Aurreko diskoa sortzeko ibilitako errail berean ari da Ezezez taldea orain ere aurreraka. Besterik da, hori bai, azeleragailua are eta indar handiagoz zapaldu duten hirugarren diskorako, edo, batere erreparorik gabe, are eta libreago aritu diren sigi-saga, edo, inoiz, baita abiada motelduta edo frenatu-azeleratu-frenatu ere. Laukotea bereziki jostalari aritu da Kabakriba izeneko diskorako. «Bidea ezagututa, ideia argiagoekaz eta esperimentazio zabalagoagaz ibili gara orain», aitortu du taldeko frontman Unai Madariagak. Atzera ere, solte, abestien hitzak energiko eta adierazgarritasun handiz kantatu ditu azken lanean Madariagak. Doinu melodikoak eta sarri hipnotikoak lagun. Bihar Bilboko Kafe Antzokian joko dute, iaz biharko egunez egin bezala, baina beste hamabi kanturekin.
Diskoaren izenean berean ere suma daitezke, batetik, laukotearen jostetarako joera, eta, bestetik, Katuzaldia (2024) taldearen bigarren diskoari nolabaiteko segida eman nahia. Kabakriba hitza akronikoa baita berez: Katuzaldia baino kriatura bakanagoak esan nahi du.
Izan kreaturak, izan musikari lurtarrak, honako hauek osatzen dute Ezezez, Madariagaz gainera: Eneko Ajangiz gitarra jotzaileak, Mikel Irigoien baxu jotzaileak eta Alvaro Olaetxea bateriak.
1970eko psikodeliaren, rock alternatiboaren eta punkaren doinuak ez ezik, grungearekin, poparekin eta funkyarekin ikustekoa duten soinuak ere antzeman dakizkioke Ezezezen musikari; erretratua horrelakoxea zen lehen, eta antzerakoa da orain ere, eboluzioa eboluzio. Dena dela, Madariagaren esanetan, ez dira askorik tematzen musika genero bat edo bestea sortu beharrarekin. Beste zerbait izaten dute iparrorratz. «Gure artean ez dugu berba egiten erabakitzeko zer musika mota jorratu nahi dugun, horrek ez digu asko ardura, baina bai egiten dugu berba musikagaz transmititu nahi dugunari buruz, eta dantzagarritasuna eta dibertsioa beti egoten dira elkarrizketa horretan; hori laurok daukagu argi». Disko berria dute horren erakusle.
Entzuleari zaila izan dakioke kantuak aditu eta hankak kieto izatea zolan. Edo, sikiera, musikaren tempoan gorputza ezker-eskuin kulunkatzeko bulkadari eustea. Diferentea da kasuan-kasuan. Noraezean abestiak iradokitzen duen dantzaera robotikoa —horrela dago irudikatua bideoklipean ere— edo Zorozelai piezaren atmosferan egin litezkeen zientoka mugimenduak, eta saltoak, eta jirak eta birak dira horren adibide —kasu horretan, Jakes de Irala dantzariak gorpuzten ditu pausook bideoklipean—.
Ipuinetan nahiago
Aurreko diskoetan bezala, Madariagak idatzi ditu kantuen hitzak oraingoan ere, eta aldi honetan bereziki nabarmena izan da letragilearen joera bat: kantetako askok ipuinak dirudite. Madariagak propio bilatu du forma hori. «Gurata egin dudan zerbait da. Beti gustatu izan zaizkit ipuin txikiak diren abestiak, edo fabulak diren abestiak. Aurretik baten bat eduki dut eginda, baina uste dut disko honetan gehiago nabaritzen dela izan dudan nahi hori». Kasurako, Zorozelai izeneko abestian Erdi Aroko —«siglo equis uve»— lapur baten istorioa aireratzen du Madariagak ahotsarekin, Static Txomin kantak azeri izan nahi ez duen azeri baten istorioa du muinean, eta anekdota bat du oinarrian No hay pescau-k: hegaluzea erosteko merkatura joan, eta, berandu ailegatuta, arrainik gabe gelditzen denarena.
«Iruditzen zait oso modu polita dela igual dentsoagoak diren gaiak lantzeko»; hala azaldu du Madariagak «ipuinak» idazteko motiboetako bat. Eman du adibiderik ere. «Zorozelai-n diruaren boterea eta aberatsen aurkako ideologia hori lantzen da, eta, Static Txomin-en zu zeu izateaz eta besteek pentsatzen dutenari kasurik ez egiteaz ari gara». Dioenez, formula arinagoak erabili ezean, gaiak pisutsuegiak izanen lirateke. Ironia eta umorea ere baliatzen dute efektu hori erdiesteko, baita askotariko erdaretako esaldiak ere, flashen gisara.
«Nik abesti asko hasten ditut halako ingeles asmatu batean kantatuz melodiak, eta hortik ateratzen dudan fonetikatik saiatzen naiz berbaren bat sartzen edo. Eta igual berba batetik bakarrik abesti oso bat sortu ahal dut lirikoki»UNAI MADARIAGA Ezezez-eko abeslaria
Galdetuta bietako zein datorren lehenbizi, ipuin bat kontatu nahia edo gai bat mahaigaineratzeko interesa, bataren edo bestearen alde egin ezinean sentitu du bere burua Madariagak. «Pixka bat parean doaz», hasi du esplikazioa zalantzati, baina, segidan, sakon hasi da erantzuna bilatu nahian. «Esango nuke justu apur bat lehenago heltzen dela gaia jorratzeko nahi hori. Baina nik abesti asko hasten ditut halako ingeles asmatu batean kantatuz melodiak, eta hortik ateratzen dudan fonetikatik saiatzen naiz berbaren bat sartzen edo. Eta igual berba batetik bakarrik abesti oso bat sortu ahal dut lirikoki».
Egurraren aurreko bakea
Ezezezeko kideen iritziko, haien musika entzuteko biderik egokiena diskoak hasi eta buka aditzea da. «Nahiago oso-osorik entzutea. Guri bereziki gustatzen zaigu bidaia hori errespetatzea, lantzea eta zaintzea», ohartarazi du Madariagak. Eta, besteak beste entzuleari «bidaia errazteko», bereziki maite dute bizi-biziak diren abestiz osatutako errenkadetan, tarteka, halako parentesi patxadatsuak egiteko bide emanen duten «baladatxoak» ematea. «Disko honegaz pasatu zitzaigun lehenengo lau abestiak nahiko tralla zirela ja, eta pentsatu genuen: 'Hemen zeozer sartu behar dugu atmosfera apur bat lasaitzeko eta ez gelditzeko lauegi'». 108.00 FM eta New York abestiek betetzen dute funtzio hori; bata instrumentala da osoki, hitzik gabea, eta bestea guztietan samurrena da, bai doinuan eta baita mezuan ere. «Zeure begietako egunsenti urdiña/ oskarbi esnatzen da itsasoko disdiraz./ Paradisu guztiak lurretik kanpo daude/ zurekin esnatzea kontuan izan gabe».
Aitorpena egin du Madariagak, hala eta guztiz, umorez: zuzenekoetan, zaila zaie kantuak diskoan grabatuak dauden bezain bare interpretatzea. Gozamenaren poderioz, energiaz gainezka izan ohi dira oholtza gainean. «Uste dut publikoak nabaritzen duela geuk zenbat disfrutatzen dugun, eta uste dut transmititzea lortzen dugula». Gainera, azkenaldian, aurpegia pintatuta taularatzen da Madariaga aldiro —«Ez dakit oso ondo zergatik: gustatzen zaidalako, edo izango da nire erreferenteengatik ere; David Bowie datorkit burura»—, eta gozagarri zaio hori ere. Halaxe arituko da bihar bertan ere, Bilbon. 22:00etan hasiko dute kontzertua, Kafe Antzokian.