Musika

«Ezinbesteko» melodiak Berzaitzen mundua ezagutzeko

Pier Paul Berzaitzek 'Xüberoa 25' plazaratu du. 'Uharte bat' diskoan bezalaxe, Philippe Ezkurrarekin landu du musika. Bere biziaren ardatz nagusitzat dauka sorkuntza.

Andres Kamio eta Pier Paul Berzaitz, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Andres Kamio eta Pier Paul Berzaitz, gaur goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Baiona
2025eko azaroaren 10a
16:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Xüberoa 25 disko berriko doinuek Pier Paul Berzaitzen munduaren sakonera eramaten dute entzulea, Andres Kamio Jitu Elkar Musika diskoetxeko arduradunaren erranetan. Kantari zuberotarrak bederatzigarren diskoa du jada, eta hamabi kantu bildu ditu oraingoan. Itxaro Bordaren aitzinsolasarekin hasi dute Baionan egin aurkezpena, eta, idazlea ez zenez bertan, hari «lapurtutako» hitz batzuk irakurri ditu Kamiok, iritzita «ezin hobeak» direla diskoa deskribatzeko: «Disko honetako doinuak beharrezkoak eta ezinbestekoak dira, hain maite dugun Zuberoari errotik lotzen gaituztelako».

Kantu batzuen hitzak kantariak berak idatzi ditu, eta Bordaren, Jean Louis Davanten, Xabier Leteren eta Jean Mixel Bedaxagarren olerki zenbait musikatu ere bai. Berzaitzek erran duenez, Letek testu batzuk musikatzeko enkargua egin zion hil aitzin; ondorioz, hari eman hitza «atxiki», eta Lagun hurbilak musikatu du. «Xabier Lete ezagutzen nuen, eta galdegin zidan bere testu batzuk musikatzea. Eta halaxe nahi izan dut segitu, disko honetan testu bat sartuz». 

Gainerateko kantuetan ere, Berzaitzek melodiak konposatu dizkie testuei, eta moldaketak Philippe Ezkurra musikariarekin egin. Kamiok «zoragarritzat» jo du emaitza, Ezkurrak tresna gutirekin musikaltasun «ederra» sortu duelakoan. «Sukaldari on baten lana egin du: osagarri onak momentu onean eman, eta musika ederki jarri die testuei». Ezkurrak ez ezik, Baionako Kontserbatorioko Marin Beak, Patrick Prunelek, Marie Helene Gastinel Maiak eta Agnes Rospidegaraik ere parte hartu dute musikaren konposizioan.

«Sukaldari on baten lana egin du: osagarri onak momentu onean eman, eta musika ederki jarri die testuei»

ANDRES KAMIO Elkar Musikako arduraduna

Berzaitzen estilo tradizionalarekin lotuak dira diskoan jorratzen diren gaiak. Maitasuna, bizitza eta heriotza dira auzi nagusiak, txistuak, txirulak, kontrabaxuak, biolinak eta akordeoiak lagundurik. «Ohiko» tresnak baliatu ditu Berzaitzek, baina txistua eta txirula gehitu, musikari nortasun handiagoa emateko. «Philippek eta biek erabaki dugu aldi honetan txirula eta txistua sartzea, nortasun berezia ematen baitiote testuari. Bestenaz, biolina eta kontrabaxua betidanik baliatu izan ditugu». Kamiok bakarrik ez, Berzaitzek ere goraipatu du Ezkurraren lana. Harekin aritzea «xantza» dela erran du, eta musikari trebetzat jo du, uste baitu musika tresna bakoitzaren doinuak ongi landu eta moldatu dituela ahotsarentzat.

Sortu, «alfer» ez egoteko

Jendeak pentsa dezake diskoak ekoiztea alferrik dela saltzen ez badira. Baina Berzaitzek kontrakoa uste du, eta, nahiz ez dion garrantzirik kendu sorkuntzaren ekonomiari, ekonomia eta sorkuntza lana desberdindu ditu. Azpimarratu du musika sortzen aritzen dela bera. «Ene bizia musika sortzea da: biziaren helburutzat daukat».

«Zerbait berri aurkeztu behar zaio publikoari: ez gara betiko musikan gelditzen ahal etengabe»

PIER PAUL BERZAITZ Musikaria

Sorkuntzan segitzeko arrazoiak ere garbiki azaldu ditu Berzaitzek. Horrela, musika konposatzen du alfer ez egoteko, gogoa ez higatzeko eta, azken finean, praktika profesionala ez galtzeko. Bertzalde, erran du garrantzitsua zaiola publikoaren aitzinera ateratzea, nahiz eta diskoak ez diren anitz saltzen. «Zerbait berri aurkeztu behar zaio publikoari: ez gara betiko musikan gelditzen ahal etengabe».

'Xüberoa 25' diskoaren azala. GUILLAUME FAUVEAU
Xüberoa 25 diskoaren azala. GUILLAUME FAUVEAU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.