Hollywoodeko izar handietako bat da Evelyn Hugo, eta ez bereziki elkarrizketazalea. 79 urterekin, ordea, jadanik foku nagusietatik urrunduta, Monique Grant izeneko kazetari ezezagun gazte eta hasiberria aukeratu du bere egia kontatzeko. Inork ez daki zergatik aukeratu duen bera, baina hari kontatuko dizkio sekula beste inori kontatu ez dizkionak. Eta bien arteko solasaldi horretan azaleratzen direnak dira Taylor Jenkins Reiden Evelyn Hugoren zazpi senarrak eleberriaren muina. Bestseller bilakatu da lana, eta, 2017an argitaratu zutenetik, bost milioi ale baino gehiago saldu ditu mundu osoan, autorea ere ezagun bihurtzeraino. Orain euskaraz ere irakur daiteke lana, Ibai Sarasuak egin baitu itzulpen lana, Erein argitaletxearentzat.
«Erresilientzia istorio bat» dela nabarmendu du Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak, eta «anbizioa, desioa eta galera» antzeman daitezkeela bertan. «Emakumearen erretratu humano bat agertzen da, eta, humanoa denez, kontraesanez betea dago. Erabakiak hartzen dituzten bi emakume agertzen dira liburuan, eta erabakiak hartu beharraz eta horiek ondo hartzeaz dihardu. Eta klixeetan erori gabe hitz egiten du amodioaz, identitate sexualaz, ospeaz eta ospearen arriskuez».
Liburuaren izenburuak dioen bezala, zazpi senar izan ditu protagonista nagusiak, baina, editorearen esanetan, liburua ez da «senarren desfile gatzgabe bat». Zinema izarra du protagonista, eta gaur egun berebiziko garrantzia daukaten zenbait gai jorratzen ditu autoreak haren bitartez. Besteak beste, boterea, botere harremanak, autoirudia eta erabakien garrantzia. Funtsean, «zer hausnartua» ematen duen liburu bat dela azpimarratu du Mujika Iraolak, «inor begira ez dugunean nolakoak garen» erakusten baitu.
Liburua lehen pertsonan idatzita dago, hasi eta buka, baina tartekatuta doaz bi protagonisten ahotsak. Batzuetan Evelyn Hugo da lehen pertsonan mintzo den hori, eta, besteetan, Monique Grant. Haien kontakizunez gain, prentsako albisteetatik aterata diruditen zati batzuk ere aurki daitezke liburuan.
Maitasuna eta sekretua
Sarasuak aurreratu du hasieratik aurkezten dela liburua sekretu batekin, eta agerian gelditzen dela noiz jakingo den, zinema izarrak berak esaten baitio kazetariari egia guztia «bukaeran» jakingo duela. Horregatik, irakurlea egia horren bila abiatzen denean liburuak «harrapatu» egingo duela iragarri du itzultzaileak.
Liburuaren alderdi interesgarrienetako bat, Sarasuaren esanetan, Evelynen pertsonaian aurki daiteke. Aurreratu duenez, aktore ezagunaren «bi bizitzak» erakusten baitira: bizitza publikoa edo gizartean duen irudia alde batetik, eta Evelynen «funtsa» bestetik. «Ikusiko da nola mitoaren eta gizakiaren arteko tirabira gatazkatsua izan daitekeen etengabe».
«Ezaguna egiten zaigu liburuan aurkezten den mundua, askotan ikusi baitugu Hollywoodeko filmetan. Baina, agian, ingelesez badu bere hizkera, eta ez gaude horren ohituta halakorik euskaraz entzutera»
IBAI SARASUAItzultzailea
Pertsonaiei dagokienez, eleberriko protagonistak «oso indartsuak» direla azpimarratu du itzultzaileak. «Pertsonaia konplexuak dira, gatazkaz beteak, eta horrek inguratzen ditu benetako pertsonetara».
Egin behar izan duen itzulpen lanaz ere mintzatu da Sarasua. Haren esanetan, Hollywoodeko hizkera euskarara ekartzea izan du erronketako bat. «Nola hitz egiten du Hollywoodeko aktore batek film barruan, eta nola etxean?». Galdera hori egin zion Sarasuak bere buruari. «Ezaguna egiten zaigu liburuan aurkezten den mundua, askotan ikusi baitugu Hollywoodeko filmetan. Baina, agian, ingelesez badu bere hizkera, eta ez gaude horren ohituta halakorik euskaraz entzutera». Helburua zera zen: suma zedila Ameriketako Estatu Batuetan egindako istorioa dela, baina «gurera ekartzeko hurbiltasunetik».
«Zazpi senar, maitasun bakarra eta dena aldatuko duen egia, amaieran agertuko zaiguna». Hala laburbiltzen du eleberria liburuaren kontrazalak. «Amaieran Evelynen iragana eta Moniqueren oraina lotuko dira, eta bertan hartuko du beste norabide bat eleberriak», aurreratu du Mujikak.