Kritika. Literatura

Eztabaida aldiro

zer egin miranderekin?
Irati Majuelo.
2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ZER EGIN MIRANDEREKIN?'

Zer egin Miranderekin? Ez da erraza erantzuna, ez dago erantzun bakarrik, akaso, eta horregatik da gure literaturan aldiro-aldiro azaleratu eta berritzen den konfliktoa. Eztabaida honekin abiatu du Alberdaniak Patrika sail berria, euskal literaturaren korapilo ezagunetako bat formatuan eta edukian gaur egunera ekarriz.

Santi Leonék, Katixa Dolharek eta Gorka Bereziartuak sinatzen dute testua, 2025ean Iruñean eta Amaia Elizalde ikerlaria lagun egin zuten solasalditik abiatzen baita testua. Eztabaida da liburu honen funtsa, eta ez akordioa, hori dela eta, egile bakoitzak bere testua indibidualki plazaratu du. Hala ere, ados daude zenbait kontutan, Miranderi buruz egon den begirada polarizatuan, esaterako. Hiru idazleek argi azaltzen dutenez, bi izan dira euskal kritikak hartu dituen bideak: literaturaren mesedetan bere pentsamoldea urardotu edo justifikatu, batetik, eta testuak idazlearen pentsaeragatik arbuiatu, bestetik.

Beste idazle batzuekin ez da zalantzarik egin beren idazle figura eta baita testuak ere ideologiarekin lotzeko, izan feministak, komunistak, abertzaleak, eta ez dira gutxi horregatik ondorioak jasan behar izan dituztenak. Miranderen kasuan, nola ez dugu esango, autoreak hain argiki idatzi zuenean nazismoaren aldekoa zela? Edo nazismoaren ideia batzuekin bat egiten zuela? Ideia erabat arrazistak zituela, emakumeekin harremantzeko manera misoginoak, pedofiloak? Ez da etika kontu bat; liburuan zenbaitetan aipatzen den moduan, zorroztasun kontua da.

Ildo horretan, Leonék eta Bereziartuak argi egiten dute hitz: Mirande ideologia faxistan kokatzen da eta (ez, hala ere) bere literaturak liluratzen gaitu. Lotura horrek sortzen duen deserosotasunean sakontzea litzateke kontua: zerk erakartzen gaitu Miranderen testuetan? Igar daiteke bere pentsamoldearen aztarnarik forma poetiko eta narratiboetan? Nola irakur dezakegu bere garaikideek, gatazka antzerakoen aurrean, hartutako bide estetiko eta politikoen aldean?

«Poeta madarikatuen» sagan kokatzeaz gain, Dolhareren jarrera ez da hain argia, eta baliatzen dituen zenbait argudio («afektiboki ezindua», «burutik eri zegoen gizajoa») ez zaizkit pisuzkoak iruditzen horrelako auzi bati ekiteko. Kontua ez da pertsonaren morala eta testuaren morala erkatzea, noski, ez eta gure ideiekin bat ez datozen idazleak arbuiatzea ere. Hala ere, Miranderen kasuan, posizio politikoa lausotu nahi izan dela iruditzen zait, euskal literaturaren historian izan duen garrantziari uko ez egiteko. Gure sistema literarioak heldutasun nahikoa duelakoan nago, ohartzeko faxista izatea eta ongi idaztea ez direla kontrajarriak, eta horrek sortzen digun ezinegonaren aurrean, erantzun definitiboen beharrik gabe, aldiro-aldiro, berriz ere eztabaida pizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.