Zinema estreinaldiak

Ezinezko maitasun istorioa

Emily Bronteren 'Gailur ekaiztsuak' nobela klasikoa zinemara egokitu du Emerald Fennell zuzendariak. Jacob Elordi eta Margot Robbie dira maitasun istorioko aktore protagonistak.

'Wuthering Heights' filmeko irudi bat. WARNER BROS
'Wuthering Heights' filmeko irudi bat. WARNER BROS.
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yorkshire iparraldean (AEB) hazi dira Heathcliff eta Catherine Earnshaw. Txikitako lagunak dira, eta harreman oso sakona izan dute betidanik. Orain, ostera, desberdintasun sozialak eta hainbat erabaki oker direla medio, bien arteko harremana goitik behera aldatu da. Catherine beste gizon batekin ezkonduko da. Aberatsa da, baina ez du maite. Haren erabakiaren aurrean, Heathcliffek herritik alde egingo du. Emily Bronteren Gailur ekaiztsuak (1847) nobela klasikoa da —Irene Aldasorok euskarara ekarri zuen 2017an (Erein, Igela)—. Hainbat egokitzapen egin dira urteetan, eta azkena Emerald Fennell zuzendariak egin du.

Jacob Elordik Heathcliffen rola antzeztu du, eta Margot Robbiek, berriz, Catherine Earnshawena. Pantailan elkarrekin atera diren lehen aldia izan da, baina Fennell zuzendariak lehendik ezagunak zituen biak. 2023. urtean, Saltburn filma zuzendu zuen Fennellek, eta Elordik Felix Catton pertsonaia antzeztu. Robbiek ere film hartan parte hartu zuen, baina ez aktore gisa, ekoizle gisa baizik. Hala ere, hura ez da izan zuzendariarekin batera ekoitzi duen lan bakarra; Promising Young Woman (2020) filmean ere batera lan egin zuten.

Fennellek 14 urte zituela irakurri zuen lehen aldiz Bronteren nobela, eta lotura «sakona» sentitu zuela adierazi dio BBC hedabideari. Orain, filmarekin zera egin nahi izan duela aitortu du: «Nerabe nintzela liburua lehenengoz irakurri nuenean sentitu nuen gauza bera transmitituko zidan zerbait egin nahi nuen. Erantzun emozional eta sexual bat da». Bere ibilbidean onartu du betidanik egokitu nahi izan duela obra, eta hala egin du, azkenean, Saltburn filma estreinatu ostean.

Hamaika egokitzapen

1847. urtean Brontek obra hori argitaratu zuenetik, hamaika formatutara egokitu da nobela; hizkuntza ugaritara itzuli da, eta baita antzerkira, zinemara eta telebistara heldu ere. Zinemaren kasuan, 1920an egin zuten lehen filma, eta 1939an bigarrena; hori da egin diren egokitzapen guztietatik ezagunena. William Wylerek zuzendu zuen, eta Laurence Olivier —Heathcliff— eta Merle Oberon —Catherine Earnshaw— dira protagonistak. Filmak obraren lehen zatia bakarrik kontatzen du.

1954an, bestalde, Luis Buñuelek Mexikoko testuingurura eraman zuen amodiozko istorioa, Abismos de pasiĂ³n izenpean. 1970ean, berriz, Robert Fuestek zuzendu zuen laugarren egokitzapena. Aurrerago, Peter Kosminskyk 1992. urtean argitaratu zuen bere ikus-entzunezkoa; ordura arteko egokitzapenik osatuena izan zen, nobelaren zati guztiak islatu baitzituen filmean. 2011n, berriz, Andrea Arnoldek aurreko bertsio guztietatik aldentzen den lan bat egin zuen. 

'WUTHERING HEIGHTS'

Zuzendaria eta gidoilaria: Emerald Fennell. Aktoreak: Margot Robbie, Jacob Elordi, Alison Oliver eta Owen Cooper. Musika: Charlie XCX. Argazkia: Linus Sandgren. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 136 minutu. Herrialdea: AEBak. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hegoaldean. 

Beste estreinaldi batzuk:

'El vestido' filmeko irudi bat. BERRIA
Belen Rueda El vestido filmeko fotograma batean. BERRIA

'EL VESTIDO'

Zuzendariak: Frank Ariza eta Jacob Santana. Gidoilariak: Frank Ariza, Diego Ayala eta Marco Lagarde. Aktoreak: Belen Rueda, Elena Irureta, Belen Ecija eta Vera Centenera. Argazkia: Christos Voudouris. Generoa: beldurrezkoa. Urtea: 2026. Iraupena: Herrialdea: Espainia.

Zailtasunez beteriko dibortzio baten ostean, Alicia eta haren alaba Carla etxe zahar batera joan dira bizitzera. Hasiera berrien bila mugitu dira, baina bizitzen hasi berritan jabetuko dira etxeak hainbat istorio ilun gordetzen dituela. Amak uste du alaba dela gertakari horien erruduna.

'crime 101'

Zuzendaria: Bart Layton. Gidoilariak: Bart Layton eta Peter Straughan. Aktoreak: Chris Hemsworth, Mark Ruffalo, Barry Keoghan eta Halle Berry. Argazkia: Erik Wilson. Generoa: thrillerra. Urtea: 2026. Iraupena: 140 minutu. Herrialdea: Erresuma Batua.

 

Chris Hemsworth aktoreak Davis izeneko lapur bat antzeztu du film honetan. Erabat nahastuta dauka Polizia, haren atrakoak oso arriskutsuak baitira. Orain, inoizko kolperik handiena emateko asmotan dabil, azkena izango delakoan; izan ere, lan kontuak direla medio, hainbat arazo sortu zaizkio bidean. Don Winslow idazlearen Broken nobelaren egokitzapena da.

'GOAT'

Zuzendariak: Tyree Dillihay eta Adam Rosette. Gidoilariak: Aaron Buchsbaum eta Teddy Riley. Aktoreak: Caleb McLaughlin, Gabrielle Union, Nicola Coughlan eta Stephen Curry. Argazkia: John Clark. Generoa: Animazioa. Komedia. Urtea: 2026. Iraupena: 100 minutu. Herrialdea: AEB.

 

Amets handiak dituen ahuntz txiki bat da Will. Bere gustuko kirol batean jokatzeko aukera eman diote: bere bizitzako aukera. Intentsitate handiko kirola da, mistoa eta kontaktu handikoa, eta munduko animaliarik azkarrenak eta basatienak daude bertan. Will batu den taldeak ez du begi onez ikusi haren harrera, baina ahuntz txikia seguru dago bere buruaz, eta dena emateko prest da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.