«Ezohiko binomioa»

Feillet ahizpa margolarien XIX. mendeko lanak biltzen dituen katalogoa argitaratu dute Baionako Euskal Museoak eta Zumalakarregi museoak

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
Donostia
2015eko abenduaren 6a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Ezohiko binomioa». Halaxe definitu du Miren Elgarresta Gipuzkoako Diputazioko Berdintasun zuzendariak Helen eta Blanche Feillet ahizpek egindako lana. Haren arabera, XIX. mendean emakumea eta margolaria izatea «arazoa» baitzen gizartearentzat. Parisen jaio ziren bi artistak, eta 1834an Baionara joan ziren bizitzera. Ordutik 1880ko hamarkadara arte Euskal Herria izan zuten jardun artistikoaren zutabe nagusia, eta sasoi hartako ilustratzaile erromantiko oparoenak izan ziren. Elgarrestaren esanetan, «Euskal Herriko emakume margolari aitzindariak dira». Haien lanaren garrantzi historikoa ikusarazteko, Baionako Euskal Museoaren eta Ormaiztegiko Zumalakarregi museoaren artean (Gipuzkoa), Emakume margolari aitzindariak XIX. mendeko Euskal Herrian erakusketa osatu zuten, joan den martxoan. Eta, atzo, izen bereko katalogoa aurkeztu zuten.

Mikel Alberdi Zumalakarregiko artxibo arduradunak azaldu duenez, erakusketa abian jarri zutenean ez zuten haren katalogorik atera, baina horrek espero ez zuten «aukera» bat eman die. Erakusketaren harira, Feillet ahizpen ondorengo bat jarri zen arduradunekin harremanetan, ilustratzaileen lan gehiago gordeak zituelako. Orduan, lan horiek erakusketan eta katalogoan sartu ahal izan dituzte.

Margolarien historia eta haien lanak jaso dituzte liburuan. Euskal Herrian zehar bidaiatu eta litografiak egiten zituzten bi ahizpek, eta, hala, Baionatik hasi, eta hainbat herri pasatuz, Bilboraino iritsi ziren lan etnografikoak eginez. Blancheren senarra, Charles Hennebutte, Baionako inprimatzaile ospetsuenetako bat zen, eta hari esker publikatu zituzten irudiak. Lan horiek turistak erakartzeko baliatu zituzten, eta, modu horretan, Euskal Herriko turismoaren aitzindari bilakatu ziren bi emakumeak.

Haien lanaren inguruko lau kolaborazio ere bildu dituzte liburuan; Baionako Euskal Museoko Olivier Ribetonek, Frantziako Institut National du Patrimoineko Florence Calame-Levertek, Estrella de Diego arte kritikariak eta Alberdik berak idatzi dituzte.

Bi museoetan dago eskuragarri katalogoa.
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA