'DESOBEDIENTEAK 18/98'
Historian zehar nazioarteko desobedientzia zibilaren emaitza arrakastatsuak akordura ekartzearekin batera, 18/98 makroepaiketako injustizia taularatu digu Tanttakak. Egungo ezkortasunaren aurka argi aurkezten digute, estatu edo legeen bidegabekeriaren kontra, bide eginkorra eta legitimoa dela Thoreaurena.
Aiora Enparantzak primeran sostengatzen du antzezlanaren bizkarrezurra, Zientzia Politikoetako doktoretza tesia aurkezten duen ikaslearen rolean. Beste batzuetan, berriz, epailearena egingo du, eta horrela galdetua/epaitua izatetik galdetzaile eta epaile izatera salto egin du efikazia osoz. Gainontzeko aktoreak ere era horretan ibili dira, rol batetik bestera jauzika ahotsa eta gorpuzkera aldatuz. Taldeak funtzionatzen du, baina atzokoan Errastiren presentzia nabarmentzekoa zela iruditu zitzaidan.
Gaia oraindik ere delikatua dela esango nuke nik —batez ere hemendik kanpo birak egiteko— eta testua dentsoa. Alde eszenografiko miresgarriak asko laguntzen du hizpidea arintzen. Ikuskizuna gaurko molde teatralean bilduta etorri zaigu: pusketak josiaz eraikitzen da, ohiko antzezpenaz gain, zuzeneko grabazioak proiektatzen dituzte eta baita aldez aurretik filmatutakoak ere. Mikrofonoak eta gitarra elektrikoa ez zaizkigu falta (Talkin' Bout a Revolution abestiak bereziki hunkitu gaitu). Eszena aldaketek ahalbideratzen duten erritmoaz gain, estetikoki aukeratutako tonalitateak, jantziak barne, ederrak dira; David Bernuesen argiak, ohituta gauzkan eran, txalotzekoak. Disposizio eszenografikoa oso efikaza.
Indian Mahatma Gandhik lideratu zuen gatzaren protesta, Rosa Parksek piztutako afro-amerikarren eskubide zibilen mugimendua zein LGTBQ+ hiritarren aldeko hasierako ekintza historikoen irudiak daude txertatuta ikuskizunean tesiaren aitzakian. Halaber, kronologikoki gertuagokoak diren imajinen lekuko bihurtu gaituzte, hortxe, Just Stop Oil taldearen museoetako margolanen zikintzearenak, Madrilgo martxoaren 15eko kanpamentuarenak, eta Jordi Cuixart katalanaren kontrako epaiketarenak. Tesiaren defentsan behin eta berriro ateratzen da desobedientzia zibilaren legitimitatea. Etxera etorrita, Lemoizko zentral nuklearraren kontrako martxaren fotogramak zein Ryanen hilketari buruzko titularrak ikusgai izan ditugu hondoko pantailan. Bi borroka estrategia. Eta 18/98 sumarioan auzipetuak izan zirenen aurrean, Garzonek «dena ETA da» pentsamoldeari eutsi ziolako oroimena. Stephane Hessel-en Haserretu zaitezte-ren oroimena piztu zait laugarren txaloaldi beroan. Minutu batzuk lehenago, «Osasuna eta desobedientzia» izan da Goirizelaiaren azken esaldia. Beraz, Desobedienteak?... Beharrezkoa.