Liburu aurrerapena

Fauna

Iñigo Satrustegik datorren astean aurkeztuko du bere nobela berria: 'Fauna'. Hau lehen kapituluaren aurrerapen bat da.

Liburuaren azaleko irudia. JINTA HIRAYAMA
Liburuaren azaleko irudia. JINTA HIRAYAMA
Iñigo Satrustegi.
2026ko azaroaren 13a
04:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zarata bat zarata isil baten gainean. Autobusaren motor-hotsak geruza lodi bat gehiago, nonbaitera helduko ziren, belarriez harago. Martinek bakarrik entzuten ahal zituen, ez zuen ematen beste inor kezkaturik zegoenik. Bareegi zeuden bidaiariak. Tentsio kinada bat giharretara sentitzen zuen berak, erne. Dosiak artean efektua egiten zion: nekea bekainetan, azazkaletan, masailetan. Ajeak eta mozkorraldiak hor nonbait topo egin zuten bere gogoaren bidegurutzeren batean. Eta, hala ere, indar guztiak biltzeko ahaleginetan ari zen, heldulekuari behar bezala eusteko, horrek lagunduko balu bezala.

Zarata metaliko bat, zerbaitek lurra kolpatzen zuela: pieza bat, beharbada jada fabrikatzen ez dutena, ekialdetik bidaltzen duten horietakoa, asfaltoaren kontra. Eta gurpilen txirristak. Konpasatzen ziren bi zarata haiek, hau organikoagoa, ordea.

Larrialdi irteerako seinalea salbu, dena zen urdina une horretan. Seinaleak adierazten zuen pertsonatxo bat garretatik ihesi, atea zeharkatzen. Haiek bezalaxe. Ilustrazioa berdea eta horia zen. Gainerako guztia, urdina: guardiako zaintzaileen uniformeak eta autobusaren barruko argi arina, bidaiari guztiak blaitzen zituena. Gauaren kolore artifizial horren azpian, gainerako pazienteak ez aztoratzeko lanetan ari ziren zaindariak. Eskua sorbaldan jartzen zieten, eta laztanak egiten kalparretan. Haietako asko seko erori ziren autobusean igo bezain laster. Goizaldeko zer ordu zen? Hirurak? Laurak? Lotarako ordua zuten.

Zerbaitek autobus hura bidetik aterako zuen irudipen ziurrari gehitzen zitzaion besteenganako kezka. Ongi egongo ote ziren Saioa eta Olleta. Non zegoen Berni, ez zuen autobusera igotzen ikusi. Kurba bat ezkerrera, diagnostiko guztiak eskuinera. Frenazo bat zedan, eta makurtzen ziren denak apur bat, erreberentzia bat eginez. Beste autobusetan egongo ziren. Martinek eusten zien aurreko eserlekuaren heldulekuei, plastikozko kirtenek izerdiarekin ihes egin ez ziezaioten. Ez zen akordatzen noiz moztu zituen azkazalak azkenengoz.

Alferrik begiratzen zuen kanpoaldera. Leihoa barrukoaren ispilu bat baino ez zen: sastrakek, errepideek eta haitzek behar zuten tokian, pasilloaren beste aldeko bi paziente baino ez zituen ikusten, lo hartuta. Dena zen iluntasun, baina aldiro-aldiro seinale zuri-gorriren bat pasatzen uzten zuten: irten zirenetik 19 baliza. Kontuz, behiak. Distantziak eta abiadurak zifratara ekarriak. 35 baliza. Harriek errepidea oztopa dezakete. Kotxe bat bera ere ez zuten gurutzatu. Hiru autobusetan lehena zen haiena. Atzerago egongo ziren beste biak. Han izango zituen lagunak. Hala pentsatu nahi zuen. Lortu zutela garaiz ebakuatzea. Eta buelta ilunera tarte baterako. 52 baliza: horietako bat lurrera eroria, beste hiru, besteak baino nabarmen berriagoak.

Uste baino azkarrago zabaltzen ari da sutea, esango zien agenteren batek Zentroan jaso zuten dei hartan, Zentroa hustu beharra dago. Ez zuen gogoan nola iritsi zen autobuseraino. Alarmarik jo ote zuten edo alarmarik ba ote zen ere ez. Eskaileretan behera zihoala kanpoko fokuen argiarekin akordatzen zela esango luke. Ez zekien gelako atea zalapartaka ireki eta Benga, tira, goazen oihukatu zieten, edo, kontrara, goxo-goxo joan zitzaizkien belarriz belarri xuxurlatzen, ezer larririk gertatuko ez balitz bezala. Entzun zuen, agian, Bagoaz, jantzi eta bagoaz, esateko modu jakin batean, baina ez luke lepoa emango, beste noizbaiteko oroitzapen bat izan zitekeelako. Ardura bakarra zuen, ordea. Berni. Harekin ahazteko eta atzean uzteko kapazitatearekin harrituta zegoen Martin. Orain nora bidean ziren ez zekiela gogoratu zen harekin. Nahikoa izan zuen egoera hura ulertzearekin. Oso azkar gertatu zen dena.

Iritsi zen egunean ebakuazio plana azaldu zioten. Konbentzio hutsa, azpimarratu zuten, eta zehaztapenetan sartu gabe ulertu ez zituen planoetako irudiak pasatzen joan ziren. Eskolan ere egiten zituzten simulakroak. Azken urteetarako ikasi egin zuten zein egunetan izango zen: abenduko oporren aurreko azken eskola egunean, jolas-orduaren aurretik. Azkar egiten diren gauzak dira halakoak, inork ez baitu uste emandako jarraibideak segitu beharko dituenik inoiz. Jakin izatera, arreta handiagoa jarriko zuen ordena eta lasaitasuna agintzen zuten paper haietan. Baina erdizka lo eta erdizka nahasirik Ba, ba, ba, azkar.

Lau egun igaro ziren lehen ke-tximiniak ikusi zituztenetik, eta artean ez zuten garrak kontrolatzea lortu. Lau egun haietan Han ez zen beste gairik. Albistegi nazionaletara ere iritsi zen, eta Martinek pentsatu zuen gaueko irratsaioren batean primizia ematen ariko zirela: Zoroetxe bat sutan… Lau egunez arriskua gero eta gertuago, eta azkenerako gauez atera zituzten Zentrotik. Ez zioten suteari behar besteko garrantzirik eman edo, bestela inor ez zen haiekin oroitu ordu txikietara arte. Bitartean, sutearen berri izateko deitzen zuten senideei lasaitasun mezuak ematen zizkietela. Dena kontrolpean. Zer esango zieten orduan, goizeko hiruretan, lauretan atera zituztenean. Ordu txikitan albiste onik ez da.

'FAUNA'

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA