Eusko Jaurlaritzak 10,5 milioi euro jarriko ditu kulturaren ekoizpenerako eta sustapenerako

Hiru alorretan jarriko du dirua Jaurlaritzak: ikus-entzunezkoetan, arte eszenikoetan eta literaturan. Diru laguntzen ohiko hiru deialdi horiek egiteaz gain, ETS taldearen 'Bihotzen konkista' proiektua babestuko du 300.000 euroko diru laguntza zuzenarekin.

ETS taldearen bira amaierako kontzertua, iazko martxoan, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN / FOKU
ETS taldearen bira amaierako kontzertua, iazko martxoan, Barakaldoko BECen. OSKAR MATXIN / FOKU
itziar ugarte irizar
2026ko apirilaren 21a
19:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alde handiz, ikus-entzunezkoetara joango da zatirik handiena, eta arte eszenikoen eta literatur ekoizpenaren artean banatuko dute kopuru osoaren beste zatia. Denera, 10,5 milioi euro jarriko ditu aurten Eusko Jaurlaritzak kulturaren ekoizpenerako eta sustapenerako, eta, ikus-entzunezkoetarako, arte eszenikoetarako eta literaturarako ohiko hiru diru laguntza horiek emateaz gainera, ETS En Tol Sarmiento musika taldearen Bihotzen konkista proiektua ere babestuko du diruz; 300.000 euro erabiliko ditu horretarako, zehazki.

Gaurko Gobernu Kontseiluan onartu ditu kopuruak Jaurlaritzak. Guztira, 8.828.000 euroko diru sailarekin lagunduko du ikus-entzunezkoen ekoizpena, eta puskarik handiena film luzeen ekoizpenera joango da, 5.400.000 euro. Kopuru horrekin, fikzioko film luzeak (3.200.000 euro), animaziozko film luzeak (1.500.000 euro) eta dokumentalak (700.000 euro) lagunduko dituzte, eta, guztietan, gutxiengo bat gordeko dute jatorriz euskaraz filmatu eta diru laguntza lortzeko nahikoa puntuazio lortu duten proiektuetarako.

Film luzeak ez ezik, film laburrak sustatzeko —60 minutuz azpikoak— 428.000 euroko aurrekontua prestatu dute; eta 3.000.000 euro jarriko dituzte, berriz, euskarazko telesailak ekoizteko. «Ikuspegi formal eta tekniko batetik, kalitate handiko lehen denboraldia eta nazioarteko bokazio argi eta berritzailea» duten proiektuak finantzatuko dituztela zehaztu dute.

Arte eszenikoen eta literatur argitalpenen alorretarako, berriz, 850.000 euro eta 760.000 euro erabiliko dituzte, hurrenez hurren. Lehenengoaren barruan, profesionalen prestakuntzarako (160.000), arte eszenikoak sustatzeko egitasmoetarako (160.000), kaleko arte eszenikoetarako (265.000) eta Sarea dantza zirkuiturako (265.000) jarriko dute dirua. Eta literatur argitalpenei dagokienez, ostera, euskarazko literatur lanak laguntzeko erabiliko da kopuru handiena: 575.000 euro. Gaztelaniazko argitalpenentzat 125.000 euro jarriko dituzte, eta euskal literaturako audioliburuen argitalpenentzat, berriz, 60.000 euro. 

Aurreko urteko diru laguntzekin zenbat proiektu lagundu ziren ere jakinarazi du Jaurlaritzak. Literaturako laguntzen artean, euskarazko adarrean, hemezortzi argitaletxek jaso zuten laguntza iaz, eta 287 liburu ekoitzi zituzten; audioliburuentzako laguntza lau argitaletxek jaso zuten, eta 11 audioliburu ekoitzi. Arte eszenikoen alorrean, 149 proiektu lagundu zituzten iaz denera; eta ikus-entzunezkoen eremuan, 53 proiektu finantzatu zituen Jaurlaritzak: 11 fikziozko film luze, animaziozko lau film luze, hamabost dokumental, hemeretzi labur eta euskarazko lau telesail. 2024ko deialdian baino %83 gehiago izan ziren. 

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2026ko deialdien informazioa agertu eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epea izango da eskabideak aurkezteko; berdin diru laguntzen hiru lerroetan ere.

'Bihotzen konkista'

Aparteko diru sail modura, ETS taldearen Bihotzen konkista proiektua babestea ere onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. 300.000 euroko diru laguntza zuzena izango da, eta taldeak iragan larunbatean Bartzelonan eman berri duen eta heldu den larunbatean, apirilaren 25ean, Madrilgo Movistar Arenan emango duen kontzertua babestuko dute. Euskara eta euskal kultura Euskal Herritik haratago zabaltzeko taldea egiten ari diren lana nabarmendu du Jaurlaritzak: «Proiektuak milaka lagun bildu ditu, eta euskara ardatz duen esperientzia kultural integrala eskaintzen du». Hura babestuz euskal kulturaren nazioartekotzearekin duten «konpromisoa» berretsi nahi izan dutela azpimarratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA