«Antzerki txikia, festibal handia». Azpititulu horrekin aurkeztu du bere burua Lautan Hiru jaialdiak. Bilboko Udalaren eta Euskaltzaindiaren babesean hasi zuen ibilbidea, duela zortzi urte, eta Tartean konpainiarekin, Bira kulturgunearekin eta 7Katu gaztetxearekin batera antolatu dute hasieratik. Euskarazko antzerkia hauspotzea eta antzerkilariei plaza berrietan aritzeko modua ematea ditu helburu. Aurten formatu txikiko zortzi euskarazko antzezlan hartuko ditu egitarauak, eta lau erabateko estreinaldi ere izango dira tartean. Bat: Gehibat konpainiak Zaku berekoak taularatuko du otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Bi: Otsailaren 12an Idoia Garzesek idatzitako Goiuri… grabatzen! emango dute, 7Katu gaztetxean. Hiru: Otsailaren 19an estreinatuko dute Pantzo Hirigarai antzerkigilearen Hautagaia, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eta azkenik, lau: Aurtengo Cafe Bar Bilbao Antzerki Gidoi Laburren Lehiaketa irabazi berri duen Xabi Payaren Ganbarako lana obraren irakurketa dramatizatua ere egingo dute lehenengoz jendaurrean, otsailaren 26an.
Ikusi gehiago
Otsailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango dira emanaldiak. Bina saio izango dira eguneko, eta bost gune hauetan taularatuko dituzte: Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Bira kulturgunean, Cafe Bar Bilbao tabernan, 7Katu gaztetxean eta AEKren Kalderapeko gunean. Lau euroan eskuratu ahalko dira sarrerak, guneetan bertan, saioak hasi baino ordubete lehenagotik aurrera.
Antzerki ekoizpenak sustatzeko laguntza bat ere badu jaialdiak 2020az geroztik, eta Gehibat konpainiak eskuratu zuen 2025ekoa. Laguntza horrekin osatu dute Zaku berekoak, eta, hain zuzen ere, jaialdian aurkeztuko dute lehenengoz orain; hala abiatuko da egitaraua. Xabin Fernandez antzerkigileak gidatu du proiektua, eta, iragarri dutenez, txotxongilo emanaldi bat izango da. Bere urtebetetze festa ospatzeko lagunak gonbidatzen dabilen gizon bat da kontakizunaren protagonista, baina inork ez dio erantzuten. Taldeak prestatutako sinopsiaren arabera, «oroimenaren eta eromenaren artean igeri dabilen arima baten istorioa» da lana.
Euskara estralurtarra
Umorea izango da nagusi Goiuri… grabatzen! antzezlanean. Idoia Garzesek idatzi du testua, eta Josu Iriarte, Amets Larrea, Nerea Lizarralde eta Jare Torralba aktoreek taularatuko dute. Otsailaren 12an izango du estreinaldia, eta urruneko galaxia batetik jasotako euskarazko mezuak Pitxu-14 espaziontziko Euskal Agentzia Espazialeko kideei eragindako harridura kontatuko du. Izan ere, mezu labur hori euskararen jatorri estralurtarraren froga ote da?
Hauteskundeak izango ditu hizpide Hautagaia antzezlanak. Pantzo Hirigaraik sortu du pieza, eta harekin batera izango dira oholtzan Mizel Sarratia, Beñat Bidegain, Peio Larre, Armand Jaunarena eta Anje Duhalde. Otsailaren 19an izango du estreinaldia lanak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Eta, azkenik, bertsolari baten hausnarketa isila azaleratuko du Xabi Payaren Ganbarako lana antzezlanak. Kasu horretan, testuaren irakurraldi dramatizatua eskainiko dute otsailaren 26an.
Baina estreinaldi horiez gainera, beste lau antzezlan ere taularatuko ditu jaialdiak. Supituki konpainiak, esaterako, inprobisatutako antzerki saioa eskainiko du otsailaren 5ean, Bira gunean. Leku berean, AmaHiru konpainiak Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlana aurkeztuko du otsailaren 12an. Gehibat konpainiako Eider Villalbak eta Kimetz Etxabek Zazpi urte eta erdi antzezlan laburra taularatuko dute otsailaren 19an, Kalderapekon. Eta Itzuli konpainiako Maryse Urruti antzerkilariak euskal kultura salbatzeko asmoz hitzaldi bat ematera datorren enpresari texastar baten rola jokatuko du Adriene Bergson-Johnson bakarrizketan. 7Katu gaztetxean izango da hori, jaialdiaren azken egunean. Eta saio horrek itxiko du programa.
Iparra galduta
Ipar Euskal Herriko antzerkigintzari arreta berezia jarri nahi izan diote antolatzaileek aurtengo programan. Haien hitzetan, orain antzerki amateurra sasoi oneko badago ere, euskarazko antzerkigintza profesionalak «sasoi kaskarra» bizi du. Eta, diotenez, lelo «zirikatzailea» hautatu dute aurtengo jaialdirako: Iparra galdu dugu. Maialen Etxarri 7Katu gaztetxeko kide eta jaialdiko antolakuntza taldeko kideak azaldu duenez, antzerkia egiteko behar den «zoro puntuari» egiten dio keinu esaldiak orokorrean, eta, zehazki, baita euskaraz sortzearen «ausardia ia suizidari» ere.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Ipar Euskal Herriko sortzaileei eskainitako arretaren erakusgarri dira egitarauaren parte diren Hirigarairen Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa.
Baionara ere helduko da jaialdia, gainera. Apirilaren 17an antzerki gaualdia antolatuko dute bertan, Biltxokon, eta Baionako Herriko Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen babesa izango du saioak. Iaz hasi zuten lankidetza, eta, beraz, bigarren aldia izango dute aurtengoa. Bi antzerki eskainiko dituzte: Hautagaia eta Zaku berekoak, biak ere aurrez Bilbon taularatu ondoren.
«Pozgarria da euskarazko antzerkiari zuzenean laguntzea, eta horrela egiten du Lautan Hiruk, modu xumean bada ere»
ANDRES URRUTIAEuskaltzainburua
Jaialdiak badu Ikusle kluba izeneko beste atal bat ere. Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera antolatzen dute hori, eta 2022an hasi zuen ibilbidea. Ikusleei antzerkigileekin hitz egiteko aukera eskaintzen zaie bertan, eta aurtengoan halako bi saio izango ditu programak. Otsailaren 12an Biran izango da lehena, Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanaren ostean, eta otsailaren 26an izango da bigarrena, 7Katu gaztetxean, Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa amaitu ondoren.
Jaialdia dagoeneko «erritu» moduko bat bilakatua dela esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta eskerrak eman dizkie hura posible egiten duten erakunde eta eragile guztiei. «Pozgarria da euskarazko antzerkiari zuzenean laguntzea, eta horrela egiten du Lautan Hiruk, modu xumean bada ere». Eider Inunziaga Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030erako Agenda eta Nazioarte zinegotziak ere jaialdiaren garrantzia nabarmendu du. «Antzerkiak jendea batzen laguntzen du», esan du, eta gaineratu Lautan Hiruk euskararen bidez batzen duela jendea. «Bilbo gero eta euskaldunagoa den erakusgarri garbia da».
EGITARAUA