Zinema estreinaldiak

Familietako dramak

Aita egolatra batek familian utzitako arrastoa eraman du Joachim Trier zinemagileak 'Sentimental Value' bere azken filmera. Oinazea ardatz hartuta, gogoan hartzen denaz eta ahanzten denaz ere mintzo da.

 'Sentimental Value' filmaren fotograma bat.
'Sentimental Value' filmaren fotograma bat.
garbine ubeda goikoetxea
2025eko abenduaren 3a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nora eta Agnes ahizpek aitarekin egingo dute topo, aspaldiko partez. Haien arteko harremana ez zen batere gozoa izan elkarrekin zirenean, bereziki haurtzaroan, eta aitak, Gustavek, urruntzeko erabakia hartu zuen. Baina, hara non, amaren heriotzak berriro aitarekin aurrez aurre jarriko ditu bi ahizpak.

Gustav izen handiko zinemagilea da. Eta aitzakia bere emazte ohiaren hileta izanik ere, proiektu berri bat buruan duela helduko da alabengana: bere familiaren eta bereziki amonaren istorioa kontatu nahi luke, eta Nora alaba iruditzen zaio egokiena haren rolean. Baina Norak ez du fitsik entzun nahi, eta Agnesek ere arbuioa erakutsiko dio aitari.

Familiako harreman hautsiak apurka joango dira azalduz pelikulan barrena, modu sotilean, denboran atzera eta aurrera ibili gabe edo iraganeko gertaerak zuzenean erakutsi behar izan gabe. Nolanahi dela ere, argi geldituko da bi emakumeek aita ikusita sentitzen duten oinazea haurtzaroan sortua dela eta ezin ahaztu dutela.

Joachim Trier zuzendari goraipatuak lan soil eta neurritsua egin du, Sentimental Value, eta mugimendu hanpurutsutan katramilatu gabe aurkezten ditu pertsonaiak. Renate Reinsve aktoreak jokatzen du Noraren rola filmean, eta Inga Ibsdotter Lilleaas-ek, Agnesena. Gustaven larruan, berriz, Europa iparraldeko aktore esanguratsuenetako bat sartu da: Stellan Skarsgard.

Etxea ere protagonista

Aipagarria da etxeak berak hartzen duen protagonismoa, pertsonaia bat gehiago baita finean. Filmaren hasieran off-eko ahots baten bidez narratzen da etxe hartan gertatutakoaren garrantzia.

Oroitzen denari eta ahanzten denari buruzko gogoeta bat egiteko gonbita eskaintzen du filmak.

'SENTIMENTAL VALUE'

Zuzendaria: Joachim Trier. Gidoia: Joachim Trier, Eskil Volgt. Aktoreak: Renate Reinsve, Elle Fanning, Stellan Skarsgard, Inga Ibsdotter Lilleaas, Cory Michael Smith. Generoa: Drama, komedia. Iraupena: 135 min. Urtea: 2025. Herrialdea: Norvegia. Estreinaldia: Etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17646875903215) (/EZEZAGUNA) La Frontera
Frontera filmeko fotograma bat.

'FRONTERA'

Zuzendaria: Judith Colell. Gidoia: Miguel Ibañez Monroy, Gerard Gimenez. Aktoreak: Miki Esparbe, Bruna Cusi, Asier Etxeandia, Maria Rodriguez Soto, Jordi Sanchez. Musika: Liesa Van der Aa. Argazkia: Andreu Adam Rubiralta. Generoa: Drama, thrillerra. Iraupena: 101 min. Herrialdea: Espainia.

1943. urtea. Europa gerran da, eta Franco diktadoreak Pirinioetako igarobideak itxi ditu. Aduana bateko funtzionario batek aginduei ez entzuna egin, eta ahalik eta judu gehienei lagunduko die pasatzen. 36ko gerrako oihartzunak ere azaleratuko dira.

'WHEN YOU'RE STRANGE'

Zuzendaria eta gidoilaria: Tom DiCillo. Musika: The Doors. Argazkia: Paul Ferrara. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2009. Herrialdea: AEB. Iraupena: 90 min.

 

Lau artista apartekok sortu zuten The Doors, AEBetako rock bandarik entzutetsuenetakoa, 1965ean: Jim Morrisonek (ahotsa), Ray Manzarek-ek (teklatua), John Densmorek (bateria) eta Robby Kriegerrek (gitarra). Garai hartako filmaketa zatiak erabiliz, eta haiei Jim Morrison abeslariaren heriotzako irudiak nahastuz, taldearen ibilbidea osatzen du filmak. Johnny Depp aktorea da narratzailea.

'BUGONIA'

Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoilariak: Will Tracy, Jang Joon-hwan. Aktoreak: Emma Stone, Jesse Plemons, Aidan Delbis, Stauros Halkias, Alicia Silverstone. Argazkia: Robbie Ryan. Generoa: Komedia. Urtea: 2025. Iraupena: 118 min. Herrialdea: Irlanda.

Bi gazte konspiratzaile dira, eta hara zer egitea otu zaien: konpainia handi bateko presidente ahaltsu bat bahitzea. Lur planeta suntsitu nahi duen estralurtar bat dela uste dute, eta horregatik bahituko dute. Save the Green Planet film korearra abiapuntu hartuta egindako filma da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.