68 urte zituela hil da Felipe Gutierrez, Felipe Lipe gisa ezaguna. Tequila taldearen sortzailea eta kidea izan zen. Bost lagun aritu ziren taldean: Ariel Rot (gitarra), Alejo Stivel (ahotsa), Julian Infante (gitarra), Manolo Iglesias (bateria) eta Felipe Lipe bera (baxua).
Rotek eman du heriotzaren berri, sare sozialetara igo duen argitalpen batean: «Oraintxe jakin dut Felipe Lipe, Tequilaren funtsezko kide eta sortzailea, hil egin dela. Concepcion auzoko [Madril] estudio batzuetan grabatzen ari naiz, eta han urteak eman genituen entseatzen eta bizimodua nolabait ateratzen. Felipe, Julian, Manolo, a zer tristura».
1976an sortu zuten Tequila, Alejo Stivel eta Ariel Rot argentinarrak Madrilera heldu zirenean beren herrialdeko estatu kolpetik ihesi. Taldea sei urtez aritu zen, 1983ra arte, eta urte haietan zehar lau disko argitaratu zituzten: Matrícula de honor (1978), Rock and Roll (1979), Viva Tequila (1980) eta Confidencial (1981). Salta edota Rock and Roll en la plaza del pueblo abestiei esker sona handia lortu zuten.
2008tik 2009ra, Tequilako kideak elkartu egin ziren berriz ere, Gutierrez izan ezik. Aurreko kideez gain beste lau batu ziren taldera: Josu Gartzia, Mac Hernandez, Daniel Griffin eta Mauro Mietta. 2018an Rotek eta Stivelek agur bira bat egin zuten, baita Superlopez filmerako abesti bat grabatu ere. 2020an Tequilak bere azken sei kontzertuak eskaini zituen, horietariko bat Bilbon. 2021eko irailean izan zen azken kontzertua, Madrilen.
Gaur egun, Rot eta Stivel dira Tequilaren jatorrizko kideen artetik bizirik geratzen diren bakarrak, Iglesias eta Infante hiesaren ondorioz zendu baitziren, bata 1994an eta bestea 2000. urtean.