Ezohiko angeluen xarma

John Gutmann iragan mendeko argazkigintza estatubatuarraren maisuaren lana Bilboko Rekalde aretora iritsi daAutoak, iragarki panelak, grafitiak eta kaleko jendearen 130 irudi daude ikusgai

Bilbo
2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
John Gutmannek Estatu Batuetako bizimodu eta une adierazgarrienak erretratatu zituen, betiere angelurik ezohikoena bilatuz. Agerikoa da ezaugarri hori Bilboko Rekalde aretoan urtarrilaren 8ra bitartean ikusgai dagoen atzera begirakoan. Mapfre fundazioak prestatu du erakusketa, Gutmannen 130 argazkiz osatua, Arizonako Unibertsitateko Center for Creative Photography zentroarekin batera.

Carlos Gollonet erakusketaren komisarioak dioenez, argazkiak ikusita berehala antzemango du bisitariak sentikortasun berezia zuela Gutmannek mugimenduaren bat-batekotasuna eta konposizioaren oreka lortzeko. Artifizio oro ezabatzen zuen irudietatik, argazkiak kazetaritza eta sormenezko lanaren artean kulunkatzen ziren dokumentu bihurtzeko.

Gutmannen irudiak erreportaje dokumentalaren mugetatik harago doazela azaldu du komisarioak, esanez eguneroko bizitza jasotzen duten adierazpide «guztiz harrigarriak eta bereziak» direla. «1930eko Greba Orokorreko irudiak adibidez adierazkorrak dira». Gutmanni ezohikoa iruditzen zitzaion inguratzen zuen oro: autoak, iragarki panel izugarriak, grafitiak, kaleko jendea, gizarteko kaosa, aniztasun etnikoa... Argazkiak egiterakoan unerik adierazkorrena eta angelurik ezohikoena bilatzen zuen.

Zazpi ataletan dago banatua erakusketa. Deserrotutako ikuspegia izenekoan ikus daiteke Gutmann Estatu Batuetara iritsi zenean nolako grinaz atera zen kalera, kamera eskuan zuela, hainbeste gustatzen zitzaion errealitatea atzeman nahian. Metropoli berri batekin topatzea atalean, Estatu Batuetako hiriek sortzen zioten lilura sumatuko dugu. Automobila atala, berriz, auto amerikarren kulturari buruzko azterketa da; Gutmannen ustez, espiritu indibidualista amerikarraren erakusgarri bat baitzen autoa.

Amerikaren sakoneraino autobusez egin zituen bidaietan, etengabe aldatzen ari zen gizartearen kronika islatu nahi zuen Gutmannek. Irudi amerikarrak atalean, hirietan eta landa guneetan ibiltzen zen era guztietako kulturen erretratua jasoz beti, bazterreko pertsonak arreta bereziz hartuta. Paisaia amerikarrak atalean, lurralde eta herrietakoarkitekturen artean zeuden aldeak batzen ditu.

Gaitasun pertsonalak muturreraino proban jartzearren bere bizitza arriskuan jartzen zutenekin txunditurik zegoen Gutmann. Artista, atleta eta zirkuko pertsonaia gazteak, grabitate fisiko eta sozialari aurre egiten zioten unean bertan erretratatu zituen Inauterietako espiritua atalean, kamerarekin hilezkor bihurtuz.

Gerra-seinaleak atalean, 1942. urtean Estatu Batuetako IndarArmatuetan izena eman ondoren —Asiako Gerrari buruzko Informazio Bulegoko kamerografo militar gisa—, egin zituen irudiak daude bilduta. Txina, Birmania eta Indiako paisaiak, arkitektura eta herriak. Landa guneetan ureztatzeko eta landatzeko zituzten antzinako metodoak, eta ondoan, gatazka armatuaren ageriko ondorioak, soldaduengan eta herrietako biztanleengan islatua; hori etengabe erretratatu zuen gerra osoan.

Bere burua margolaritzat

Duela 13 urte San Frantziskon hil zenerako, sona handiko argazkilaria zen John Gutmann. Haren hastapenak, baina, bestelakoak izan ziren, eta azken momentura arte bere burua margolaritzat izan zuen. Argazkigintza baliabide ekonomikotzat zuen Gutmannek, eta margolaritza zen benetan betetzen zuena. Margogintzan aritzeari eta erakusketak egiteari ez zion sekula utzi.

40ko hamarkadatik aurrera, haren argazkiak AEBetako aldizkari garrantzitsuenetan agertzen hasi ziren, U.S. Camera, Look, Life eta Saturday Evening Post-en, adibidez. 1973an, San Francisco State College-n irakasle lana utzi eta erretiroa hartu zuen. Jarraian, bere argazkigintzako ekoizpeneko negatiboak sistematikoki bildumatzen eta sailkatzen hasi zenean, bizitzaren amaieran zegoela, haren lanari buruzko hainbat monografia argitaratu ziren. Bera hil ondoren, Arizonako Centre for Creative Photography zentrora eraman zuten Gutmannen argazki eta dokumentuen artxiboa ibilbide osoa sakon aztertzeko.

Haren arte ibilbidea historiak markatua joan da. Breslaun jaio zen 1905. urtean (gaur egungo Wroclaw, Polonia). Artea ikasi zuen Breslau eta Berlin artean, eta Otto Mueller margolari espresionistaren ikasle aurreratua izan zen. Judu-alemanak ziren beste artista eta profesional askok bezala, Gutmannek Estatu Batuetara alde egin behar izan zuen, 1933an nazismoa boterera iritsi zenean.

Aldaketa geografiko horrek jarduera berri baten hasiera eragin zuen, argazkigintza hartu baitzuen ardatz gisa. Berlingo Presse-Photo agentziarekin kontratua lortu zuen —helmuga berri hartan egin zituen argazkiak Europatik banatzeko—, eta horri esker, bizimodua atera ahal izan zuen Beheraldi Handiko urte zailetan.

San Frantziskon kokatu zen, eta berehala liluratu zuten AEBetako gizartearen modernotasunak eta kosmopolitismoak. Berlingo espresionismoaren eredu modernoak barneratu zituen, han hartu baitzuen prestakuntza; baina gai izan zen margolari gisa zuen sentikortasuna argazkigintzara eramateko, eta etengabeko jarioan zebilen errealitatearen bat-bateko argazkiak egiteko. John Gutmannen begirada europar batena da, beste judu-aleman batzuek bezala —Robert Frank, adibidez— Estatu Batuetako bizitasunarekin bat egitea lortu zuen europar batena.

John Gutmannen lanean sakontzea nahi duenak ostegunetan joan daiteke Rekaldera, bisita gidatuak izango baitira. Bestalde, John Gutmann: The Photographer at Work izeneko katalogoa argitaratu berri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.