Maitasuna eta galera, bizitza eta heriotza. Bi mundu, kontrakoak, kontrajarriak; bateraezinak, ustez. Bi gazteren istorioa kontatzen du Fatih Akin zuzendariaren (Hanburgo, Alemania, 1973) azken film luzeak, Geister-ek. Eta filmaren mundu estreinaldiarekin estreinatuko da Donostiako Zinemaldiaren 74. aldiko Sail Ofizialaren lehiaketa ere, irailaren 18an, Kursaalean, inaugurazio ekitaldiaren ondoren.
Akinek osatuko du aurten Zinemaldian Urrezko Maskorra eta gainerako sariak eskuratzeko lehian arituko diren hamazazpi film luzeen zerrenda. Sail ofizialean lehiatuko dira Roberto Bueso, Fred Cavaye, Jesse Eisenberg, Nicole Garcia, Mikel Gurrea, Amanda Kernell, Pablo Larrain, Mike Leigh, Gabriel Martins, Hans Petter Moland, Benjamin Naishtat, Javier Ruiz Caldera, YeÅŸim UstaoÄŸlu eta Akin zuzendarien film berriak, eta baita Ah Biaoren, Maha Haradaren eta Tony Vahlenen lehen lanak ere.
Ezinezko maitasun istorio bat
Farasha eta Farisen arteko maitasun istorioa kontatzen du Geister filmak. Hogei urteko gazteek graduazio festan ezagutu dute elkar, eta «begirada bat» nahikoa izango da, Zinemaldiaren antolatzaileek zabaldu duten oharraren arabera, «guztia aldatzeko». Farasha hil egingo da, ordea, gau horretan bertan, eta, Farisengandik bereizi nahi ez duenez, bi munduen —bizitzaren eta heriotzaren— arteko muga zeharkatzeko modu bat asmatuko du. Berrogei egunez eta berrogei gauez, ametsen bitartez, Farisekin elkartzeko aukera izango du. Bien arteko maitasuna handituz joango da, azken gauera arte.
Akin da, Zinemaldiaren antolatzaileen arabera, «nazioartean ezagunenak diren zinemagile alemanetako bat». Gegen die Wand (2004) filmak Urrezko Hartza irabazi zuen Berlingo zinema jaialdian, eta horrek «oihartzun handia» eman zion zuzendariari. Canneseko jaialdian gidoi onenaren saria jaso zuen Auf der anderen Seite (2007) lanagatik, eta Epaimahaiaren Sari Berezia, geroago, Veneziako Mostran, Soul Kitchen (2009) pelikulagatik.
Beste hainbat lan ere zuzendu ditu gidoilari, ekoizle eta aktore horrek. Besteak beste, The Cut (2014) —Veneziako jaialdian estreinatu zen—, Aus dem Nichts (2017) —Cannesen Diane Krugerri emakumezko aktore onenaren saria eman zioten hari esker— eta Der Goldene Handschuh (2019) —ingelesez besteko film onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen—.