Hiru bertso nahi den neurrian eta doinuan kantatzeko gaia zorrotz eman dio gai jartzaileak, baina bakerik ez da heldu ondotik. Bueltatu da belodromoaren isiltasunaren oihartzuna girora, baina ezta hala ere. «Ostia!», bertsolariak bere kolkorako, presaz, urduri. Eztabaida bat hasi da orduan, kanpokoek aditu ezin dutena baina gorputz barrenean oihartzun ozena egiten duena: solasean eta are eztabaidan hasi dira bertsolariaren barne ahotsak. 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finala da, baina ez benetakoa, egiaz gertatua, Xabier Payak idatzitako Ganbarako lana fikziozko gidoian kontatua baizik. Antzerki gidoi laburren 23. Cafe Bar Bilbao sariketako epaimahaiaren aitortza jaso du lanak: hari eman diote euskarazko adarreko lehenbiziko saria aurten.Â
Izan ere, sariketaren antolatzaileek gaur eman dute aurtengo aldiko irabazleen berri. Guztira 24 gidoi aurkeztu dira sariketara, euskarazko hamar eta gaztelaniazko hamalau. Epaimahaiko kideek, hau da, Patxo Telleriak, Getari Etxegaraik, Jokin Oregik eta Mikel Martinezek hala erabakita gailendu da Paya euskarazko adarrean, eta, bestalde, epaileek Pedro Zabalzaren lana nabarmendu dute gaztelaniazkoan, Natalia izeneko lanaren harira. 800 euroko sari bana jaso dute biek, eta, gainera, Pabiloi 6ko antzerki laburren jardunaldietan oholtzaratzen ahalko dituzte beren lanak, baldin eta inor horretarako prest badago.
Bestalde, jakinarazi dutenez, Payaren lana lehendik ere emanen dute jendaurrean: Ganbarako lana gidoia oinarri, irakurketa dramatizatua eginen dute Lautan Hiru Bilboko Zazpikaleetako antzerki laburren jaialdian. Otsailaren 26an izanen da hori, Cafe Bar Bilbaon bertan.
Hori bakarrik ez, dagoeneko badago gidoia irakurtzea ere. Ohi denez, sariketan nabarmendutako lanak Cafe Bar Bilbaoren eta Teatro testuak atariaren webguneetan jarri dituzte ikusgai.