Femias kolektiboaren 'Ahotsak AA(r)entzat' proiektuak irabazi du Loraldiaren Sormen Digitaleko Beka

Adimen artifiziala «heztea» helburu duen instalazio bat da, «jolas kreatibo bat». Epaimahaiak nabarmendu du lanak «mugarri bat» jartzen duela euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan.

Femias kolektiboko kideak. LORALDIA
Femias kolektiboko kideak. LORALDIA
itziar ugarte irizar
2025eko azaroaren 11
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arteak, teknologia eta feminismoa uztartzen ditu Femias kolektiboak, eta Ahotsak AA(r)entzat proiektuarekin irabazi du Loraldiaren Sormen Digitaleko Beka. Instalazio interaktibo bat da proiektua, «jolas kreatibo bat», adimen artifizalak gidatutako makina bat izango duena protagonista. Ideia honako hau da: instalaziora joaten direnek elkarrizketa bat izango dute makinarekin, galdera honen inguruan: zer den euskal nortasuna haientzat, zer euskal kultura. Elkarrizketa horien bidez, AAk euskal izaeraren inguruan duen ulermena eguneratuko du, aldez aurretik bildutako aurreiritziak eta kontakizunak auzitan jarri, eta, bide batez, AAren inguruko begirada kritiko bat ere sustatuko du proiektuak. Lana garatzeko, 10.000 euroko saria jaso du orain Femias kolektiboak, eta 2027ko Loraldian aurkeztuko dute emaitza.

Beka nori eman ebatzi duen epaimahaiak proposamenaren izaera «berritzailea, kritikoa eta parte hartzailea» nabarmendu du, eta proiektuak euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan «mugarri bat» jartzen duela ere aipatu du. «Ahotsak AA(r)entzat proiektuak ezin hobeto islatzen du bekaren espiritua: diziplinak nahastea, ikuspegi berriak eskaintzea eta euskara abangoardiako kultur adierazpenen erdigunean kokatzea», adierazi dute ohar bidez.

Laugarren aldia

Loraldiak Sormen Digitaleko Beka banatzen duen laugarren urtea da aurtengoa. Lehen aldian, EHUko irakasle talde batek —Josu Rekalde, Katixa Agirre, Enrike Hurtado, Izarne Oiarzabal eta Patxi Azpillagak— sortutako Gorputza atzean utzi proiektua izan zen saritua, eta 2024ko martxoan aurkeztu zuten emaitza. Hurrengo urtean, Hitzaurrea proiektuak irabazi zuen deialdia, Piszifaktoriak eta Fikzio Fabrikak garatutako soinu esperientziak; eta iaz, berriz, #Mauriziakezdauinorhil kolektiboaren AppaMaurizia proiektua gailendu zen. Errealitate birtualeko proiektua da, teknologia berritzailea eta euskal folklorearen kultur ondarea uztartzen dituena. Ines Osinaga eta Lorea Argarate ari dira hura gidatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.