Zinema

'Father Mother Sister Brother' filma gailendu da Veneziako Zinema Jaialdian

Jim Jarmuschek irabazi du Urrezko Lehoia, Kaouther ben Hania zuzendariaren 'The voice of Hind Rajab' filmari aurrea hartuta. Gazari buruzko film horrek epaimahaiaren saria jaso du.

Kaouther Ben Hania zuzendaria, Veneziako Zinema Jaialdiko garaikurra eskuetan. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Kaouther Ben Hania zuzendaria, Veneziako Zinema Jaialdiko garaikurra eskuetan. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
garbine ubeda goikoetxea
2025eko irailaren 6a
23:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurreikuspenetan Kaouther ben Hania zuzendari tunisiarraren The voice of Hind Rajab filma goian ageri bazen ere, Jim Jarrmuschen Father Mother Sister Brother gailendu da Veneziako 82. zinemaldiko sari banaketan. Lehenak Alexander Paynen ardurapeko epaimahaiaren saria jaso du, baita ikus-entzuleen txaloaldirik beroena ere, bereziki proiekzioaren egunean, asteazkenean.

Jarmuschen lanak familiarteko harremanak ditu ardatz, eta hiru ataletan banatuta dago. Izar ugari batzen ditu filmak: besteak beste, Tom Waits, Charlotte Rampling, Cate Blanchett, Adam Driver eta Vicky Krieps.

Ben Haniaren filmak Hind Rajab sei urteko neskatoaren heriotza kontatzen du. Israelgo armadak hil zuen tiroka, 2024ko urtarrilean. Filmean benetako grabazioak baliatu ditu zuzendariak, tartean neskatoaren beraren ahotsa laguntza eskatzen ari zela.

Zuzendariaren Zilarrezko Lehoia Benny Safdie estatubatuarraren The Smashing Machine filmak jaso du. Safdiek Mark Kerr borrokalariaren historia jaso du bertan, Dwayne Johnson aktoreak gorpuztua.

Gizonezko eta emakumezko aktore onenen sariak Tony Servillo italiarrak eta Xin Zhilei txinatarrak eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Servillok Italiako presidentearena egiten du Paolo Sorrentinoren La Grazia filmean; Zhileim berriz, The sun rises on us all filmeko protagonista da.

A pied d'oeuvre filmeko gidoilariak —Valerie Donzelli eta Gilles Marchand— gidoi onenaren sariaren jabe egin dira. Frank Curtesen liburu autobiografikoan oinarrituta dago filma. Curtesek argazkilari izateari utzi eta idazle izateko ametsari heldu zionekoa kontatzen du bertan.

Gianfranco Rosi italiarraren Sotto le nuvole filmak Epaimahaiaren Sari Berezia jaso du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.