Martin Ugalde Foroa. Josune Ariztondoren hitzaldia

«Ez dut uste pertsonek eta azpiegiturek kontrajarrita egon behar dutenik»

Foru aldundiak Urdaibain egin nahi duen Guggenheim museoaren «kontzeptua» sortze prozesua izango litzatekeela esan duBizkaiko Kultura diputatuari iruditzen zaio azpiegiturak kulturgintzaren onerako direla

Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariarekin batera, atzo, Martin Ugalde foroan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Andoain
2013ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Titularren garaian» bizi garela iruditzen zaio Josune Ariztondori. Edo «inpresio hori» du behintzat. Eta bada hari bereziki atentzioa ematen dion izenburu bat, azkeneko «bizpahiru» urteotan «modan» jarritako bat. «Zera esaten da: ez dira azpiegitura handientzako garaiak, pertsonentzako garaiak dira». Eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua ez dago ados. «Ez dut uste pertsonek eta azpiegiturek kontrajarrita egon behar dutenik; ez dute zertan». Martin Ugalde Foroan Euskal kultura eta herri erakundeak. Kulturgintzan, Bizkaitik Euskal Herrira hitzaldia eman zuen atzo. Nabarmendu zuen, besteak beste, «dirua dagoenean» Bizkaiko Diputazioak Urdaibain eraiki nahi duen Guggenheim museoaren «bokazioa» bestelakoa izango litzatekeela Bilbokoarekin konparatuta, eta sortze prozesua edukiko lukeela «kontzeptu» gisa, «produktuaren», artelan bukatuaren, gainetik. Une honetan horren bideragarritasun plana aztertzen ari dira.

Iruditzen baizaio Ariztondori, kulturatik «sustatzen, hauspotzen eta egiten» diren azpiegiturek izan behar dutela «kulturgintzaren onerako». Eta azpiegituren adibide batzuk zerrendatu zituen: Arriaga antzokia, Guggenheim museoa, Bizkaia pilotalekua, San Telmo museoa, Bertsozale Elkartearen egoitza... «Kulturgintzaren onerako badira, pertsonentzako ere badira».

Krisi ekonomikoaren eraginez ez dira «itxi behar», adibidez, «antzoki guztiak», Bizkaiko Kultura diputatuaren esanetan. «Orain baditugu gure antzokiak». Eta denboran atzera jo zuen bere azalpena emateko: « Eduki nahi genituenean, ez genituen. Orduan, modu desegokian ibili behar izan zuten bertsolariek adibidez; edo Durangoko Azokan bertan. Uste dut azpiegitura horiek oso ondo etorri zaizkigula. Eta eskerrak!». Ondokoa gehitu zuen bere ustea indartzeko: «Baldin baditugu, baliatu ditzagun ahal beste kulturgintzarako». Izan ere, pentsatzen du aipatutako titularrak «kontraesan bat» iradokitzen duela, eta «horren kontra» egin nahi du Ariztondok.

Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibain eraiki nahi duen Guggenheim museorako ere balio du kultura diputatuaren tesiak. Azaldu zuen zergatik. «Beste museo askok egin duten bezala, Guggenheimek ere zabaltzeko bat aurreikusi zuen». Horretarako «hainbat aukera» zeuden. Bat zen oraingoa, Bilbokoa, handitzea. «Baina Frank Gehryk [museoaren arkitektoak] ez zuen argi ikusten. Bere bizitzako obra zelako eta ukitzeari beldurra ziolako. Uste dut arrazoia duela». Aztertutako beste aukeretako bat zen Zorrozaurren gauzatzea. «Hango fabrika batzuk ikusi genituen, eta kanpotik handiak izan arren, barruan badituzte zutabe asko, eta zaila zen». Beraz, aurreneko biak gauzaezinak zirenez, hirugarren aukera edo «ideia» baten aldeko hautua egin zuten. «Jarraitasun ezarena» da hori. «Bai espazioan, bai edukian, bai kontzeptuan. Horregatik Urdaibain».

Museo berriaren «kontzeptua da «batez ere» jarraitasun ezarena, Ariztondoren iritziz. «Edozein museotan ikusten dituzu produktuak osatuta: margolanak, eskulturak... Ez duzu, ordea, prozesua ikusten. Horixe da, hain zuzen, espazio berri horren edo handitzearen ideia. Prozesua lantzea, alegia. Ikasleekin, Euskadiko artistekin...». Gaur egun baina, ez dago museo berria egiteko dirurik. «Hori begien bistakoa da». Halere, Ariztondok azpimarratu nahi izan zuen dirurik ez dagoenean egiten direla planak, dirua dagoenean horiek «gauzatu» ahal izateko. «Ezin duzuna egin da geldirik geratu dirurik ez duzulako. Egin daitezke dirurik behar ez dutenak gauzak. Baina Patxi Lopezen gobernuak proiektuaren bideragarritasunaren azterketa blokeatu zuen».

Baina orain aste batzuk onartu zuen Guggenheim museoaren fundazioak 2013-2014rako plan estrategikoa, eta balizko museoaren bideragarritasuna aztertzeari ekin diote berriro. «Sakontzen jarraitu behar dugu, eta bukatzen dugunean ikusiko dugu egitea merezi duen edo ez». Dena den, argi utzi nahi izan zuen asmoa ez dela Bilbokoaren kopia egitea Urdaibain. «Pentsatu daiteke egin nahi dena dela Bilboko eraikuntza hartzea eta Urdaibai erdian jartzea, Guggenheim Bi bat eginez. Ez, ez luke bokazio hori edukiko. Zeharo ezberdina izango litzateke».

«Ez zioten kontratua berritu»

Beste kontu batzuei ere tira egin zien Ariztondok. Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendari kargutik kentzeak eragindako polemikaz mintzatu zen, esaterako. Bizkaiko Diputazioa da Azokaren babesle nagusia ekonomikoki. Horri buruzko iritzirik ez dauka aldundiak, «gauza bat delako diruz laguntzea elkarte bat edo gizarte ekimen bat, eta bestea haien gauzetan sartzea». Halere, Ariztondok uste du, «kaleratu baino», ez ziotela Goenagari urtebeterako zeukan kontratua berritu. «Ez nago seguro, baina hala balitz, kaleratzea eta kontratua ez berritzea ez dira gauza bera ».

Bizkaiko Kultura diputatuak uste du kulturgintzan «herri aginteek» zeregin bat dutela: erraztea eta bermatzea. «Titular lodietatik haratago joatea tokatzen zaigu».

Hitzaldia osorik ikusi ahal izateko, jo gure webgunera: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.