearen hitzetan, euskarak presente egon behar du eguneroko aisian, eta hain zuzen horregatik heldu diote asmo honi: «Proiektu honek aukera berriak zabaltzen ditu herritarrek, batik bat belaunaldi berriek, euskara naturaltasunez bizi dezaten, baita ikus-entzunezkoen esparruan ere».
Proiektuaren bidez zinema aretoetan euskarazko filmen kopurua bi halakotu egingo dela agindu du lehendakariordeak: urtean 24 estreinaldi izango lirateke euskaraz, eta erdiak, nazioarteko ekoizpen komertzial handiak. Programazioak animazioa, familia zinema eta nazioarteko frankiziak uztartuko ditu.
Streaming plataformetan eragiteko plana ere aurkeztu dute. Adierazi dutenez, dagoeneko 1.000 titulu inguru daude eskuragarri euskaraz —besteak beste, Netflix, Amazon Prime Video eta Movistar Plus plataformetan eta EITBn—, eta eskaintza hori zabaltzen jarraitzea litzateke xedea. Halaber, eduki horiek guztiak ikusgarriago eta kontsultagarri jartze aldera, toki jakin bat prestatuko dute Kulturklik gunean.